Faustino Antonio, agur, bagoazak.
Antonio Ni ere banoak, itxoin ezak (Ezkerretan dagoen atetik joanaz)
Enrike Aita, entzun behar didazu. (bere atzetik sartuaz)
Josefina Bitartean eseri.
Faustino Berriz? Gaur ez gara etxeratuko.
Matilde Etxeratzean mahaia gertu egongo da, ez larritu.
Faustino Badakizu ez naizela egundaino otorduz larritzen.
Josefina Nire senarrari mahai ona gustatzen zaio, bada.
Faustino Nori ez? Josefina, zoriontsuak zarete. Zure senarrak Elizanburu Sarako koblakari ospetsuarekin esan lezake:
“Badut andrea, badut semea,
alaba ere badut nik,
osasun ona batetik,
ontasun aski bestetik,
zer nahiago dut besterik.”
Josefina Bai... bai... Hala da... (oso oldozkor)
Matilde Badirudi ezpetan esaten duzula.
Josefina Ba al da, ludi honetan, zoriontsu oso-osorik denik? Nork kezkaren bat ez du?
Matilde Baina zuk?... (isilaldi bat) Osasuna agian?
Josefina Ez; Jaunari eskerrak osasuntsua naiz.
Matilde Zer, bada?
Josefina Nire semearen izaera.
Faustino Lan ez egite horrek badu bere kaltea.
Josefina Handia baina ez da hori gehiena larritzen nauena. Hasiko al da orain!
Matilde Zer du? Isilpeko okerren bat?
Josefina Ez, ez, ondo agerikoa du. Ni samintzen nauena da bere Elizarako gogo txarra.
Faustino Aitaren semea!
Matilde Eta bestea amaren alaba!
Josefina Egia, alabak nire alde jo duen bezala, semeak aitarenera eta hori ez gertatzeko nik ahaleginak egin ditudalarik. Txiki-txikitandik ikastola onenetan sartuaz, elizara neronek eramanaz, eta dena alferrik.
Faustino Etxean, ordea, beste gauzarik ikusten, eta badakizu “zer ikusi, hura ikasi”. Aitak berera dena jarria dauka eta bere semeez txoratua dago. Ez du, bere begietatik ez bada, ikusten.
Matilde Gure ilobak ez du lan erraza izango bere ohitura eta Kristau sinismen honetan jartzen,
Josefina Asmo horiek al ditu? Pozten naiz.
Matilde Uste duzu bestela horrenbeste aurreratuko zenik?
Josefina Hasieran, ezkongaietan, denok hartzen ditugu asmo on horiek, agian gure adimenak ekartzen dizkigun eztabai garratzak aldentzeagatik; baina gero, elkarren zaletasuna handitzean, asmo horiek hozten dira, eta ikusi arren, garbi asko, senarra ez dugula gure ohituretara ekarriko, ez dugu uzten. Aurkitzen ditugu horretarako arrazoi onak, edo onen antzekoak, gure ezpa guziak uxatzeko; gizon ona, agian ederra, asko maite gaituena, zernahi... Eta atzenez lasaitzen gara oldoztuaz, ezpada ere zuzentzen, ez dugula guk errurik izango, ez dugulako guk okertu.
Matilde Bai, hala da. (Sartzen da Maritxu. Entzuten dio Josefinari aurrena harriturik eta ondoren barren-samina agertuaz, eta isil-isilik eskuin aldera joango da).
Josefina Baina nik orduan sumatzen ez nuena, eta gazteak garenean ikusten ez duguna da, gu, elkartzearekin, ezkontzearekin, sendia izateko gaian jartzen garela, eta hemen dago nire samintasunaren iturria. Semea nirea da, nik sortua, nire senarrarengandik, eta nik, Jaunaren aurrean, aski izango al dut senarra zuzentzeko asmoa banuela esanarekin, haren bitartez sortutako semea Elizako legepean eramaten jakin ez badut? Gure soin asmo guziak betetzeagatik ba al dugu emakumeak haurrak sortzeko eskubidea?
Matilde (Isilaldi labur eta neketsu bat) Zuk ahaleginak egin dituzu. Ez dut uste Jaunak gehiago eska lezakeenik.
|