Galdutako beste zenbait oitura


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Galdutako beste zenbait oitura

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Galdutako beste zenbait oitura



BEAR bada, erabat etziran galduko oraindik; baserrietan zar-jendeak eutsi naiko dio bizi dan arte. Baiña nik esango nuke, oitura zaar geienak utzi edo galdu ditugula baserritarrak ere.

Ni Goierrian bizitu nintzan garai artan, Erremu egunean, erremu makilla aundiak eramaten ziran elizara bedeinkatzera.

Gero, bedeinkatuta etxera eramandakoan, makilla aiek puskatu eta gurutzeak egiten zituzten baserrietan. Etxeko sarrerako atean josten zituzten gurutzeak ur bedeinkatuan bustita. Leioetan ere jartzen ziran gurutze txiki oietakoak. Gure aita bizi zan artean uste det segitu zuala oitura arek gure jaiotetxean.

Gari-soroan ere jartzen zituan arek gurutzeak, makilla baten puntan josita. Makilla ura lurrean ondo sartu, eta an egoten zan garia ebakitzera joan arte.

* * *



Goierrian, gure etxean, sekula etzan paltako ur bedeinkaturik orduan. Orduko etxekoandreak an edukiko zuten, jasota, armarioren batean, botillan izena jarrita.

Ur bedeinkatu ontzi txiki batzuk ere baziran oiaren buru parean zintzilik jartzeko, ur bedeinkatuz beteta, oean sartzerako beatzak an busti eta Gurutze Santua eta Aitaren egiteko.

Ez dakit, baiña, oraindik baliteke zenbait baserri zaarretan ur bedeinkatu ontzi aiek izatea. Garai aietan, baserrietan beintzat, ez det uste ur bedeinkaturik paltako zanik.

Nik entzun izan det, aurren bat jaiotzean ikusten bazan oso debilla zala, eta iltzeko beldurra zutela, aur ura edozeiñek bataiatu zezakela, ur bedeinkatuaz burua busti ta esanez: “Aur au nik bataiatzen det Aitaren, Semearen eta Espintu Santuaren izenean”. Eta Aitagurea eta Kredoa esan eta aur ura iltzen bazan, Zerura joango zala. Ondo ateratzen bazan, eta gauza zanean, eramango zuten elizara dudarik gabe. Gauza auek txorakeriak izango dira askorentzat, baiña egiak dira, eta serio artzekoak, nere ustez.

Oraindik segitzen diot nik oitura orri. Ur bedeinkatua beti edukitzen det nere koartoan, ur bedeinkatu ontzirik ez det baiña.

* * *



Gaztea nintzala, gogoratzen naiz nola joaten giñan elizara Pazko larunbatean, ur bedeinkatua eta su berria ekartzera. Botilla ur bedeinkatuz betetzen genduan, eta su berria edo su bedeinkatua nola ekartzen zan orain esango det.

Ordubete bear zan gure etxetik elizara buelta egiteko, baiña bazan ardagaia esaten zitzaion gauz bat. Arbola edo zuaitzetan sortzen da, eta orain ere aurkitu liteke gure basoko Perretxikuaren tankera du ardagaiak, untoaren antza du, eta arbolan ondo peatuta egoten da, tronkoan geienetan. Arbolan kentzean busti-samarra egoten da, umedadea edukitzen du, baiña, ganbaran zintzilik jarrita, bereala sekatzen da. Igartuta bezela, arin-arin gelditzen da gañera.

Ondo sekatutakoan oso errez artzen du sua ardagaiak, eta alako puska batekin joaten giñan elizara, su berriaren billa. Bein sua artu ezkero, arek etzuan itzali beldurrik izaten, bustitzen ezpazan beintzat.

Etxera irixten giñanean, amak, ur bedeinkatuarekin Aitaren eginda, botatzen zuan ardagaia sutara, eta kontentu gelditzen zan. Orra, orduko oiturak nola izaten ziran.

* * *



Au nik ez dakit, baiña, oitura baiño geiago, bearra izango zan. Parranda kutsua ere badu onek.

Gaintza-n, gure jaioterrian, taberna bakarra zan. Ostatua eta erriko-etxea edo aiuntamentua denak batera. An, maiztarra, taberneroa izaten zan, da bertan bizi zan familiarekin.

Tabernako etorria pixka zan-da beste zerbait egin bear familia mantentzeko. Laborea bastante egiten zuan, artoa, babarruna eta abar. Bei pare bat ere edukitzen zuan, ederra, gaiñera.

Ostatua erriarena zan-da, maizterrak bazuan eginbear berezi bat. Erriko baserri bakoitzetik, urtean sorta bat lasto edo gari-bala eraman bear zuan ostaturako. Bala, garia arri zabal baten kontra jota, garia jaulki ondoren gelditzen dan lasto-mordoska da. Goierrian bala deitzen genion. Emen, berriz, balkotia. Bi eskukada gari lotuta egiten da.

Biltzen zuan gari-lastoa ganaduantzat zan geiena. Baiña beste zerbaitetako ere erabiltzen zan: gau illunetan tabernatik etxera joateko berandutzen bazan -orregatik esan det parrandakin zerikusia dula- beste argirik etzua nari ondo etortzen zitzaion bidean argi egiteko.

Ortarako, gari-bala estu-estu lotu eta su ematen zitzaion muturrean. Ez dirudi, baiña denbora askoan irauten du. Eta argi ona egin gaiñera.

Gure etxea erritik urruti zan-da, bala batekin etzan naikoa. Baiña erremedio erreza zuan: bi artu, eta bat erretzean, piztu bestea, eta aurrera! Bearra bezelakorik ez da gauzak asmatzeko eta apurotik ateratzeko.

* * *

Ardagaiaren gañean kontu bat badet ondo gogoan artua. Ni oso gaztea nintzala, gure etxetik urruti gabe, artzai bat zebillen. Gizon edadekoa zan; naiko zaarra, obeto esateko.

Neri, berriz, ardiak asko gustatzen zitzaizkidan-eta, berarengana joan nintzan. Artzaia iztuna izan, eta izketako laguna nai, nunbait, eta esan zidan:

Zer abil emen, mutiko? Ardiak gustatzen, ala?

Bai, asko gañera. Arkumeak eta aaria ere bai, bere adar aundiakin.

Ala asi giñan izketan, eta, kontu-kontari ari giñala, zigarroa egin zuan artzai zaarrak, eta:

Ikusiko dek orain nola piztuko dedan zigarroa...

Eta ni begira nengoala atera zituan poltsikotik labana aundi-samarra, arri koskorra eta ardagai puska bat. Arriaren kontra jarri zuan ardagaia eta labanaren atzearekin arri puskari txispa ateratzen zion, eta ardagaiak su artu zuan, eta arekin piztu zigarroa. Errez asko piztu gañera, eta esan zidan:

Ikusi al dek beiñere olakorik?

Ez, ez det sekula ikusi, -esan nion. Mutil koskorra izan artean eta, ni bai arritu ikusitakoarekin! Zaldibi-koa zan artzai ura, Arruarte baserrikoa.

Gauean esan nien etxean aita eta anaiei nola ikusi nuan Arruarte-ko artzaia zigarroa pizten eta esan zidaten:

Bai, len orrela pizten omen ziteken zigarroa artzai geienak, txiskeroa sortu zan arte.

Ortako su-arria bear dik, eta ardagaia ondo igartutakoa. Aiek nik baiño geiago zekiten gauza orren berri.

Su-arria nunbait bazan, eta bada orain ere, txiskero denak arri klase ori bear dute txispa ateratzeko, eta gaurko egunean erretzalle denak txiskeroarekin ikusten dira-ta.

Guk, gaztetan ezagutu genituan txiskeroak denbora askoan iraun zuten. Metxa berezia zutenak ziran, eta sua azkar artzen zuan txisparekin. Pospoloa baiño obeagoa zan aizearekin ere. Baserrietan txiskero ura erabiltzen zan, zigarro erretzalle asko zalako baserritarren artean.

* * *



Gure familian bertan ere, aita eta iru anai zarrenak erretzalleak ziran, baiña tabakoa etxean egiten genduan, eta andik erretzen zuten askotan.

Igandean, mezetara joatean, dirurik baldin bazuten, erosiko zuten, jaietan eta perira edo beste norabaitera joandakoan erretzeko. Ala konpontzen ziran orduan, gureak beintzat.

Garai aietan, izan ere, etzan zigarro egindakorik ibiltzen, baserrietan batipat. Tabakoa izaten zan paketetan; ebra esaten zioten pakete ari. Zigarroa norberak egin bear, erreko bazuan. Zigarro papera izango zuten askok, eta etzuanak, arto txurikiñarekin egin, eta aurrera.

Tabakoa eramateko larruzko poltsa jakiñak erabiltzen zituzten patrikan; petaka deitzen zioten poltsa ari.

Ezagutu genduan tabakoa txikitu gabea ere, tabako ostoarekin egindakoa. Sortatxoak izaten ziran, eta librako sorta esaten zitzaion, baiña aiek txikitu egin bear, ondo erreko bazan. Ala ere, esaten zuten txikitua baiño askoz merkeagoa ateratzen zala.

Txikitzeak lan bastante ematen zioten, baiña artarako artzen zuten denbora. Tabakoa izateak ematen zioten lanik geiena.

Nere lagun bati, Gaintza bertakoa, entzun nion bein: “Gure aitak esaten dik zigarroa egitea, deskantsatzea dala beretzat, bestela gelditu gabe lanean aritu bearko lukela-ta”. Zigarro erretzalle izugarria zan, baiña oso edade aundiarekin il zan. Arek bazituan larogeitamabost urte gutxienez il zanean. Gizon jator oietakoa zan, eta umore onekoa gañera.

* * *



Asko itzegiten da erretzeak gaitz txarrak sortzen ditula eta abar. Onik ez du egingo, noski, ori bixtan dago. Baiña nik entzun izan diot idazle bati, asko idatzia bere denboran, eta oraindik jarraitzen du, larogei bat urte izan arren:

-Nik ezin diot utzi zigarroa erretzeari. Neri bentaja egiten didala iruditzen zait, askotan. Idazten ari naizenean, aspertuta bezela gelditzen naizenean, zigarro bat erreta askoz errezago etortzen zaizkit burura jarri nai ditudan gauzak. Idazten saioa egin eta berriz zigarroa erre. Orrela idazten det.

Aurrekoak esaten zuten, tabakoak duan bentaja bakarra, kalterik ez egitea zala. Baiña bentajik ez, eta kalte egiten du, eta ez txikia gañera, sendagilleak diotenez. Nik dakidana auxe da: aita ez, baiña gure iru anai zarrenak, erretzalleak, gazterik joan zirala.

Gu gazteak giñala etzan emakumezkorik ikusten zigarroa erretzen. Gerra ondorean, nik uste, asiko ziran erretzen. Aurrenean arrituta gelditzen giñan emakumeak ala ikusita, baiña gaur egun ez gera batere arritzen; oitu gera ederki. Izan ere, ainbeste ikusten da, eta dotore asko gañera!

Nik uste, aspaldiko zigarro erretzalle aiek bezela, zigarroa berak egin bear balute, ez litzakela ainbeste erreko gaur egunean.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org