|
XI. IRUDIA
EUJENIO ETA KRISTOBAL
Eujeniok azkeneko hitzak esaten dituenarekin batean sartuko da Kristobal antsika eta marruaz, norbaitengandik ihes baletor bezala. Etorriko da buru hutsik, eta hain hutsik non ile bat ere agertuko ez zaion, ileordea (peluka) galdu baitu. Soinekoak ere oso banatuak eta tresna oso txarrean. Eujeniok ez du ezagutuko, eta ikusten duenean itxura hartako gizona, etorriko da aurrera; orduan Kristobalek egingo du hori bera eta hark ikusirik gainera datorkiola, joango da mahaiz atzera, eta izur-zaparrian Kristobal ere bai; baina trabatuko da aulkian eta eroriko da lurrera aulki, mahai eta guzti.
Kristobal
(Sartuaz.) Ai Eujenio, Eujenio!
Eujenio
(Aurreratuaz.) Zein da hau?
Kristobal
(Aurreratuaz.) Ai Eujenio, Eujenio!
Eujenio
(Mahai atzera.) Geldi, geldi! Zoaz hemendik.
Kristobal
Eujenio, lagundu nazazu! (Erortzen da mahai eta guzti.) Ai, ai, ai, ai!... hil naiz! hil naiz! zer sartu zait niri hemen?
Eujenio
Oi! Berori al zen?
Kristobal
Ai! ai! Eujenio, zer sartu zait hemen? (Ezten bat bere petik atereaz.)
Eujenio
Takoi eztena!
Kristobal
Hil naiz... ai, ai!
Eujenio
Ez, gizona; altxa bedi, hara... aupa! Baina, zer da itxura hori?
Kristobal
E?
Eujenio
Nola dator? Zer gertatu zaio?
Kristobal
Ez dakit; baina, Eujenio, hil naute. (Eskuak bururatuko ditu eta aurkituko da hutsik ileordea galduta; orduan eroaren antzera hasiko da batera eta bestera.) Oi?... non dut?... ez daukat... ez daukat... buru hutsik nago. Ai nire burua! ai nire ilea! zer esango dute ni horrela ikusten nautenek? Ai nire burua! ai nire ile ederra! ai nire erretena!
Eujenio
Erotu egin da. (Bere aurrez aurre jarri eta oihu egingo dio.) Kristobal!
Kristobal
(Geldituko da bat-batean bere aurrean eta eskuak burutik kenduaz erakutsiko dio esanaz.) Begira! begira!! begira!!!
Eujenio
Flandesko gazta dirudi.
Kristobal
Ekar iezadazu berehala, Eujenio.
Eujenio
Flandesko gazta?
Kristobal
Ez, nire ileordea.
Eujenio
Nondik?
Kristobal
Hor aurretik, sorgin horien etxetik.
Eujenio
(Ai ama! haserretu egin dituk.) Baina nolatan galdu du?
Kristobal
Galdu ez, kendu egin didate. Zoaz, zoaz azkar, Eujenio.
Eujenio
Ni? Ederki eman ere! Ez noa.
Kristobal
Egin iezadazu esker hori.
Eujenio
Ez, ez, ni horrela jartzen banaute egun guztian doministikuka egongo naiz.
Kristobal
Nire ileordea ekartzen badidazu, hartzeko nagoen diru guztia barkatuko dizut.
Eujenio
Orain arteko guztia? Joango naiz. Baina, zer gertatu zaio?
Kristobal
Nik al dakit? Nola zu agertzen ez zinen joan naiz neroni Roxitaren etxera, jo dut atea, irten zait andre motz bat, eta entzunik zein naizen hasi da marruka esanaz txarkeria haiek ez zaizkiola inori esaten, gutxiago berriz bere Roxita ederrari, eta gero gehiago eta gero gehiago igo da, haserrean sutu arte, nik hitzik ulertzen ez dudala, eta etorri zait gainera, eta atzamarka, eta ostikoka, eta horzka, eta ipurdi-trankaka atera nau ate ondotik eta bota nau amilka mailetatik behera hankaz gora.
Eujenio
Gizona, gizona!
Kristobal
Hori asko ez dudala, ni lurrean nagoela atera du oinetik eskalapoi halako bat, eta bota nau indar guztiekin burura.
Eujenio
Gizajoa! Eta ez dio esan zergatik zeuden haserre?
Kristobal
Eskutitzarengatik bada; baina ezin liteke horrengatik izan, oso ondo egina zegoen eta.
Eujenio
Orduan?
Kristobal
Presisamente zazpi egun behar izan ditut nahikoa hitz goxo eta egoki biltzeko.
Eujenio
Sinisten dut.
Kristobal
Eujenio, arren eskatzen dizut, zoaz eta ekar iezadazu ileordea.
Eujenio
Emango al didate?
Kristobal
Bai, gizona, zertarako dute hura? (Patrikatik atereaz.) Tori orain arte zor dizkidazun etxe-errentaren txartelak.
Eujenio
Eskerrik asko, banoa; berehala hemen naiz bizirik uzten banaute.
Kristobal
Zaude, zaude: eta norbait etortzen bazait bitartean? Zer egingo dut itxura honetan?
Eujenio
Ez larritu, inor gutxi etortzen da.
Kristobal
Eta etorriko balitz?... ezkuta nazazu bitarterako.
Eujenio
Non? mahaipean?
Kristobal
Ez, txikia da.
Eujenio
Beste lekurik ez dut bada.
Kristobal
(Ikusirik zintzilik dauden boina eta amantala.) A! hauek jantziko ditut eta honela inork ez nau ezagutuko.
Eujenio
Ez, hala da, aja, ja, ja...! eta ez dago gaizki, zapatagile jatorra dirudi.
Kristobal
(Bazeneki Ameriketan zer nintzen) Zoaz agudo barre gutxirekin.
|