|
Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz
Ainbat maile duan bost urtean sei ume egindako beiarekin.
Ezagun du, bai, ganadu maitalea dala.
|
KONPADRIKO kontuak eta gora-berak jarri ditut, eta orain ganaduakin neroni gertatu eta ikusitako batzuk jartzera noa. Baserritarren bizitza, izan ere, ganadu artean joaten da, neurri aundi batean, eta ez da arritzekoa gauza onak, eta txarrak ere, gertatzea.
Lenengoa Goierrian gertatu zitzaidan mutil koskorra nintzala. Tamalgarria benetan neri pasatakoa. Nere bizitza guztian gogoan izateko modukoa.
Garai aietan, baserri geienetan bezela, beiak larrean ibiltzen genituan guk ere udaberrian eta udazkenean. Baiņa, jakiņa, nork berean, besteren terrenora joan gabe; eta orduan, nola etzan itxiturik gaur bezela, norbaitek zaindu egin bear ganadua.
Udazkena zan eta bei-kontu nenbillen. Beiak belardian zaindu bear nituan. Ondoan sagastia zan, eta beiak ara joatea galeraztea zan nere egitekoa. Baiņa auzoko nere kide bat, beste mutil bat, ura ere bei zai ni bezela, eta biok antxe kontu-kontari.
Berriketan ari giņala, konturatu gabe, an joan ziran nere beiak sagastira. Sagarra asko zegoan lurrean erorita, eta, gustokoa dutenez, an asi ziran sagarra jan-da-jan.
Korrika ekin nion eta beiak artu nituan aurrean, baiņa an ziran komeriak: sagarra gelditu zitzaion eztarrian bei bati. Bereala igerri nion zer zan. Aotik aparra zeriola asi zan.
Larrialdi artan beiarekin etxera joan nintzan, baiņa beia aizetuta, puztuta zegoan etxera irixterako, ta etxe atarian erori zan lurrera. An etzegoan ezer egiterik. Ta alperrik ziran nere damuak eta penak.
Orrelakoetan egin oi zan bezela, ermandadeko gizonai abixatu, zer gertatu zan esan, eta iņolako gaitzik ez eta aragi ona zeukanez, ermandadekoen artean partitu.
Ala bukatu zan egin nuan okerra, bizi naizen arte aaztuko etzaidana.
* * *
Beste kaso au eta ondorengoak, emen, Goierri-tik etorri ta gero paseak dira.
Guk urte askoan eraman genduan esnea auzoko Uba komentura. Berrogeitamar bat urtean bai. Une batean, ordea, an bear zan ainbat esne ez sortzen etxean, eta auzoko beste baserri batetik ekarri bear erosita, osatuko bazan.
Baiņa bitartean, umea egiteko punta-puntan eduki bei bat etxean, eta pozik umea egindakoan naiko esnea izango genduala pentsatuta. Beiak umea noiz egingo zai, beraz.
Etorri zan umea egiteko ordua, eta beiak umea ezin egin. Gauz onik etzala ikusitakoan, auzoan bazan beterinarioaren ordez beiari umea kentzen ibiltzen zan gizon bat, eta beragana jo genduan. Olako kaso asko ikusia zan gizon ura.
Abixatuta etorri zan, miatu zuan beia, eta esan zigun:
Txekorra oker dauka, eta zuzentzen lan txarrak emango dizkigu.
Animo ederra eman zigun! Ederki kostata, baiņa azkenean, zuzendu eta kendu genion txekorra, baiņa illa jaio zan. Orduan esan zigun:
Kontu izan bei onekin. Egosi eta eman pasmo-belarraren ura segituan.
Eman genion agindu bezela, baiņa andik bi ordurako il zan gure bei gaxua.
|
Orra gure pozak eta usteak pikutara joan...!
Txekorrak ankarekin umetokia edo zerbait zulatua izango zuala seguru asko esan zigun gizon arek, eta ala gertatu zan. Altza-ko konpadrian geunden gu garai artan, eta arakiņa ekarri, larrutu eta puskatu ondoren, konpadrikoen artean banatu zan. Bei aiundia eta gizena zanez aragi mordo ederra zeukan.
Ez bei eta ez esne gelditu giņanean, bei berria erosi bear, eta dirua palta. Dirurik gabe, berriz, zer egin? Norengana jo?
Altza-n bazan, ordea, tratante on bat Merkader baserrian bizi zana. Lendik alkar ezagutzen genduan, eta zer gertatu zitzaigun esan nionean, esan zidan:
Etorri zaitez gure etxera eta nik emango dizut bei on bat, eta pagatuko didazu diruz osatzen zeranean. Esnea erosten etzaitez aritu.
Ala, urrengo egunean joan nintzan eta oso bei ona ekarri nuan. Egunean ogei litro esne paseak ematen zizkigun, eta parrokirako bear zan esnea osatu ezezik, sobratu egiten zitzaigun.
Orra, tratante on ura zala medio, gure penak eta naigabeak gozatzeko modua egin. A ze nolako mesedea gizon arek guri egin ziguna!
* * *
Orain datorren gertaera au ez da aspaldikoa, orain dala zazpi bat urte gertatua gure etxean.
Sekula gertatzen ez dana bein gertatzen omen da. Guk ala esango degu, beintzat.
Etxean jaiotako bigantxa zan aurrerako utzia, eta oizkoa edo normala danez, bi urte inguru zituala egin zuan lenengo umea. Oso gazterik bear bada.
Andik urte ta erdira, bigarren umealdian, bixkiak egin zituan, oso txekor onak ganera. Gero, urte ta erdira edo, bixkiak berriz ere; aiek ere normalak.
Eta andik denbora beretsura, beste txekor bat, laugarren umealdian, beiak, gutxi gora-bera bost urte zituala. Sei ume, beraz, bost urtean.
Orrelakoak geiago ere gertatuko ziran, noski, baiņa gure etxean nik ez nuan ezagutu orrelakorik.
Oraindik etxean dago beia, eta arro aritzen naiz esaten askori, bost urtean sei ume egindako beia dala. Motiboak baditut nere ustez, ez da ala?
Ni beti izandu naiz ganadu maite oietakoa, baiņa ez dakit maite ote degun merezi ainbeste.
* * *
Bukatzeko, beste kasu au jarriko det. Orrelakorik ikusi gabea nintzan etxean.
Au gertatu zala badira zortzi urte. Txekor zazpiki bat jaio zitzaigun, eta ori ez da arritzekoa, asko jaiotzen dira-ta.
Baiņa ain txikirik nik ez det ezagutu. Arkumea zirudien. Ez genduan uste bizirik irtengo zanik...
Txikia izanagatik, sanoa izan, nunbait; eta aur baten gisan, esnea emanez, ederki kostata, aurrera atera genduan.
Txekor zazpiki ura gai artuta, bertsoak jarri zituan gure semeak, Joxe-k. Eta bertso batzuk jarrita, uste det, naiko kontuak badirala baserri batean gertatuak izateko.
|
Au da txekor zazpikia, polita bezain txikia; biberoiari esker bizirik ateratakoa.
|
Beiak umea laister
egingo omen du,
aitonak esan du,
zer gerta ere iņor
ez bedi aldendu.
Une larri aietan
nola ez lagundu!
Aurreratua dator
ez dabil berandu,
egiten asi eta
ederra egin du!
|
Beiak egindakoa
zala nola esan?
Ain txikia bait zan;
ao-zulotik aize
arnasa ar zezan.
Bere onera azkar
asko etorri zan;
txikia izan arren
osasuna izan,
andik ordubetera
zutikan jarri zan!
|
Aitona txoraturik
dago berarekin,
eta zaintzen jakin,
ondo konpontzen dira
biak elkarrekin.
Ikusten duanean
biberoiarekin,
saltoka beregana,
giro da arekin!
Ez du ezer jakin nai
beste iņorekin!
|
|