EMEN bazan beste oitura bat iņor iltzen zanean egiten zana: abisoketa esaten zitzaion. Bi edo iru lagun ibiltzen ziran baserriz-baserri eguerdian edo arratsaldean; geienetan arratsaldetan. Ni neroni ere ibillia naiz bastante aldiz.
Abixua ematerakoan esan oi zan: ze ordutan il zan, gorputza noiz jasoko zan eta illeta edo entiarrua noiz izango zan.
Abisatzalle bakoitzak bere ballara izaten zuan eta itzegin egiten zuten, irten aurretik, bakoitzak nundik nora ibili bear zuan, eta lanak bukatutakoan nun bildu bear zuten jakiteko.
Alkarrengana bildutakoan erabakitzen zuten ze ordutan joan apaltzera ildakoaren etxera, gaua bertan pasatzeko urrengo goizerarte. Oitura arek iraun zuan bastante denboran. Goierrian etzan orrelako oiturarik, bestela moldatzen zan jendea nolabait.
Goizean, berriz, gorputza, bere orduan, lau lagun sasoikoak, alturan berdintsuak ziranak, artu bizkarrean eta elizara. Meza edo entiarrua bukatutakoan gorputza artu berriz, eta kanposantura.
Altza-n bazan angailla esaten zitzaiona gorputza eramateko eta ondo etortzen zan. Bizkarrean artzeko lau kertenekin egindako armazoia zan. Kaja aren gaņean jarri eta, naiz karga geiago, erosoago eramaten zan gorputza.
Alza partean, beste tokitan ere bai, noski, bide askoan eraman bear izaten zan batzutan gorputza. Eta orregatik, gu bizi geran ballarakoa bazan beintzat, Bustin-Txulo zaneko baserriaren aurrean, maia jartzen zuten atsedena artzeko.
Gorputza mai gaņean utzi eta apaiz jaunak Aitagurea edo bere errezoak egindakoan berriz artu eta, Merkader-en egiten zan urrengo geldialdia; an ere errezo berdiņak.
Orain illeta elizkizuna esaten da, baiņa guk entiarrua esaten genion, Altza-n beintzat, gorputza aurrean zala ospatzen zan mezari.
* * *
|
Beste au ere ezagutu genduan, entiarrua asi aurretik, beti ez baiņa askotan, bi meza ematen ziran, batera, aldameneko bi aldaretan. Ze entiarro klase zan izaten zala uste det, aurretik mezak edo meza gabe. Meza aiei atienpoko mezak deitzen zitzaien; baiņa aspaldi galdu zan oitura ura.
Entiarrua asko luzatzen zan meza aiek zirala-ta. Bestela ere gaur egunekoak baiņo luzeagoak izaten ziran orduko entiarruak. Orain laburragoak egiten dira eta jende geiago joaten da, nere ustez.
Garai aietan entiarro geienak goizeko amarretan izaten ziran, baiņa orain dala urte batzuk asi ziran arratsaldean edo illunabarrean egiten. Langille jendearentzat obeto etortzen dalako edo izango da; eta orregatik joango da, igoal, len baiņo askoz jende geiago.
* * *
Bazan beste oitura xelebre bat entiarro ondoren egiten zana: amaiketakoa debalde ematen zuan ildakoaren familiak.
Ni ez nintzan beiņere gelditu izan amaiketako ura egiten. Lotsatu egin bear zuan an gelditzeak. Etziran asko izango gelditzen ziranak, baiņa baziran debaldekoa gustatzen zitzaienak orduan ere, esaten zutenez.
Amaiketako kontua aipatuta, ala esan zidan, bein, edade aundiko pertsona batek:
Ni ere gelditu nintzan, egun batean, debaldeko amaiketako ori egiten eta lotsaturik aldegin nuan an ikusi nuanarekin; eta ez nintzala geiago geldituko esan nuan. Ogia, gazta eta ardoa ziran artzeko, baiņa ori asko ez dala, ikusi nuan bat gazta puska ederra patrikan sartzen etxera eramateko ere!
Ni naiko arrituta gelditu nintzan, baiņa neri, arek, egia esango zidan; berak ikusitako kontua zan-da.
Ez da batere pozgarria iņorentzat, baiņa munduan beti izan dira eta izango dira ola moduko pertsonak. Galdu zan oitura ura eta obe gaņera, nere ustetan. Naikoa izango det ontatik.
|