Udazkena


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Joxe »  Udazkena

Joxe Ayerbe

Udazkena





Urtearo au ere ez da txarra. Udaberria eta udazkena, ez nuke jakingo zein aukeratu.

Ez daukagu, ordea, aukeratu bearrik: pazientzi apur batekin, bakoitza, bere garaian, zintzo etortzen da, eta joan ere bai. Gaiñera, zer ajola dio ondo joaten bada? Eta, udaberria baiño gutxiago izan ez dedin, bertsoak udazkenari ere:

1
Zergatik ziur ez dakit baiña,
beti edo geienetan,
sosegurikan ez det aurkitzen
udazkeneko gauetan.
Ego-aizea izan bear du
errudun nere ustetan,
lo gutxi eta jira-biraka
ainbeste ordu luzetan,
eta oera sartzean baiño
nekatuago goizetan.
2
Baiña leioa zabaldu eta
kanpora begiratzean,
nekeak eta nagitasunak
gelditzen dira atzean.
Giroa, berriz, ain atsegiña
dagola konturatzean,
alako indar berri bat edo
sentitzen det gorputzean,
da irtenaldi bat egin gabe
nola gelditu etxean...?


3
Zeru-aldea ez dago argi,
tarteka zenbait ostarte,
odei gorrixkak illuntzerako
euria ote dakarte?
Ez du egingo ego-aizeak
agintzen duan bitarte,
baretzen bada, ordea, ez da
izango oso aparte,
ez dezala egin, ni irten eta
etxera itzuli arte.
4
Aldaketarik izan ezean
au da goiz-giro epela,
Eguzki-printzek badirudi gaur
indar geiago dutela.
Mendi-gallurrak bai garbi eta
dizdiratsuak daudela!
Ego-aizeak denak orraztu
egin balitu bezela,
ain txukun eta apaiñak ezin
egon daitezke bestela.


5
Oiñak mugikor biurtzen zaizkit
mendiruntz abiatzeko,
oraindik griña faltarik beintzat
ez daukate ibiltzeko.
Leengo sasoia joana, ordea,
gallurrera igotzeko,
emen urteek agintzen dute
eta ez da arritzeko,
kargik onena bera dalako
arroenak umiltzeko.
6
Sendagilleak: "Zuri etzaizu
orain komeni malkarrik
ibili baiña, berdiñak diran
bide aietan bakarrik.
Ori egiten baldin badezu,
ez da izango okerrik".
Aolku oiek ez daude gaizki
baiña neretzat alperrik,
gauza ez danak, ez egiteko
ez bait du esan bearrik.


7
Leenago berdin ibiltzen nintzan
mendian igo naiz jetxi,
orain ez gora eta ez beera,
berdiñean ere gutxi.
Gauzak onduko diranik ez det
uste biar edo etzi:
aal dana egiten saiatuko naiz
eta ezin dana utzi,
leen egindako aiek kontatuz
obe izango det etsi.
8
Naiz ta nik orain, ala bearrez,
gallurrik ezin gainditu,
mendi-magalak ere neretzat
bere aukerak baditu.
Bada begiak nun gozatu ta,
pakea nola aurkitu:
orra, adibidez, zuaitzen leengo
kolore ura aldatu,
urre antzeko oial apaiñez
norbaitek jantzi al ditu?


9
Udazkenari buruz nengoen
mintzatzera beartua,
urtearorik gogozkoena
bezela daukat artua.
Ustekabean orra aurkitu
berari estu lotua;
ez pentsa danik nagoelako
oraindik orren zaartua,
baiña bai nere mundualdiko
udazkenean sartua.








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org