2 01 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Goi argi »  2 01 agerraldia

BIGARREN EKITALDIA
Lehengo jaun-gela bera


Lehenengo Agerraldia
Antonio, Josefina eta Isabel

(Josefina lanean, Antonio batera eta bestera)
Antonio Eta hori da jakin duzun guzia? Hori eta bat ere ez berdinak dira.

Isabel Zer nahi duzu, bada, hitzik atera ezin bazaie? Ahaleginak egin ditut Maritxugandik zerbait jakiteko, baina alferrik. Ez direla haserretu, onez onean atzeratu direla, baina betiko bukatu dutela. Hori da harengandik entzun dudan guzia. Anaiarengandik berriz, horrenbeste ere ez.

Antonio Honela ezin jarrai genezake. Zortzi egun mutilaren aurpegia ikusi ezin dugula, zortzi egun otordu bat elkarrekin egin ez dugula, zortzi egun bere gelatik atera nahi ez duela, ez lagunetara joan, ez kalera, ez inora. Ez, ezin lezake horrela jarraitu... Erotu behar du eta...

Josefina Ez dakit hura erotuko den, baina zuk denok erotuko gaituzula, bai. Utz iezaiozu mutilari. Inor haserretu ote da bere andregaiarekin!

Antonio Zuk esateko, ez da gauza asko. Ongi agertzen duzu semearenganako gogo txarra.

Josefina (Samin). Gogo txarra! Ez ote dut, bada, zuk adina maite? Maitatzea zuk uste duzu dela gutiziaz guzia betetzea, eta haren asmoak betetzeagatik zoro eginik ibiltzea. Ez, atsekabe hauetan ikasi egiten da, eta premia dauka gure semeak, buruhauste batzuk erabiltzeko.

Antonio Neskari arrazoia emaiozu eta ondo egin duela nire semea uztea ere bai.

Josefina Nork nor utzi duten badakizu?

Antonio Ezta jakingo ere zuekin. Laguntzaile onak dauzkat nik etxean. Neronek bakarrik dena egin beharko dudala badakit... Hobe!... Neroni joango naiz neskaren bila.

Josefina Baina gizona! Egoki aurkituko zenuke hori? Zu neskarengana? Semeak jakingo balu, zentzun gabeko zure asmo hori, ez lizuke irteten utziko.

Antonio Bere onagatik nik zernahi gauza egingo dut.

Josefina Nahiz barregarri agertu!

Antonio Berdin da. Ni neskarengana joango naiz, eta onez ala txarrez hasi beharko du berriro nire semearekin.

Josefina Ja, ja, ja... (Irribarre samin bat). Lehen esan dudana: denok zoratu behar dugula, zu aurrena zarela.

Antonio Isilduko al zara?

Josefina Hobe zenuke zuk isildu, eta ez horrela ari.

Antonio Ariko naiz nahi dudan arte, eta egingo dut nahi dudana, zuk baino hobeto betetzen dakidalako gurasoen eginbeharrak.

Josefina Hori ere entzutekoak ginen. Guraso txartzat egiten nauzu.

Isabel Ixo, ama, bakearengatik.

Antonio Orain bertan noa.

Isabel (Geldi nahian). Aita, ez zaitezela joan, alferrik izango da eta.

Antonio Eta zer egin behar dugu, bada?

Isabel Onez onean har ezazu, Enrike, eta esaiozu, buruhauste horiek denak galtzeko, har ditzala beste buru-lan batzuk. Sendagile egina ez dago? Doala, bada, gaixo-etxera, behartsuak ikustera, zerbait egitera, eta lan horretan hasi nahi ez badu, har dezala beste zerbait... Agian ona izango litzateke nire senarrak erosi nahi duen irabazpide hori... Biek lan egingo lukete... Nire senarrak erakutsiko lioke...

Antonio Nire semeari hire senarrak ez zion zer erakutsirik.

Isabel Esan nahi nizun, lanik ez egin horrek, agian, neska atzeratu ote duen... Lanean ikusita... zer edo zertan saiatzen dela ikusita...

Antonio Enrikek ez din lanaren beharrik emaztea mantentzeko.

Isabel Eta janaren bila datorrela uste duzu Maritxu?

Antonio Ez zakinat.

Isabel (Samin). Askan jana, aberea ukuilura! Gutxitzat hartzen duzue neskaren izaera. Mantenduko dutela, jantziko dutela agian, eta ez du gehiago zer eskaturik. Mutilean behar diren gizontasunak sakon ezagutzea, asmo, ohitura, sinismen, izapide, sendi zaletasuna, dena jakin, eta ondoren egokia ala eza beretzat dela esatea, ez da neska gazte batek egin lezakeena.

Antonio Esan nahi dun hire anaia ez dela Maritxurentzako dina?

Isabel Ez, aita; ez dut hori esan. Enrike mutil on bat da, baina... berak nahi duen guzia egiten utziz gero. Berak nahi ez duena egiteratzen denean ez dakigu zer izango den.

Antonio Hi baino hobea beti. Bai pozik anaiaz gaizki hitz egiten dunala!

Isabel Ez da egia, eta samin zait zu pozteko hitzak ezin esana. Egia garratza izan arren, beldurtu egingo al gara geuronen artean azaltzea?

Antonio Berdinak zarete ama-alabak.

Isabel Ama on baten antza izatea kaltea al da?

Antonio Beti zitalak niretzat.

Isabel Ez, aita; ez horrelakorik esan. Agindu iezadazu... Zer nahi duzu? Berriro Maritxurengana joatea nire anaiaren alde hitz egitera?

Antonio Bai, hori nahi dinat.

Isabel Joango naiz eta ekarriko dut.

Antonio (Alai). Egin ezan hori...

Isabel Baina ekarri bakarrik... Gehiago ezingo dut... Enrikeren aurrean jarri eta hitz egin dezatela. Hitzaldi horretan adiskidetuko diren ala ez, ez dakit nik...

Antonio Ekartzen badun, antolatua zagon dena... Nik eta nire semeak...

Isabel Aita: zuk ez.

Antonio Ekar ezan, ekar ezan. (Alabari ateraino lagunduaz. Honek irten baino lehenago ama laztandu).






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org