01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Aldiz, aldiz »  01. Irudia

EGINTZA BAKARRA



Iruditegiak antzarpetuko du zapatagile baten denda arlotetxo bat, laburra lekuz eta gauzaz. Eskuinetan edukiko du lantokia; mahai xar batekin eta bi aulkitxorekin osatua. Mahai gainean laneko tresnak, erretilua, iltze potoak, hariak... Mahaitik zintzilik kalamu puntak, burdinak... Lurrean, mahaipean, tinakoa, eta inguruan zapata zahar batzuk, hormak, jo-harria, mailua... Atzean horman (paretan) bi iltzetatik zintzilik boina eta zamarra.

Dendak du atzeko ate bakarra kristalduna, bi orrikoa, baina bat bakarrik irekitzen zaiona. Irekitzen ez den alderdian dago eskaparate bat. Ezkerretan, atzean, eserleku bat gainean ispilu batekin eta lurrean alfonbra txiki bat duela. Lekuz leku xantobatzuk eta beste zerbait gauza. Mahaiaren aurrean, denda erdibitzen duela, egurrezko itxi txiki bat, mostradore baten antzera bi aldeetatik, atze eta aurre, sarrera duela. Itxi honen ondoan silabat.


LEHENBIZIKO IRUDIA



EUJENIO (BAKARRIK)



Eujenio, zapatagilea, ariko da zapata zahar bati takoia berritzen mailuz joaz.



Eujenio To... to... to...! zapata zahar hauen jabea hemen baneuka, a zer tapatekoak emango nizkiokeen bere sudur okerrean!... Neskazahar... sorgin... petral... argal... zipotz... itsusi... arlotea!!... (Hitz bakoitzean emango du mailukazo bat; azkenean bi edo hiru.) Berriz ere egongo zara, bai, neskazahar! Ez duzu zuk zoratuko inor, oin polit txoragarria gonapetik erakutsita! (Labanarekin puska batzuk atereaz.)

Berritan, luzatzeko, arrabeteko takoia behar ditek, eta gero zapatagilea aberasteko beldurraz, orporaino jaitsi arte ez ditiztek ekartzen berritzera. (mailuz berriz joaz) Ez ote dut zuzenduko!... a ja ja... ja ja...! lukainka motza zirudik!... Hau duk itxura! (ernegatu eta zokora boteaz.)

Mila arranorekin hoa bazterrera!... ez haut bat ere gehiago ukituko. (Altxa eta aurreratuaz.) Lantegi madarikatua. Egun guztian aulkian lotuta egon behar, bi babarrun ale jateko... (Patrikari helduaz.)

Ezer ez... igandean gelditu zitzaizkidan txakur batzuk bota nituen atzo zurrutean, astelehen egin da, eta orain zintzurra bustitzeko ezer ez... eta atzo baino egarri gehiagorekin... Neskazahar horren zapatek ditek kulpa... banoak nonbaitera. (Amantala gerrian bildu eta ate aldera joan bitartean abestuko du)

Neskazahar, zar, zar
denbora pasatu
zertarako lehenago
ez zinen ezkondu?

(Oso samin eta atsekabez)
Nik ezin esan
inork ez esan
horrengatik neskazahar
gelditu nintzen!


(Atean bertan bihurtuaz)

Arranoa!... Hemen zetorren etxe-jabea!... Ez zakiat nik zer dabilen inguru hauetan! Etxe-errenten eske ote dator berriz? Garai onean!... joango duk etorri bezala.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org