10. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Aldiz, aldiz »  10. Irudia

XII. IRUDIA



KRISTOBAL, GERO LEONTXIO



Kristobal Ez dut nik barre handirik egiten. Ai jauna! Hau eguna sortu zait niri gaur! Non dira nire gaur goizeko apainketak!, nire ur usaindunez busti eta erreten zuzena ateratzeak! (Entzungo da kaletik)

Leontxio (Barrendik) Eujenio!

Kristobal E? zapatagilearentzat ote da? Eseri nadin badaezpada ere eta ea nola egiten dudan haren papera. (Eseriko da mahai aurreko aulkian ateari atzea emanaz, baina egingo du antsi bat eta altxatuko da bizkor.) Ai! zer dago hemen? Zoru-erdi bat iltzez josia! arranoa! hau ere nire kaltez. (Hartu eta botako du harrika Leontxio ate aurrean jartzen den garai berean eta joko du aurpegian.)

Leontxio Ai!

Kristobal Norbait jo dut, gaur ni hil egingo naute.

Leontxio Erotu egin al da hau?

Kristobal (Eseriko da eta hasiko da laneko antzera; ikusirik ingurura datorkiola ekingo dio “Ni bekataria...” esateari.) Badator, badator... Ni bekataria konfesatzen natzaio Jainko guztiz ahaldunari... nire kulpaz... nire kulpaz... (Bitarte honetan aurreratuko da Leontxio eta botako dio zoru zaharra burura.)

Leontxio Oi, lanari eraso dio. Eta ni bazkaltzeko honen zain. Aterako dizkizut nik kaikukeriak.

Kristobal (Ikaraz beterik altxa eta joango da eskuinetako hormara eta han norbaitekin ari balitz bezala hasiko da eskuan dituen mailu eta zapatarekin keinadaka.) Ai, ai, ai!... laga niri! alde, alde hemendik!... bestela hilko zaitut... tori, tori... (Gelditu eta isildu eta jarriko da horma aldera begira Leontxiori bizkarra emanaz.)

Leontxio Buru hori ez daukak ondo!

Kristobal Zer zaizu zuri nire buruarengatik. Oi! Leontxio da! (Ezkutatuko du aurpegia esku artean, beti hormari begira. Etorriko da Leontxio eta ikusirik alferrik dabilela aurpegia ikusi nahian, heldu eta aterako dio txapela eta joko du ukabilarekin buru gainean.) Kaikua! zer uste duzu dela nire burua?

Leontxio Oi! Kristobal al zera? (Lehen bezala ukabilaz joaz.) Katuari bezala desmaio frantsesak heldu zizula uste nuen.

Kristobal Astoa! Egongo al zara geldirik?

Leontxio Hori da meloia duzuna!

Kristobal Eta zuri zer zaizu?

Leontxio Tifusen batekin galde al duzu ilea?

Kristobal Ez... trankazo batekin.

Leontxio Orain?

Kristobal Ez... aspaldi; Ameriketan.

Leontxio Ameriketan? Orduan bat ere ez noa. Ez dut nik tipula bezalako burua izan nahi.

Kristobal Arrazoi duzu, hobe duzu gelditu. Ekar iezazkidazu mila pezetak.

Leontxio Mila pezeta? Zeinenak?

Kristobal Nireak, nik eman dizkizudanak.

Leontxio Eman badizkidazu, ez dira orduan zureak.

Kristobal Bai, baina...

Leontxio Zer baina? nire gauzen jabe ni naiz, eta ez didazu zuk erakutsiko berekin zer egin behar dudan.

Kristobal Lotsagabe tzarra. Ostu egin didazu, ekarzu nirea.

Leontxio Nik, aja, ja, ja...!

Kristobal Ekarzu, ekarzu.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org