1 06 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Goi argi »  1 06 agerraldia

Seigarren Agerraldia
Lehengoak eta Isabel
Isabel (Sartuko da bizi) Asketsi, galaraztera natorrela badakit, baina presa dut, etxeratu beharra naiz eta berehala, haurtxoak janztera.

Maritxu Aurrera, Isabel, ez dizugu zer barkaturik. Txorakeria batzuk esaten ari ginen.

Isabel Biak gai egon!

Enrike Agian honek jakingo du. Galde egiozu maitasuna zer den.

Isabel Maitasuna? Ez nuke jakingo esaten, baina nik dakidana da nire senar eta haurtxoen onagatik, arrastaka ibiliko nintzatekeela.

Maritxu Nekeek ikaratu gabe?

Isabel Nekeak eta lanak bizkar gainean hartuta.

Maritxu (Enrikeri) Egiazko maitasuna!

Isabel Enrike, zuregana nator, zure laguntza behar dut aita gure alde jartzeko. (Maritxu altxa eta joanaz) niregatik geldi zaitez, zure aurrean berdin esango diot.

Maritxu Ez, sendiko berririk ez dut nik zer jakinik, barrura noa, han nabaritzen dut zure mutiltxoa.

Isabel Bai, Andonirekin naiz.

Enrike Anton; badakizu aita haserretzen dela Andoni esanda.

Isabel Andoni eta Kepa horrentzat sugarriak dira.

Enrike Zer dakarzu?

Isabel Nire senarrak irabazpide on bat iristeko egokiera dauka. Badakizu gizon ona eta langilea dela, eta halakotzat daukate dagoen etxean, baina hileroko alogera laburra da, eta nik dakit zer zintzo ibili behar dugun, zorrik gabe aurrera ateratzeko.

Enrike Zergatik ez diozu aitari dirua eskatzen?

Isabel Badakizu nireganako borondaterik ez duela eta gainera ez luke nire senarrak txindik hartuko. Haurrak janzteko amak ematen dizkidan txanpon batzuk hartzen ditudalako ere haserretzen da.

Aberatsen umeak bezala janzten omen ditugu eta ez berak, lanetik irabazten duen langileen antzera.

Enrike Ez dut zure senarra ulertzen. Nik eskatzen diot, bada, eta eman beharko; zer egingo nuke bestela?

Isabel Bai, gutizi guztiak zuretzat dira eta zuk nahi duzuna bakarrik egiten du aitak; horregatik zuregana, gaur nator. Laster da hemen nire senarra, eta etorri baino lehenago aitari hitz egin behar diozu eta gure alde jarri. Badakizu Jauregiren etxea, burdin tratuan ibiltzen dena?

Enrike Bai. Eta uste dut irabazi ederrak egiten dituela.

Isabel Handiak. Urte gutxitan aberastu da, eta hain aberats egon behar du non dena uzteko asmoa hartu duen. Bertako arazo duen batek nire senarrari esan dio, eta nola eskatzen dituen berrogei mila duro.

Enrike Eta ez al dute bertan daudenek hartu nahi?

Isabel Pozik, baina diru guzia erabat eskatzen du eta gizagaixoek ez daukate; horregatik nire senarrari hitz egin diote eta nire senarrak orain diru hori behar. Txit irabazpide ona da, eta guretzat gainera zerutik baletor bezala. Nire senarrak egingo du lana, gau eta egun, behar bada, eta berehala bihurtuko dizkio aitari orain aurreratuko dizkigun diru horiek. Zer diozu?

Enrike Niretzat hartuko nukeela nik zure senarrak daukan lanerako gogoa.

Isabel Zergatik ez zara saiatzen?

Enrike Gauza izango ote nintzateke?

Isabel Enrike, jar zaitez nire senarrarekin, har ezazue biok Jauregiren etxea.

Enrike Ez da gaizki esana, baina lan egin behar horrek ikara sartzen dit.

Isabel Nireak egingo du.

Enrike Ez dut nahi. Zure senarrarentzat eskatuko diot.

Isabel Iritsiko duzu?

Enrike Baietz uste dut.

Isabel (Bi eskuekin helduaz) Eskerrik asko. Senarrarengana noa; hau poza eman behar diot!

Enrike (Irteten ikusiaz) Anai-arrebak. Guraso beren umeak! Eta nork esan? Hori den bizia eta saiatua eta ni naizen epela eta ezereza.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org