1 05 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Goi argi »  1 05 agerraldia

Bosgarren Agerraldia
Enrike eta Maritxu
Enrike Poz handi bat hartzen dut zure ondoan egon hutsarekin.

Maritxu Beste gehiago gabe?

Enrike Ikusi hutsarekin.

Maritxu Ez dakit nola etorri naizen. Ez nuen asmorik, baina entzun diodanean izebari zure amarengana zetorrela, utzi esku artean neukan lana, jantzi berehala, eta hemen naukazu orain, Jaungoikoari eskerrak.

Enrike Jaungoikoari ez, zure izebari.

Maritxu Zu beti berdin. Jaungoikorik ez balitz bezala, eta gure asmo, egite eta izate guziak beragandik sortuak ez balira bezala.

Enrike Esan dut, izebari eskerrak, gertaera bat gogoratuaz.

Maritxu Izango da...

Enrike Entzun. Mendi aldats batean zihoan gizon bat, eta halako batean oinak irrist egin eta jausi da mendian behera. Ez zeukan zeri eutsirik, non gelditurik, galdua zen!, amilka zihoan. Baina larri hartan sumatu zuen urratzen ziola soin guzia sasi batek. Min hartu arren eutsi dio sendo eta han gelditu da. Laguntzera etorri zaion batek dio: Jaungoikoari eskerrak gaur bizi zara! eta gizagaixo hark esku odolduari begiratuaz dio: Jaungoikoari ez... sasiari.

Maritxu Jaungoikoak argitu, Jaungoikoak asmoa ekarri eta Jaungoikoak indarrak eman ez bazizkion, ez zen sasiari helduta geldituko. Hasiera, izaera eta bukaera dena beregandik baitatorkigu.

Enrike Gaur eskertu beharrean nago, orduan. Zuri ere hona etortzeko asmoa berak sortuko zizulako.

Maritxu Egia.

Enrike Ez ordea nik ikusten ez den Jaungoikoaren beharrik izan... Nire Jaungoiko, zeru, erregina eta jabea zu zarelako (limuriki)

Maritxu Ez dezazula ni bezalako emakume batengatik horrelako zorakeriarik esan.

Enrike Berriro entzun nahi dituzu? (txit limuriki).

Maritxu Maitasunak itsutu egiten duela diote eta hala da.

Enrike Itsu banengo, ez nituzke edertasun horiek nire inguruan ikusiko.

Maritxu Ez dituzu ikusten.

Enrike Baina bai sumatzen.

Maritxu Itsu-itsuan; ametsetan.

Enrike Atseginak amets gozo hauek, ene maitea!

Maritxu Maitea!... Maite al nauzu?

Enrike Nola ez?

Maritxu Maite al nauzu maitasun egiazkorraz?

Enrike Baietz uste dut.

Maritxu Maitasuna zer da?

Enrike Gaitza hitzez agertzen, baina erraza barrenean nabaritzen... Batzuek gizakunde zaletasun bat besterik ez dela diote.

Maritxu Gizon eta emakumeen elkarganako zaletasuna besterik ez? Orduan aberetxoen antzekoak gara.

Enrike Bai, eta ez. Zaletasun horren gain gizonak asmo altxeagoak, eta iraunkorragoak jartzen dituelako.

Maritxu Beti?

Enrike Gehienetan. Maitasun hori sendotzeko, badira, gainera, ondasun gehiago.

Maritxu Ez beti agertzen direnak.

Enrike Zerorrek zenioen bezala, itsu samar garai horietan ibiltzen garelako.

Maritxu Eta elkar ezagutzen saiatzen ez garelako. Pozkiro ibiltzeagatik ez dugu atsegin ez den gauzarik ikusi nahi.

Enrike Egia. Hala ere ontasun asko erraz ikusten dira, eta zoriontsu izaten laguntzen dute; bat da osasuna.

Maritxu Ez da iraunkorra.

Enrike Edertasuna.

Maritxu Gutxiago.

Enrike Aberastasuna.

Maritxu Askotan kaltegarria. Behar ez diren maitasunak eta grina txarrak errazten dituelako.

Enrike Nola sortu orduan egiazko maitasuna?

Maritxu Begira. Nik behin irakurri nuen maitatzea zer zen, eta oso-osorik bete ninduen. Maitatzea da opatzea bati nahi dituen ontasun guziak, eta ahaleginak egitea ontasun horiek irits ditzan.

Enrike Nola, nola? Ez dut ongi ulertu.

Maritxu Erraza da. Ni zoriontsu izateko nahi ditudan ontasun guziak, zuk niri opatzea... Eta...

Enrike Opatzen dizkizudan bezala.

Maritxu ...Itxoin... Eta zuk lan eta ahalegin guziak egin behar dituzu, nik oso-osorik ontasun horiek izan artean.

Enrike Bigarren zati horrek lanak baditu.

Maritxu Agian handiak, baina bigarren hau gabe aurrenekoa ezer ez da.

Zer ez besteri opa, eragozpenak, lanak eta kalteak ekartzen ez badizkigu? Baina lan hauek gabe, maitasunik ez da agertzen. Askotan garratza izango dela sinesten dut; baina maitasunak ez al ditu bada garraztasun horiek gozatuko?

Erdarazko esaera batek, ongi agertzen du hori “Obras son amores y no buenas razones”. Ez ezpain ertzeko agindu errazak, baizik lanak eta nekeak.

Enrike Honela maite banauzu, zoriontsu ni!

Maritxu Ez zaitut oraindik honela maite, baina honela nahiko nuke nik maite... eta ni maitatzea... Eta zuk?

Enrike Entzunaz, zoratuta naukazu, eta ez dakit zer esan, baina gehitxo ez ote da eskatzen duzuna?

Maritxu Ahal dena baino gehiago ez.

Enrike Baina egin litekeen guzia bai, nahiz bere gogoko lana izan ez.

Maritxu Maite badu, bestearen gogoa berea izango da.

Enrike Eta bere kalterako balitz?

Maritxu Ez litzateke orduan ontasuna izango. Ontasuna iristeko, ahalegindu behar da, ez kalterako dena.

Enrike Nork daki, askotan, ontasuna eta kaltea non dauden?

Maritxu Ondo elkartzen diren bik hobeko asma lezakete.

Enrike Nik behinik behin, laguntza beharko dut, ez bainaiz gauza bakarrik ezer egiteko.

Maritxu Eta horrenbeste urterekin hori diozu! Mutil gazteei begiratzea, ez zait behin ere egokia iruditu. Gizon eginekin hastea, beldurtzen nintzen, eta zu, maila erdian zaudena, hitz egingo duzu mutiko baten antzera, eta zerorren buruaren jabe ez bazina bezala?

Enrike Ez naiz ezertarako gauza. Nirea, ala gurasoena, ez dakit norena den errua, baina hala da.

Maritxu Ez dezazula hori esan. Gizon baten ezpainetan gaizki daude hitz horiek. Denok gara gauza, gogoa jarri behar, baina gogo sendoa.

Enrike Maitasun sutsuren batek berotzen ez banau.

Maritxu Garaiz zaude, bada.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org