Baroja Serafin


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Baroja Serafin

Serafin Baroja Zornoza

1840-1912


Serafin Baroja
Serafin Baroja Zornoza Donostian, Konstituzio plazako etxe batean, jaio zen 1840an. Bere aitona Rafael Errioxatik etorri zen Oiartzungo farmaziaren ardura hartzeko eta bertako alabarekin ezkondu zen. Inprimatze lanak ere hasi zen egiten, familiaren tradizio luzeari hasiera emanez. Serafinen aitak, Piok - Pio Baroja nobelagile famatuaren aitonak - eta batez ere Ignacio Ramon osabak, inprimategiko negozioarekin jarraitu zuten eta Gipuzkoako aldizkaririk zaharrenetakoa La Papeleta de Oyarzun (1814) argitaratu zuten, besteak beste. Handik urte batzuetara Donostiara etorri ziren, eta Ignacio Ramonek inprimategia jarri zuen Konstituzio plazako arkupean, gaur egun Euskararen Udal Patronatua dagoen egoitzan. Pio, Serafinen aitak, liburutegia zabaldu zuen plazaren beste aldean.

Carmen Nessi Goņirekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Valentzian gaterik hil zitzaien Dario, Ricardo margolari eta idazlea, Pio idazle ospetsua, eta Carmen, hau ere idazle eta Julio Caro Barojaren ama.

Meatze Ingeniari ikasketak egin zituen Serafinek, eta lanbide horretan aritu zen bizitza osoan. Lanak aginduta, toki batetik bestera ibili behar izan zuen. Huelvako Rio Tintoko meatzetan urte batzuk aritu ondoren, Donostiara, bere jaioterrira, etorri zen. Bigarren karlistaldien garaian, natur zientzietako irakasle jardun zuen Donostiako institutuan, baina 1879an plaza bat eskuratu zuen Geografia eta Estatistika Institutuan eta Madrilera joan zen familiarekin. Handik bi urtera, 1881ean, Iruņean jarri ziren bizitzen eta, urte batzuk igaro ondoren, denak Madrilera berriro. 1886an Bilbora joan zen, baina familia Madrilen utzita. Handik gutxira, ordea, Valentziara joan zen familia guztiarekin.

1875ean bere lehen liburua argitaratu zuen: Gazi-guezac, euskarazko eta erdarazko poesien bilduma.

Serafin Baroja Euskaltzale eta liberala zen - Bilintx eta Ramon Artola idazle donostiarren antzera - eta Donostiako boluntario liberalen konpainian ibili zen borrokan Bigarren Karlistaldian. Giro horrek eraginda karlisten aurkako kantak idatzi zituen. Kanta horiek Jose Manterola foruzaleak Cancionero Vasco bilduman jaso zituen 1877an.

1878an Pudente, lehen euskal opera, idatzi zuen. J. A. Santestebanek opera honen musika idatzi zuen eta bi ekitaldiko bertsioa eman zuen argitara handik urte gutxi batzuetara. (Ikusi hemen). Urte berean, Santo Tomaseco feriya, Nury, Hernaniri, Guetariarrai, Asto-contuac, San Marcosi eta Cecen suscoa argitaratu zituen.

Hirni, ama alabac drama 1882an eman zuen argitara.

1880tik 1912ra hainbat olerki sinatu zituen Euskal-Erria aldizkarian, horien artean Serafinek idatzitako ezagunena, donostiarrek urtero errepikatzen duten San Sebastian Martxa.

Santesteban maisuaren bi lanei ere jarri zien hitza: Lutxi operari eta Amairu damacho zartzuelari.

Serafin Barojak bi egunkari zuzendu zituen: Donostian, astean hirutan, kaleratzen zen El Urumea (1879), eta Iruņean aldi labur batez argitaratu zen "Bai, jauna, bai" elebiduna (1882). Horrez gain, Artikulu ugari argitaratu zituen Manterolak Donostian zuzentzen zuen Euskalerrian eta Iruņeko Euskara aldizkarian.

Serafin Baroja 1912ko uztailaren 16an hil zen, Barojatarrek urte horretan bertan Beran erositako Itzea etxean. "Iru Damatxo" abestuz hil omen zen.






     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org