Dionisio Azkue Arregi, "Dunixi" goitizenez, Bergaran jaio zen, 1885eko urriaren 8an, baina Donostian bizi izan zen eta gure hiria eta gure kaleetako pertsonaiak eta kontakizunak izan ziren bere idazlan eta margolanen gai kutuna.
Bi liburu idatzi zituen erdaraz: Brevesnoticias de los juegos y deportes vascos (1922) eta arrakasta handia izan zuen Mi pueblo ayer (1932); hemen aurkezten dizuegun, orain arte argitara eman gabeko, Atzoko Donostia hitzaldia dago azken liburu honen oinarrian. Hitzaldi honetan agertzen baitira dagoeneko gero liburuan agertuko diren Periko Bixar eta beste zenbaiten gertakizunak.
Horrez gain, artikulu asko idatzi zituen, arte gaiei buruz batez ere, Egan, RSVAP, Vida Vasca, Munibe eta Yakintza aldizkarietan.
Artearen alorreko lanek ospe handia eman zioten. Inpresionismoaren eragina agertzen da bere paisai eta irudietan. 1930ean egin zuen lehen erakusketa Circulo San Ignacio aretoan, baina arrakasta 1949an Donostiako Udaletxeko aretoan egindako erakusketaren eskutik etorri zitzaion.
Adiskide ugari izan zituen garai hartako Donostiako kultur giroko lagunen artean: Miguel Urreta Etxebeste eta Karlos Santamaria besteak beste. 1964an hil zen Donostian.
|