2 08 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Goi argi »  2 08 agerraldia

Zortzigarren Agerraldia
Enrike eta Maritxu
Maritxu Enrike.

Enrike (Altxa eta bizi bi eskuak luzatuaz). Maritxu, eskerrik asko, eta barka nazazu... Lotsatuta nago zu nire etxean, eta nire aurrean ikusita. Ez naiz ni izan behartu zaituena.

Maritxu Badakit.

Enrike (Esertzera eramanda). Baina pozik nago orain; zu nire aldamenean ikusi hutsarekin, joaten dira neure burutik kezka, zalantza eta nahigabe guziak. Ikusten dut ludia beste era batera, ez nagoelako bakarrik... badelako norbait inguruak alaitzen eta argitzen dizkidana eta bizitzeko gogo berria ekartzen didana.

Maritxu Enrike!

Enrike Zure ondoan izan nahi dut, zurekin, alai ala haserre, adiskide ala muturka, hizketan, jardunean, baina zurekin, beti zurekin. Zu gabe bizitzeko gogorik ez daukat. (Atzeneko hitzak ilun).

Maritxu Ikaratzen nauzu, Enrike.

Enrike Egia esaten dizut. Zoratzeko zorian egun hauek igaro ditut eta berriro horretaratu behar badut... zertarako bizi!

Maritxu Era horretan ez da gaztearen elkartea hartu behar. Ezta jolasean ere egia, ez bai dira jolasak betiko elkarrekin lotu eta sendi bat sortzea. Garai hau da, eta horretarako dira gai daudenenaren ibilerak, elkar ezagutzeko garaia, ez txoro-txoro, pozik, alai eta arinki, bi usoren antzera, egun guzian elkar limurtzen egoteko.

Enrike Hori bada bizitzea!...

Maritxu Mariposaren antzera.

Enrike Zer dio?

Maritxu Enrike, ez gara haurrak. Gure sasoian ezin gintezke honela ibili txoro-txoro, geroko asmo gehiago gabe. Gaizki bukatuko genuke.

Enrike E!

Maritxu Gaizki esan nahi dut, ezingo ginatekeelako atzeratu ondotxo aurreratuz gero, eta honek beldurtzen nau.

Enrike Ez nauzu maite! (Samin).

Maritxu Ez zaitut oraindik maite nahi, horretarako nire bihotzari gogor egin behar badiot ere.

Enrike Hain gaiztotzat naukazu?

Maritxu Ez, Enrike. Beste edozein neskak ez lituzke neure buruhausteak erabiliko, eta nire kezkari ez lioke barre besterik egingo, baina sinismen egiazkoa daukat, Jaunari eskerrak, eta Honen nahiak garbi ikusten ditut. Ni sendi bat sortzera joateko, nahiko dut nire senarra, nire antzera, Jaungoiko zale izatea, eta, Enrike, zu ez zara...

Enrike Nik ez dizut galaraziko nahi dituzun elizkizun guziak egiten.

Maritxu Baina zu ez zara joango.

Enrike Ni... ez...

Maritxu Enrike!

Enrike Eta zer dio? Sinistu! Nik ere sinisten nuen, edo sinisten nuela uste nuen, txikitan... Amak hala nahi zuelako... Erakutsi zidan Jaungoiko trakets bat, aitaren egiten ez zuten haurrak kosketan botatzen zituena; gezurrak esateagatik bekatxoak aterarazten zituena...

Maritxu Ez da hori Jaungoikoa...

Enrike ...eta beti nondik eta nola gaitz eta minak gureganatuko zituen ibiltzen zena... Ontasunak, berriz,... nik ez dut ikusi inori ekartzen.

Maritxu Gure grinak eta ohitura txarrak kentzeko esaten zizkiguten esaerak direla horiek badakizu zuk. Jaungoikoa beste gauzarik dela ere bai.

Enrike Jaunak nahi ez badu, ez dela ezer gertatzen esaten ez da, bada?

Maritxu Eta hala da. Jaunaren handitasuna eta errukia non-nahi agertzen da, nahiz zuek ikusi nahi ez.

Enrike Zuk ikustearekin niretzat aski da. Zu zoriontsu zara zure sinismenekin, utz nazazu ni sinismenik gabe, edo oldoztu ezazu baditudala, eta zuk bezain sutsuak, eta jarrai dezagun.

Maritxu Ezin!

Enrike Nire ama zu bezalakoxea da, eta ez al da zoriontsua?

Maritxu Ez.

Enrike Nola?

Maritxu Bihotz barrenean kezka garratzak ditu.

Enrike Aitagandik?

Maritxu Eta zugandik.

Enrike Eraman ezin litekeena da hori. Galarazten al diogu guk, nahi duen bezala eta nahi duen adina elizan eta elizakoekin ibiltzen? Zer eskubide erakuts lezake gure egipenetan sartzeko?

Maritxu Senarraren, eta batez ere semearen gain ez eskubide hutsa baizik beharra. Berak sortua zara; berea zara.

Enrike Ez bere magalpean beti egoteko. Bizi behar dut, niri datorkidan bizieraz, eta horretarako aske naiz. Gizonaren eskubideak nork laburtu?

Maritxu Eta Goi-jaunaren eskubideak?

Enrike Ez ditut ezagutzen.

Maritxu Eta haren aginduak?

Enrike Zertarako bete?

Maritxu Ez zaitu ikaratzen?

Enrike Zemaiak, keinadak, egundaino iristen ez direnak.

Maritxu Eskaintzen dizu bizi hilezkor zoriontsua edo ikaragarrizko txarra.

Enrike Aski dut hemengo biziera ona.

Maritxu Nire nahi guziak hartara zuzentzen ditut nik.

Enrike Eta harantz, heriotzaren harantz izango denarekin nahi nauzu orain apaiz gonapetu, ezereztu eta xehatu.

Maritxu Betiko atsegina irabazi behar da, eta horretarako lanak badira, baina lan hauek ez dute gizona xehatzen, baizik handitzen.

Enrike Elizkizun eta haziera txarrak okertzen dizkizute adimenaren argitasunak, eta sortzen duzue eraman ezin litekeen biziera ospela.

Maritxu Egiazkoak dira.

Enrike Gezurrez sortuak direla nago.

Maritxu Ez duzu sinisten (samin).

Enrike Ez dut sinistu nahi... (lehor). (Isilaldi luze bat).

Maritxu Ez dugu elkar ulertzen.

Enrike Ez.

Maritxu Orduan...

Enrike Orduan...

Maritxu (Altxatuaz) Bukatu dugu.

Enrike Bukatu dugu (nahigabetuaz).

Maritxu (Bihurtu eta poliki-poliki irtenaz). Agur.

Enrike Agur. (Joaten ikusi eta gero etzango da eserlekuan burua esku artean jausiaz).






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org