 |
|
 |
 |
|
Hamargarren Agerraldia
|
|
Enrike eta Julian
|
Julian Kaixo, Enrike! Galdetu gabe eta baimenik gabe natorrek. Eskatu banik, bazekiat zer erantzungo huen eta Mutil, urtebete baduk ez haudala ikusi.
Enrike Gezurra!
Julian Urtebete ez baino... astebete, bai.
Enrike Eta zer behar duk?
Julian Hire aurpegia ikusi, eta hi alaitu. Mutil neska batengatik hi hagoen eran. Hori ez bezalako neskak ugari aurkituko ditiagu... Nahi duanean.
Enrike Maritxuren kaltez hitz egitera etorri bahaiz, bahoake... Horra hor atea.
Julian Pipermin hago.
Enrike Eta hi berritsu.
Julian Beti bezala. Zer uste duk, hi bezala jarriko naizela muzinduta, kizkurtuta, frijituta, neska...
Enrike Zer?...
Julian Neska... neska ezer ez, neska batengatik... Lagun guziak jardunean ari dituk eta hi haietara eramatera etorri nauk.
Enrike Ez nauk joango.
Julian Ez haizela joango? Eta zergatik ez?
Enrike Nahi ez dudalako.
Julian Jarri zaik seta...
Enrike Niri seta eta hiri berriketa. Zertara hator? Zer nahi duk?
Julian Zerbait esan, baina aurpegi hori alaitzean.
Enrike Orduan bahoake.
Julian Hi gabe ez. Hire bila natorrek. Goazemak. Egun ederra igaro beharrean gaudek... (Oso limuriki).
Lagun onez beti gogoratzen nauk ni... Biarritzera joan behar diagu... Kosmeren beribilean...
Enrike Ez.
Julian Bukatzen utz iezadak. Kosme, hi, ni, eta laugarren...
Enrike Zuen antzeko aluren bat.
Julian Bai zera... (Isilka bezala).
Injineru alemaniar haren andre hura.
Enrike Atzitu duzue?
Julian Kostata, baina gaur gurekin duk. Senarra mina batzuk ikustera joan duk eta gaur gurekin zatorrek. Lagun ona ez naizela esan iezadak, hitaz ni gogoratu nauk.
Enrike Ez nauk joango. Gizon horri egin nahi diozuena bilaukeria bat duk.
Julian Oi!... Hiri burua nahastu ditek. Noiz ezkero sartu zaizkik ezpa horiek?
Enrike Ez zakiat, baina hala duk.
Julian Hireak egin dik! Batek egin diana ahazteko zazpi mila erabili behar eta...
Enrike Utz nazak, utz nazak, arren.
Julian Ez... Injineruaren emakume eder hura duk... musu gorri... bular bete...
Enrike Hago isilik; zerri bat haiz hi.
Julian Kosme... hi... ni...
Enrike Aski duala... Hoa etorri haizen lekutik.
Julian Bakarrik?
Enrike Bakarrik. Ez nauk gehiago zuengana joango.
Julian Horra hor xantua.
Enrike Ez behinik behin hi bezain alua.
Julian Luisetan sar hadi... Han izango dituk lagun onak... Ez haiz gaizki egongo lepotik zinta urdina zintzilik duala.
Enrike Petrala haiz!
Julian Eta hi txotxoloa; banoak (joateko jira emanaz).
Dominus vobiscum... vobiscum... Hi, vobiscum... (Enrikek inguruan daukan zerbait bota nahi dio).
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |