03. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Aldiz, aldiz »  03. Irudia

III. IRUDIA



EUJENIO ETA LEONTXIO



Leontxio sartzerakoan egingo du Kristobalekin estropezu; ibiliko dira ezkerretara eta eskuinera, leku egin nahian elkar galaraziaz eta azkenik Leontxiok erdian geldituaz esango du.



Leontxio Ezkerrera edo eskuinera; batera edo bestera. (Egingo du batera eta joango da Kristobal.) Hamaika kaiku Ameriketan aberasten da, eta hau ere bai! Hi, Eujenio, diru bila al huen orain ere?

Eujenio Bai, mutil, gaur bigarren aldiz.

Leontxio Eta zer esan diok?

Eujenio Gogora etorri zaidan guztia, sartu zioat hankatik iltzea, eta halaz guztiz ere egundaino baino alaiago joan duk.

Leontxio (Eujenioren aurrean eseriaz.) Dirua eman al diok bada?

Eujenio Dirua? Berak eskaini zidak.

Leontxio Erotu egin duk orduan.

Eujenio Bazirudik zerbait. Emakumeei idazten ere hasi duk eta.

Leontxio Nola? nola?...

Eujenio Begira iezaiok. (Eskutitzaren gaina irakurriaz.) “Rosita Sudurpoliteneko”, hor aurreko neska gazte eder horrentzat.

Leontxio Eta hiri utzi al dik?

Eujenio Hori berari ematearengatik agindu zidak, bada, dirua, baina ez noak hauek egin artean, laster bila ditiat eta. (Erasoko dio lanari eskutitza mahai gainean lagata. Leontxiok hartu eta irekiko du, eta irakurtzen ariko da barreak galarazi arte.)

Leontxio Aja... ja... ja... ja...!!

Eujenio Zer duk?... mutil! zer egin didak?

Leontxio Hutsa, irakurtzen hasi... aja... ja...!

Eujenio Xahutu nauk, Leontxio!... Orain nola eraman behar diat nik hori.

Leontxio Entzun ezak zer jartzen duen, apur bat entzun ezak.

Eujenio Ez diat nik zer jakinik, ekarzak.

Leontxio Hori duk usakumea!

Eujenio Ekarzak, Leontxio.

Leontxio Ez, irakurritakoan.

Eujenio Habil bada azkar.

Leontxio Entzun ezak:

“Konparaziorik gabeko Roxita, Donostiako lore presiosa. Zu ezagutu zintudanetik ez naiz gehiago nire bihotzaren jabe eta dabilkit galdurik kalma guzia, saltoka eta saltoka.

Eujenio Iltzea ote dauka han ere?

Leontxio “Zure begi ederrek naukate inutilizatua, eta gau eta egun, goiz eta arratsalde, beti, beti, nire imajinazioa zure ondotik dabil. A ermosa!!”

Eujenio Ikusiko duk?

Leontxio Ez da agurea motela:

“Siertamentean Jaungoikoak elkartu nahi ditu Roxita eta Kristobal. Horrengatik atrebentzi hau hartzen dut seguridadean zuk ondo hartuko duzula nire pentsamendua. Presisamente etxe berria egiten ari naiz eta han jarri genezake gure palazio eta habia. Responditu iezadazu baietz eta egingo nauzu, o Roxita presiosa!, gizonik ditxosoena.- Kristobal de los Ernialdes.”

Eujenio Hori jartzen al du?

Leontxio Hori bera, eta hago, zerbait gehiago ere bai: “Egiten ari naizen etxe berriak balio ditu berrogeita bi mila peso, eta beste gehiago ere baditut.”

Eujenio Hori beita duk, hobeto heltzeko.

Leontxio Beitarekin ere ez duk erraz amu oker horri heltzen.

Eujenio Rositak nahiko ote du?

Leontxio Mila duro asko dituelako bakailao gazi hori hartu?

Eujenio Bakailaoa!... saltsan ondo maneatua zagok ordea!

Leontxio Hago isilik, hori ez lukek senarra izango, baizik diruz betetako eltze zaharra. (Zimurtu eta biribili eta botako du eskutitza tinakora.)

Eujenio Zer ari haiz?... laga ezak hori! (Altxatuta eta oso bizi.)

Leontxio Txorakeria hau eramatera joango al haiz bada?

Eujenio Astoa hi!... niri zer zaidak... Esan ez diat, bada, hori eramateagatik eskaini didala dirua?

Leontxio Hori beste gauzarik duk.

Eujenio Eta ez dakik hik nire etxe jabea dela, eta lau hilabete zor dizkiodala... eta...

Leontxio Eta... zer gehiago?

Eujenio Eta hi txatxu bat haizela... Hi... Hi... zazpi urtean Madrilen sendagile ikasten jardun eta oraindik urte bete osatu ez duana...

Leontxio Eta zortzigarren urtean ez nauk joango dirurik ez didatelako ematen.

Eujenio Hiri, hiri dirua, hoa hemendik bestela...

Leontxio Joango nauk, baina hirekin... baxoerdi bat edatera.

Eujenio (Tinakotik eskutitza atereaz.) Hoa hemendik, bestela botako diat mailua... eskutitza jarri duen itxuran!... gizonak hala emandako eskutitza!

Leontxio Era horretan Kristobal baino itsusiagoa hago.

Eujenio Leontxio!!

Leontxio (Beti barre antzean.) Sendagile ez nikean ikasiko, baina neskari idazten ondo zakiat, eta eskutitz hori egingo diat berriz.

Eujenio Bai, hik nahi duana... baina...

Leontxio Ez mutil, hori bera, hitz horiekin, hizki (letra) berekin, dena den bezala; indianoak berak beretzat hartuko duena.

Eujenio Egin iezadak, bada, berehala, nahi baduk nik gehiago aurpegira begiratzea.

Leontxio Bai al duk zerekin?...

Eujenio Hemen ez.

Leontxio Orduan goazemak auzoko ardotegira eta han egingo diat.

Eujenio Hoa bakarrik, lana zeukaat.

Leontxio Ez duk etorri nahi?

Eujenio Ez.

Leontxio Zaputzengatik hamaiketakoa galduko duk.

Eujenio (Eskutitza emanaz.) To hau bestea egiteko.

Leontxio Ez diat beharrik, buruz bazakiat.

Eujenio Dena?

Leontxio Dena.

Eujenio Egin ezak bada azkar, gero ikusiko diat. (Eskutitz bustia zabalduko du mahai gainean. Sartuko da Liborio eta geldituko da atzean Leontxio joan artean.)

Leontxio Hemen nauk berehala hi adiskidetzera. (Ate ondotik.) Hi, eta jarriko al dut Roxita ermosa?

Eujenio Baita presiosa ere.

Leontxio Agureari begira!

Eujenio Hiri zer zaik?





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org