Intentzio txarrez ateratako argazkia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Joxe »  Intentzio txarrez ateratako argazkia

Joxe Ayerbe

Intentzio txarrez ateratako argazkia





Ondo ezagutzen ez nauenak, eta liburuaren asera ikusita, pentsa lezake edo -esan oi dan bezela- oso gizon formal eta seriotzat ar nazake. Nor berak esatea ez dago ondo, baiña... formalidade aldetik, an nunbait, nik uste.

Seriotasunari dagokionez, ordea, itxura kontrakoa izan naiteke: oso broma eta umore zalea bait naiz.

Eta fornal xamarra naizela esan badet, serioa ez naizela esateko ere ez daukat batere lotsik.
Broma eta umorea, sobra gutxi ez al da, ba, gaur ikusten baztarretan?

Orrek ez du esan nai, serio bear danean jartzen ez naizenik: serioegi, agian, zenbait unetan.

Koadrillekoen ustez, ni naiz: zirikatzallea, su-piztallea, tentatzallea eta ez dakit zer.. . Nik beraiengatik ez det ezer esango, baiña, datozen bertsoak irakurtzen asi orduko konturatuko zera, zerbait eta geiago ere esateko motiboak ematen dizkidatela.


1
Lasaia izanagatik,
aserre nago gogotik,
neri ixilka ateratako
argazkiagatik.
Berak ukatuagatik.
badakit ziur zergatik,
koadrillan nere kontura parra
egiteagatik.
2
Makurtuta arrapatu,
burura "kraxk" disparatu,
eta argazki ziztriña ortxe
betiko geratu.
Ez diot nai begiratu,
bixtatik erretiratu!
Argazki ori obe ez banu
iñoiz eskuratu!


3
Kaskoan daukat utsuna,
illerik geiena juna,
eta argazkian ikusten danez,
ez dago txukuna.
Eskerrik asko, laguna!
Ederra egin dezuna:
begien bixtan jarri gordean
eduki nai nuna.
4
"Illea ari zaik juten",
sarri esaten zidaten,
baiña ikusi ezean gauzak
ez dira jakiten.
Ez dakit ondo dakiten
ze kalte egin didaten,
dibertitzeko beste modurik
ez ote zeukaten...?


5
Aurretik begiratuta,
beti txukun orraztuta,
nere buruko illeaz nengon
naiko arrotuta.
Orain, berriz, kokilduta,
arrokeriak aaztu ta,
jende aurrera ateratzea
ere lotsatuta!
6
Argazkilari txepela,
eman didazu epela!
Gauzak aldatu zaizkit, ez dira
leenago bezela.
Txanua edo txapela,
zerbait bearko detela
seguro nago, edo peluka
erosi bestela.


7
Illerik ez erortzeko,
eta gazte mantentzeko,
esan zidaten jakintsu baten
eskutan jartzeko.
Ark: “masajeak artzeko,
ta botika indartzeko,
eta burua soildu beldurrik
gabe bizitzeko”.
8
Entzun nionean ura,
izugarrizko ardura,
astero zintzo joanez jakintsu
aren despatxura.
Kontua eta itxura,
gero nolako faktura!!!
Bapo bizi zan ni bezelako
tontuen kontura!


9
Presumitua naiz nerez,
baiña ain nago aldrebes,
txorakeriak utzi bearko
ditut orain legez.
Eta ori ez da errez,
galtzen ez banaiz ezer ez,
triste nago ta burlarik, beintzat,
ez egin mesedez.
10
Nola nagoen tristerik,
etzait falta animorik,
andreak, laztan eginez, ez dit
esaten besterik:
“Naiz egon erdi-soildurik,
egon zaite sinisturik,
ez dala mundu ontan neretzat
zu baiño oberik!”.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org