02. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Aldiz, aldiz »  02. Irudia

II. IRUDIA



EUJENIO ETA KRISTOBAL



Kristobal azalduko da, eta egun on eman ondoren geldituko da ate ondoan, karrikara begira.



Kristobal Egun on, Eujenio.

Eujenio Hona zetorrek! Jar nadin lanean... Baxoerdiaren ordez har dezadan neskazaharraren zapata. (Eskuan hartuaz.) Zatoz aingerutxoen oin polita!

Kristobal (Lehen bezala ate ondotik.) Egun on.

Eujenio Egun on. (Mailuaren ordez, hartu eta hasiko da zapatarekin berarekin harria joaz.) Zer ari naiz ni?... lehen gaizki bazegoen, orain okerrago jarri dut... baina zer egiten du gizon horrek hor?

Kristobal (Lehen bezala.) Egun on, Eujenio.

Eujenio (Indar handiarekin.) Baita berorri ere. Egun on!!

Kristobal (Sartuko da barrez eta oraindik karrikarantz begira.) Egun on, Eujenio. (Eujeniok begiratuko dio, baina ez dio erantzungo.) Egun on, Eujenio.

Eujenio Hemezortzi bider erantzun diot.

Kristobal Niri?... noiz?

Eujenio Orain... kikilibiotan hasi zela uste nuen ate ondotik.

Kristobal Bai, presisamente horretarakoxe gogoa ekarri dut. (Bat-batean haserretuaz.) Ordubete behar izan dut hona iristeko.

Eujenio Sinisten dut, hemengo antzera ibili bada.

Kristobal Bai, bide guztian honela etorri naiz... (Herren eginaz)

Eujenio Kikilibiotan?

Kristobal Ez, zuregatik txingoka... zer jarri didazu honen barrenean? (Soineko bota erakutsiaz.)

Eujenio Zera, bost durokoren bat.

Kristobal Bost ez ezik hogei ere hartzeko gaian nago. Presisamente hemen dakartzat zor dizkidazun lau hilabeteko errenten txartelak.

Eujenio Gorde bitza ondo, galdu gabetarik, horrenbeste balio duten paperak.

Kristobal Noiz eman behar didazu dirua?

Eujenio Ahal dudanean.

Kristobal Noiz izango da egun hori?

Eujenio Erraza da asmatzen... Sorgina naizela uste al du etorkizunaren berri jakiteko?

Kristobal Zureak gehiago?... Airean joan behar duzu denda honetatik, bai! (Lurrean ostiko handi bat joko du eta berehala egingo du antsia.) Ai!!... sartu zait hesteetaraino!

Eujenio Nire dirua?

Kristobal Zure... demonioa... ai! ai!...

Eujenio Baina zer du?

Kristobal Atera iezadazu agudo, atera iezadazu; baina poliki. (Eseri eta bota erakutsiaz.)

Eujenio Iltzeren bat al dauka?

Kristobal Iltzea edo eztena ez dakit, baina gutxienaz honenbestekoa bada. (Behatza bezain handia.)

Eujenio Hori maiz gertatzen da... eta horrengatik horrenbeste zalaparta?

Kristobal Zabiltza agudo, kaikua. (Eujenio tenkaka hasiko da baina berehala geldiaraziko du.) Zaude, zaude, galtzerdia trabatua dago eta puskatuko didazu. (Askatuko du barrengo galtza zuria, kenduaz zazpi edo zortzi alditan bildua daukan lokarria.) Ea orain galtzerdi eta guzti ateratzen didazun... ai!... poliki! ai! ai!

Eujenio (Atereaz batean bota eta galtzerdia.) Bapo! Hona hemen lanperna!

Kristobal Nire oin gaixoa... zer dauka?

Eujenio Hutsa, orratzaren burua adinako iltze muturra.

Kristobal Atera iezaiozu ondo. (Jantziko du galtzerdia eta joango da ate ondora.)

Eujenio Zer ote du hor horrek? Beste maizterren baten zain ote dago dirua eskatzeko? Gizajoak zoru-erdi hau ez ezik beste bi ere urratuko ditu nireak hartu orduko.

Kristobal Atera al diozu ondo?

Eujenio Bai, har beza.

Kristobal Eujenio, mesede bat egin behar didazu.

Eujenio Nahi duen guztia, dirua ematea ez bada.

Kristobal Tori eskutitz hau, eta eraman ezazu aurreko etxeko bigarren bizitzara. Galde ezazu Rosita Sudurpolitenekozaz eta eman iezaiozu berari, esanaz, erantzupena eguerdirako nahi nukeela eta... zerori joango zarela bila... ez da hala?

Eujenio Bai, bai... beste ezer?

Kristobal Ez, hori ondo egiten badidazu barkatuko dizut...

Eujenio Etxe-errenta?

Kristobal Ez, lehenagoko gaizki esanak, eta emango dizut errentaren alde gorde dudan zoru-erdi hauen dirua.

Eujenio Eskerrik asko, berehala emango balit, zergatik... (Zintzurrari helduaz.)

Kristobal Orain patrikan ez daukat; baina ekarriko dizut berehala, etxera noa eta diru bila, hamabostekoa, langileei emateko.

Eujenio Bai, diru gauza horietan zenbat eta lehenago hobe.

Kristobal Banoa bada, baina ea taxuz egiten didazun eskutitz horren tratua.

Eujenio Laga niri, ondo ezagutzen dut. Sudurpoliteneko Arroxa.

Kristobal Arroxa ez, Roxita. (Irtenaz.) Roxita... Roxita...





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org