 |
|
 |
 |
|
Bigarren Agerraldia
|
|
Antonio eta Josefina
|
Josefina Zein ona den gure Isabel! eta zein gutxi maite duzun, Antonio! Enrike, Enrike; dena semearentzat duzu.
Antonio Zuk alabarentzat bezala.
Josefina Gaixoari zer egiten diot, bada nik? Bizitzeko ere laguntzarik ez badiogu ematen.
Antonio Eman iezaiozu. Nork galarazten dizu?
Josefina Berak ez du ezer hartu nahi Pedrogandik ez bada, eta zuk...
Antonio Hari, ezer ez.
Josefina Eta alabari... ezta.
Antonio Berak nahi zuena egin zuen, eta jarrai dezala. Ez ziren asmo hauek nire alabarentzat neuzkanak. Horri eman genion haziera… eta ez hemengo ikastetxe onenetan bakarrik, baizik Frantzia eta Ingalaterrako berezienetan eta dena... arlote batekin ezkontzeko.
Josefina Bai, zuk nahiko zenion etxe, izen handi bateko semeren bati eman, ongi agertzen zekienen bati, nahiz ardit bat berak izan ez, eta janzkera eta itxura apainpean gogo eta soin ustelduak estali.
Antonio Denetakoak dira.
Josefina Gure alabaren bila etorriko zena ez zen gain-gainekoa izango... eta ez bera gutxitzakotzat daukadalako baina... gu geuroni zer izan gara?... zer gara? (Apalki eta eztikor). Ahaztu zaizkizu gure hasierak?... Ni neskame... zu mutil... Zer ginen Pedroren sendia baino gehiago?
Antonio Nire jatorriz ez naiz lotsatzen.
Josefina Lotsatu! Nork dio? Gailendu baizik. Guk egin duguna Pedrok egin lezake... eta guk baino errazago... guk lagunduta. Euskotar ona, zintzoa, sendoa, garbia, ondo hazia, zer gehiago behar du gure alabak sendi on bat sortzeko, haurtxo osasuntsu eta eder batzuk hazteko?... Antonio, eskatzen dizun laguntza emaiozu.
Antonio Enrikeri emateko asmoa dut.
Josefina Enrike ez da gauza.
Antonio Neronek lanean erakutsiko diot, eta Pedrok birekin ari nahi badu...
Josefina Pozik, hori nahi du gure alabak. Besteren mendetik irten dadila. Anaiarekin txit lagun da eta, elkar ondo eramango dute.
Antonio Bai, baina aurrena Enrike horretaratu behar dugu.
Josefina Berotu iezaiozu gogoa. Adoretu ezazu.
Antonio Bai, poztu egin behar dut, eta neska etorri baino lehenago. Bere gelara noa, zortzi egun hauetan irten ez den gelara.
Josefina Nahi duzu nik hots egitea?
Antonio Hobe; ea bere gela-zulotik ateratzen dugun.
Josefina Berehala (Joanaz).
Antonio Jakin al baneza neska-mutil horiek zer izan duten! Hutsen bat... Esango balu!... Baina muzinduta jarraitzen badu, alferrik izango dira nire galdera guziak.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |