NI, orain bizi geran etxera etorritako urtean, milla bederatzireun eta ogeitabederatzian, bide-konpontze lanak egin ziranean, sortu zitzaigun beste lan bat ballara ontan, nik uste, malobra bera baiño gogorragoa oraindik. Baiña lan ari ezin zezaiokeen esan malobra, “buenaobra” baizik.
Auzo ontan etzan etxeetan urik artean; Altza-ko baserrietan ba omen zan ordurako. Baiña gure auzoko gizon bat kontzejal jarri zan, Garrostegi-ko Agustin Garmendia, amerikanoa, ain zuzen.
Arek itzegin zuan aiuntamentuan, nunbait, ballara au urik gabe nola zegoan eta jarri ote zitekeen, Altza-ko beste baserrietan bezela. Baiezkoa lortu zuan, baiña baserritarrak egin bearko gendula tuberia jartzeko zanga, eta tuberia jarritakoan, berriz, zanga berdindu. Tuberia jartzeko gastuak, berriz, erdia aiuntamentuak eta beste erdia baserritarrak ordaintzekotan.
Egokiena, Martutene aldetik astea zala, Balardiñe baserriaren ondotik, baiña naiko urruti; kilometro bat bide etzuan asko paltako. Lan asko zegola, baiña konformatu giñan egiteko. Udazken aldean asiko giñala eta ea negurako jartzeko modua egiten genduan.
Baserrietako emakumeak ziran geien animatu ziranak lan ari ekiteko. Lenbailen egin bear zala esaten zuten. Izan ere, aspertuak baizeuden erropa garbitzera ibaira joaten.
Aparte dago, gañera, emendik ibaia.
|
Makiña bat lan egin genduan pikatxoi, pala eta atxurrez, baiña jendea kontentu zan sukaldean ura jarri genduanean. Eguberrietako bukatu zan eta Eguberri jaiak alai pasatu genituan, nork bere etxeetan. Ez det uste geiago iñor joan zanik ibaira erropak garbitzera auzo ontatik. Etxe atarian ganaduak edateko eta erropak garbitzeko askak egin ziran, eta kontentu emakumeak.
Ez dakit zenbat, baiña urte askotan aritu ziran ala, labadorak etorri arte; eta kontu auek orain dala irurogeitasei urtekoak diranez, kontuak atera baserrietara noiz sartu zan labadora...
Oso ondo etorri zitzaion emakumeari makina orren laguntza, bera lanean ari dan bitartean beste edozer egin lezake-ta. Esan liteke bi lan batean egiten dituala.
Nik esango nuke, orain, baserrietan beintzat, askoz txukunago jantzita ibiltzen dala jendea, eta iñora dijoazenean, kaletarrak bezin ondo jantziak, gizasemeak, eta emakumeak, zer esanik ez. Zein diran baserritarrak eta zein kaletarrak ez da errez ezagutzen. Gauzak erruz aldatu dira orain irurogei edo irurogeitamar urtetik onera. Alde aundia dago ordutik onera, baiña ala ere, oraindik obetoago ikusi nai, batez ere gaurko gazte jendeak.
Gure denboran gertatuak eta ikusiak, esan-da ere, ezin sinistu dituzte, baiña guk aiña gorabera ezagutu bear badute, izango dute zer esana zartzarora allaitzean oiek ere.
|