Pelota euskal-jokoa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Joxe »  Pelota euskal-jokoa

Joxe Ayerbe

Pelota euskal-jokoa



Pelota ere oso gogozkoa det. Txikitan edo gaztetan, orduan beste guztiak bezela, ibilia naiz pelotan; baiña frontoian baiño kasik geiago -ortarako aukera gutxi izaten genduan- baserri edo etxeetako orma zaarretan.

Pelotari izatea gustatuko zitzaidakean, baiña nai izatea bakarrik aski ez: doaiak ere bear dira eta nik izan ez.
Zaletasuna edo afizioa, ordea, bai orain ere, eta jarraitzalle sutsua naizela esan bear.

Gipuzkoa’ko Euskal-Pelota Elkartearen urrezko eztaiak zirala-ta, 1975‘an, Bertso-Paper Sariketa bat antolatu zuan Elkarteak. Idatzita bidali nituan batzuk eta 3’gn. saria eman zidaten. Auek dira bertsoak:


1
Guk, euskaldunok, ondasun aski
badegu joku aldetik,
mota askotan nabarmenduaz
batzutan oso aurretik.
Bat aukeratu bear banuke
ditugunaren artetik,
zalantzarikan gabe Pelota
beste guztien gaiñetik.
2
Beraz, Pelota, gure jokutan
nere iritziz leenengo,
noiztikakoa danaren berri
nik ez dizutet emango.
Baiña gurea ez danik ori
iñork ez dizu esango,
garbiago ta euskaldunago
ez da besterik izango.


3
Artzeko gauza giñanetikan,
eskuan pelotarekin,
lenen jolasak egin genitun
alako zerbaiterekin.
Artu ta utzi, edo boteaz,
zoriontsu berarekin,
berdin gertatzen dala uste det
gaur eguneko aurrekin.
4
Geroxeago, etxe-jirako
orma zaar da ezberdiñak,
pelotaleku gisara, zenbait
arrastotxoak egiñak.
Antxe pelotan, doaiez kanpo,
danok egin aalegiñak,
ala asiak izandu dira
gure txapeldun aundiñak.


5
Doai batzuek eman zizkigun
Aalguztidunak danori,
bere garaian, bere neurrian,
esnatzeko bakoitzari.
Baldin alkartzen bazaio griña
berezko dan doaiari,
bi gauza auek dituan ura
izango da pelotari.
6
Bere gogozko jokoa dunak
badaki artzen benetan,
eta artara joko du arek,
era dun une danetan.
Tokirik iñon aurkitzen badu
ingurutako plazetan,
edo erriko kontzejupe ta
elizako arkupetan.


7
Zuriz jantzita agertu arte,
naiz leendik ala izanik,
etzaio iñoiz eman izandu
pelotarien izenik.
Euskalerrian ez da erririk
ez aundi ta txikienik,
mailla ortara iritxi ez dan
semeren bat ez duanik.
8
Zer ikuskizun zoragarria
pelotaleku batean,
pelotariak zuriz jantzita
aurrez-aurre ikustean!
Ezker-eskubi pelota joaz
aidean edo botean,
tantoak bixtan apuntatuaz
norbaitek utsegitean.


9
Bakarka izan edo binaka,
jazkera berdiñekoak,
nor-noren aurka dan bereizteko
or dauzkate gerrikoak.
Urdiña batzuk, besteak gorri,
oso margo bizikoak,
iñork dudarik izango balu,
ikusteko modukoak.
10
Pelota-joko onek baditu
era bat baiño geiago,
nai bada eskuz, pala edo zestoz
remontea ere badago,
Ori norberak aukeratzen du
oietan zer dun naiago,
neretzat eskuz jokatzen dana
bezelakorik ez dago.


11
Era guztiak atsegin zaizkit,
baiña nago kezkatuta,
gazte jendea ikusten bait det
pala eskuan artuta.
Erramintetan eskua bera
leenengo dala aaztuta,
oiek gero zer egingo dute
orain orrela oituta?
12
Txapeldun denak aipatutzea
izango nuke luzeegi:
nere txikitan Atano zan da
gero, berriz, Gallastegi.
Geroztik asko izandu dira,
bakarren bat errezegi,
orain dagona naparra da ta
izenez da Erretegi.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org