1 02 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Goi argi »  1 02 agerraldia

Bigarren Agerraldia
Lehengoak eta Faustino
Faustino Egun on, jaunak.

Denok Egun on.

Antonio Zer ari hintzen ematen?

Faustino Ni sartzearekin batean bi lekaimetxo etorri dituk eskera, eta haientzat eman zioat.

Antonio Mutil, oraindik zorakeria horiekin habil?

Faustino Zorakeria? Gaixoentzat biltzen dabiltzan emakume gaixo horiei ematea zorakeria?

Antonio Eman nahi baduk, eman ezak, baina alfer horien bitartez ez.

Julian Alferrak eta nabarrak. Badira, badira horietan ederrak. Kosmeri entzungo bazenio!

Faustino Kosme eta zu berdintsuak zarete eta gai horretan gezurrak sortzen iaioak.

Antonio Lotsagarrizkoa duk horrela zomorroz jantzi eta etxerik etxe ibiltzea.

Faustino Ez huke hori esango hire alaba balitz.

Antonio Nire alaba? Lehenago hil, horrela ikusi baino.

Faustino Hago isilik, burua galtzen duk eta, gauza hauetaz hitz egitean.

Julian Fraide eta mojaren granorik ez balitz, gehiago jardunik ez.

Faustino Ez dituzue, bada, horren erraz galduko, Jaungoikoaren gogokoak baitira.

Julian Zer Jaungoiko, eta zer sudur! Herri jakintsu eta aurrera joan nahi duten guzietatik bota dituzte-eta.

Faustino Banaka batzuetatik, eta ez jakintsu eta aurreratutakoenetatik. Hauek pozik ateak irekitzen dizkiete gizon eta emakume adoretsu horiei.

Julian Orain dela hamar gizaldi agian ondo egongo ziren baina orain...

Faustino Orduan ere orain bezala, eta gero izango diren bezala, elizgizon horien aurka, eta gorroto bizian, agertzen zirenak asko izango ziren; ez horietan dagoelako errua, baizik beren biziera garbi eta apalak gure nabarmenkeriak agertzen dizkigutelako.

Sinistuko genuke, eta ukatuagatik sinisten dugu, siniste hauekin batean, galaraziko ez balizkigute gure haragizko zaletasunak, dolorezko gutiziak eta harrokeriazko handikeriak.

Julian Bai, gu gara oso... gaiztoak eta zuek oso... onak. (Iseka).

Faustino Gu ere ez onak, baina gure okerrak eta beharrak ezagutzen dakigunak.

Julian Zuek ezagutu? Egundaino ez. Esadazu nik atzo ikusia eta zuk ere bai, han zinen eta, ondo dagoen.

Faustino Zer?

Julian Lanik gabe, geldirik dauden langile talde baten aurretik zihoan fraide gazte bat, bizkarretik zintzilik atze eta aurre janariz betetako fardel handi bat zeramala. Ikusi zutenean, langile haietako batek esan zuen: “Begira iezaiozue, itxura horretan gizona, gizon dena ibili”. Eta beste batek sutsu: “Guk haurrei ahora eramateko ogi koskor bat ez, eta hau doa janariz beteta, bera eta beste asko, lanik egin gabe, alferkerian dauden urdailak asetzera”.

Antonio Ederki esana.

Faustino Gaizki esana.

Julian Gaizki, e? Zer esan behar zion bada?

Faustino Ezer ez. Utzi gizonari bere bidean jarraitzen. Hura ez zen inortxorekin sartu, bere egipen neketsuetan zebilen.

Julian Langile lanik gabe daudenen aurrean horrela joatea zirikatzea da.

Faustino Tamalgarria da lan egin nahi eta ez izatea, jateko lain ez osatzea, baina geldirik dauden denak langileak al dira? Lehen ere baziren lanik gabe bizitzen zirenak, eta esaten zitzaien alferrak. Orain horiei, lanik egin gabe jarraitzen duten horiei berei, esaten zaie lanik gabeak, eta kupitzen ditugu, lehengo alferrak berak izanagatik.

Julian Nik ez nituen langile haiek ezagutu.

Faustino Nik ere ez, erdaldunak baitziren, atzerrikoak. Hemengoak ez dira oraindik honela nabarmentzen.

Antonio Nik Juliani ematen zioat arrazoia. Gaurko egunetan duenak ez dik nolanahi agertu behar ez duenaren aurrean. Gorrotoa sortzen dik.

Faustino Zer diok? Hire iritzi hori aurrera eramanda, begira iezaiok zer gertatuko litzatekeen. Osasun gabeko matrail zurbil baten aurrean ezingo huke jarri osasuntsu musu gorri bat, argal baten aurrean sendo eta bikain bat, motel baten aurrean bizkorra, trakets baten aurrean liraina, behartsu baten aurrean aberatsa, gorroto biziz begiratu gabe.

Enrike Urrutitxo zoaz, Faustino.

Antonio Eta hain urruti.

Julian Arrazoia ezin aurkiturik. Hori beste gai bat da.

Faustino Zer nahi duzu? Gose dagoenaren aurrean ezingo dela jarri asetzeko daukana esatea?

Julian Bai, fraide hura bezala.

Faustino Baina esadazue: Nork gehiago gosea irekiaraziko du? eta nork, zuen iritzietan, gorrotoa sortaraziko du: fraide gizagaixo hark ezkutuan zeramanarekin, ala ostatu eta jatetxeek erakusten dizkiguten janari ederrekin; eta salerosle guziek suma litzaketen gutiziak gure begi aurrean jarriarekin?

Antonio Erakutsi gabe, nola salduko ditiztek?

Faustino Erakutsi, hori duk, erakutsi eta horretan ez zagok gaitzik. Ez duenak ahal duenean jabetzeko asmo onak hartu behar ditik, eta bitartean inor gorrotatu gabe, utzi, doala bakoitza bere bidean, fraide hura zihoan eta joan zen bezala, agian langile arrotz haiek gupidatuaz eta beraiez Jaunari arren eginaz.

Antonio Hobe zian arren baino fardela ireki eta zeramana eman bazien.

Faustino Ez zian berea hori egiteko. Baina hik egin hezake. Nork galaraziko dik? Eman ezak, aurkituko duk nork hartua, lanik ez duten edo egin nahi ez duten horietan.

Antonio Ez diat nik, ordea, beti ezpainetan Jaungoikoa erabiltzen eta elkarganako maitasuna horiek bezala erakusten.

Julian Zer edo zerekin estali behar dutelako beren alfertasuna.

Faustino Nork nori! Zuk haiei alferra esan. Astebetean egiten duten lana zuk urte guzian egingo ez duzu-eta.

Julian Ezta egin nahi ere, haien lana.

Faustino Gauza izan behar.

Julian Zure berriketak entzuteko ez; aspertu nauzu.

Faustino Aspertu ez, mindu. Egia samina izan...

Julian Saminak zure kirtenkeriak? ba, ba, ba... Banoa; ez dut honen aurrean egon nahi.

Antonio Haserre ez, e!

Julian Ez al hator?

Enrike Oraindik ez. Eguerdi aldean agertuko nauk zuen artean.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org