 |
|
 |
 |
|
Joxe Ayerbe
Andik lasterrera, Joxe Migel Maiz Aiako korrikalariak, Lasarteko lasterketa famatua irabazi zuan, eta aurrez ezagutzen nualarik, bertsoak jartzea okurritu zitzaidan. Jarri nituan, eta: "Orain zer? "
Basarri’ren lanak irakurtzen nituan eta ikusi ere bai nola jendeak bertsoak bidaltzen zizkion berak argitaratu zitzan: eta beldurra eta zalantza artean: “Nik ere bidali egin bear zizkiot” esan nuan nereki-ko. Esan eta egin, baita argitaratu ere. Orregatik, leen ere esana naiz,
|
Basarri’k asko lagundu eta animatu nindula, eta orren lekuko, ara emen zer zion 1968-2-15-ko egunkarian:
Lengoan adierazten nizutenez, ,Joxe Migel Maiz’i bertsoa erruz atera dio jendeak. Donosti’ko Antigua’n bost illabetean gaxo arkitzen dan batek, beste ainbaten artean.
Baserritarra dala dio, orain kalean bizi bada ere. “Etxetxo” baserrian morroi egon zan garaian ezagutu omen zun Maiz. Ona emen bere bertso bakar batzuk:
|
1
Ain laisterkari sonatuekin,
botarik beldur da lotsak,
beti aurretik ibili zera,
astinduz orko lokatzak.
Kanpotar oiek izan ez arren
menderatutzen errezak,
indarra nunbait bein da berriro
euskaldunaren arrazak.
|
2
Zenbaitek ainbat erronka gabe
iritxi zera gallena,
beste aldera ikusten degu
gaurko jenderik geiena.
Arrokerian zertan ibili
ixilik egin leikena?
Bear danean azaldutzea
ez al da gauzik onena?
|
3
Laisterkaritzan asiagatik
aukeran zerbait berandu,
berez artako jaioa danak
berekin eramaten du.
Mundu guztiak galdera auxe
orain sarri egiten du:
"zurekin giro etzala gai au
lenago artu bazendu".
|
Etzaitut ezagutzen, baña gaztea izango ote zeran derizkiot.
Dotore moldatu dituzu zeure lore-txortak. Asko eskertuko dizkitzu Joxe Migel jatorrak.
Lenbait’len sendatu, indartu, ta zeure zeregiñetan astea opa dizut biotz erditik.
****
Andik lasterrera, beste bertso batzuk argitaratzearekin batera, Basarri’k, orduko La Voz de España-n onela zion: Aierbe’k, bere kartan adierazten didanez, gero eta zaletasun geiago nabaitzen du bertsoak antolatzeko.
Joxe, bat-batean piztu zaizun zaletasun orri zabaldu ateak. Jarraitu bertso-moldatze lanean. Derizkiozunerako badakizu zerbitzari bat nun daukazun. Aleginduko naiz, tarteka-tarteka zure lanak argitaratzen“.
Besterik ez nuan falta! Bultzaizo uraxe, bertsoak idazten jo ta ke asteko! Buruan ia beste gauzarik ez nuala ibili nintzan bolada batean, eta asko idatzi nuan.
Bide batez, euskera aldetik naiko arlote nenbillelarik, etxetik irteteko gauza izan nintzan bezin pronto, alfabetatze ikastaroa egiten asi nintzan beste batzuekin
|
Antigua’ko Jakintza ikastolan, Agustin Miner erakusle genduelarik. Gogoz asi, gustora joan - bi makuluren laguntzarekin - egunik utsegin gabe eta denboraz nintzan defenditzeko moduan.
****
Berriro diot, Basarri’k, asko lagundu zigun bertso-jartzalleoi. Bera izan ezean, zer egin gure bertsoekin? Ez genduan beste aukerarik izango, seguru asko.
Gero, El Diario Vasco’n idazten asi giñanean ere, bere babesa bear-bearrezkoa genduan dudarik gabe. Aren anparoan gu ere zerbait bagiñan, bestela...
Baiña, betikoa Jainkoa bakarrik danez, Basarri gaxotu zanean eta idazteari utzi zionean etorri ziran, El Diario Vasco’n aldakuntzak eta gure bearrik ezak. Ni artan nago beintzat.
Nolanai ere, Aita Zabala’ren bitartez asi nintzan idazten esandako egunkarian; eta oso gustora idatzi ere. Orregatik eskerrak, berriro, leenengo Aita Zabala’ri, eta baita ere El Diario Vasco’ko zuzendaritzari, aukera ura emateagatik.
Basarri’k milla bederatzireun eta larogeitabederatziko gaxoaldi gogor ura izan zuala jakin nuanean, bertso auek eskeiñi nizkion:
|
1
Uste gabeko berria jaso
gendun aurreko batean,
“Egun batzutan ez du idatziko
Basarri’k GURE ARTEAN.
Ia egunik utsegin gabe
lanean ainbat urtean,
aritu dana berriz ikusi
nai degu gure artean.
|
2
Orritxo onen argitasuna
ez da zurea bakarra,
baiña zu zera argirik geien
egiten duan izarra.
Zugandik jasotako dizdira
guk degun argi pizarra,
beraz, argia izango ba´da
badegu zure bearra.
|
3
Aldakuntza asko izaten ditu
gizonak bere bizitzan,
on eta txarrak, aruntz da onuntz,
beti or gabiltz balantzan.
Bein urte oiek arrapatzean
nola ajerik ez izan?
Gazteagoak ere, Iñaki,
begira nola gabiltzan.
|
4
Leenago ere jasana zera
ez dakit zenbat eraso.
gogortxoena azkeneko au
izango dezu akaso.
Ala ta guztiz, nere aldetik,
itxaropentsu naiz oso,
oraingotikan ere irtengo
bait zera oso airoso.
|
5
Lagun bat gaxo aurkitutzea
ain zaigu gauza mingotza!
Zure gaitz ori izan dedilla
eramankorra ta motza.
Nolanai ere emango dizut
oso agindu zorrotza:
etsipenean erori gabe
jaso ezazu biotza.
|
6
Nik pentsatzen det ez dala txarra
izango zure jarrera,
eta oizko dezun bezela
egingo dezu aurrera.
Udaberria etorri da ta
egin zaiozu arrera,
berriak eman eta kantatuz
kukuarekin batera.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |