Txekor zazpikia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Joxe »  Txekor zazpikia

Joxe Ayerbe

Txekor zazpikia



Onoko au ere nere baserrian gertatu zan eta oso gutxitan ikusten dan oietakoa. Aita zanak -bertsoetan “aitonak”- esaten zuanez: “Nere denboran makiña bat txekor ikusi dizkiat jaiotzen, baiña, ain txikirik ez”.

Ni, neu, ere dezente ikusia naiz baiña alakorik ez.
Txekorra ez baiña, arkumea zirudian. Sanoa izan, ordea, eta azkenerako txekor polita egin zan.

Bertsoak jartzeko beti luma zorroztuta edukitzen nuan orduan -orain ez ainbeste- eta jarri nituan auek, 1987’an. “Xenpelar” Sarian bigarrena atera zuten.




1
Beiak umea laister
egingo omen du,
aitonak esan du:
“zer gerta ere iñor
ez bedi aldendu”.
Une larri oietan
nola ez lagundu!
“Aurreratua dator
ez dabil berandu,
egiten asi eta
ederra egin du”!
2
Denborarekin nago
naiko kezkatuta,
denak kontatuta,
zazpi illabeterik
oraindik ez du-ta.
Miatzen aritu naiz
eskua sartuta,
bizirik dago baiña
oso larrituta,
kontuz, onek laguntzak
bearko ditu-ta.


3
Emen alperrik gaude
orrenbeste lagun,
zer egin beagun:
bear diran amarrak
prestatu ditzagun.
Argia itzalita
aldegin dezagun,
iñor bixtan ez dala
etzango da ordun,
ea, guk, bitartean
bazkaldutzen degun”
4
Bazkaltzen asi eta
erdi bukatuan,
giñan momentuan,
orru txiki batzuek
entzun genituan;
Ikullura joan giñan
denok segituan,
txekorra jaioa zan
naiz erdi-ituan;
lan guztiak bakarrik
egin bai zituan!


5
Beiak egindakoa
zala nola esan?
Ain txikia bait zan,
ao-zulotik aize
arnasa ar zezan.
Bere onera azkar
asko etorri zan,
txikia izan arren
osasuna izan,
andik ordubetera
zutikan jarri zan.
6
"Albaiteroa bear
degu nonbaitetik,
dei aldamenetik",
baita etorri ere
azkar nunbaitetik:
- Esnea eman baiña,
biberoi batetik...
- Gure etxean ez da
aspaldin ortatik.
- Ez baldin badezute
ekarri auzotik.


7
Auzoan badaukagu
txit andre leiala,
eta bereala,
berria eman nion
aal nuan bezela:
- Biberoi bat derrior
bear genduala...
- Aur txikiren bat jaio
al zaizute ala?
- Ez -esan nion txekor
batzentzako zala.
8
Ez dakit sinistuzun
nik esandakoa,
ez da arritzekoa,
baiña denboraz eman
zidan baiezkoa.
- Nunbait izan bear du
nola alakoa,
ez da izango, noski,
gaurko modakoa,
Axier’ek txikitan
ibilitakoa.


9
“Manta batez, estali
ez dedilla oztu
eta au ez aaztu:
amaren esneari
ur pittin bat naastu.
Iru ordutik iru
ordutara juxtu,
biberoikada ori
bearko da ustu,
txikia izatea
beste gaitzik eztu.
10
Sano itxurakoa
da nere ustean
jaten ikastean:
pentsua eman lasai
azpilla batean.
Nai duan aiña esne
bien bitartean,
pixua kontrolatu
papertxo batean,
kilo bat irabazi
bear du astean”.


11
Aitona txoraturik
dago berarekin
eta zaintzen jakin,
ondo konpontzen dira
biak alkarrekin.
Ikusten duanean
biberoiarekin,
saltoka beragana
giro da arekin,
ez du ezer jakin nai
beste iñorekin!
12
Neurriz arkume bat
aiña alde-alde,
zerbait badu alde:
jale izugarria
eta pozik gaude.
Aitonak mantentzen du
baiña ez debalde,
- Zenbat kostako ote da?
egiten du galde.
Iñoiz ez da egingo
berrogei erralde!










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org