3 01 agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Goi argi »  3 01 agerraldia

HIRUGARREN EKITALDIA
Lehengo jaun-gela bera. Horman zintzilik Enrikeren argazki bat.
Mahai gainean beste bat.


Lehenengo Agerraldia
Josefina eta Antonio

(Denok beltzez jantziak)
Josefina Hilaren atzena da, eta badakizu gaur bukatzen dela Jauregiren landola erosteko eguna (Oso zakar).

Antonio Badakit; eta zer?

Josefina Joateko, erabakitzeko eta bukatzeko. Ez dituzu behinik behin, bost mila duro alferrik galdu nahiko.

Antonio Bost mila duro! Zer zait niri bost mila durorengatik, semerik ez badut? Norentzat nituen, beretzat ezik? (Eskuan Enrikeren argazkia hartuaz).

Josefina Alaba ere badugu.

Antonio Baina semerik ez. Enrike, Enrike nahi dut nik.

Josefina Betiko leloa!

Antonio Betiko leloa, bai. Hura zelako, eta hura delako, oraindik ere, nire bizi guzia. Ezin badut soinez nire ondoan eduki, irudiz, asmoz eta gogoz beti nirekin egongo da.

Josefina Badirudi, bai, gainerako guziak hil garela... eta ez hura.

Antonio Niretzat bai.

Josefina Eskerrik asko. A gizagaixoa!

Antonio Ez ni gupidatu.

Josefina Arrazoi duzu. Gupidagarriagoak gaude gainerakoak, zuk egunero erabiltzen gaituzun bezala.

Antonio Irabazitakoa... poztu egin baitzarete Enrike joanarekin!

Josefina Zer diozu, gizona? Ama bati hori esan! Gau eta egun negarra begietan ekartzen didan semeagatik ardurarik ez dudala? Poztu egin naizela bere heriotza tamalgarri horretaz? Antonio, neurri gabeko atsekabe honek itsutua zauzka. Utz ditzagun elkarganako susmo txar hauek. Bizi gaitezen ahal dugun ondoena, eta elkar eramanaz, gelditzen direnentzat.

Antonio Bai, Pedro eta bere semeentzat: horiek buruhauste handia ematen dizute.

Josefina Isabelen sendia ez da, bada? Gure ondorengoak ez dira, bada?

Antonio Ez, nire ondorengoa eta oinekoa Enrike zen... eta da... (isilaldia).

Josefina Hilaren atzena dela esan dizut.

Antonio Badakidala erantzun dizut.

Josefina Zer egin behar duzun jakin nahi dut.

Antonio Nahi dudana egingo dut.

Josefina Zer da hori?

Antonio Jakingo ez duzuna.

Josefina Emaztea naiz eta jakiteko eskubidea daukat. Zu adina naiz etxe honetan.

Antonio (Oso zakar). Zu ni adina?... Zuk niri agindu?... Enrikeren onagatik ezer egingo ez zenukeena, etxe honetan negarra eta atsekabea sartu denez gero pozik zaudena. (Emazte gaixoak ezetz esango dio denari).

Josefina Ez... ez...

Antonio ...zuk orain niri agindu?... Eta zer?... Pedro eta bere enda madarikatuari laguntzeko.

Josefina Ixo, ixo, gizona!

Antonio Ixo, ixo, orain; zuk nahi duzun guzia esan duzunean.

Josefina Ixo, entzungo dute eta!

Antonio Entzun dezatela... entzuten badaude...

Josefina Nik entzutea nahikoa da lotsaz betetzeko.

Antonio Lotsa? Balute bai.

Josefina Niri nahi duzun guzia esatea nahikoa ez dela, besteei ere bai.

Antonio Denei.

Josefina Hemen daukazu hil guzian zure alaba gaixoa, bere etxea utzi eta nola guri on egin asmatu ezin duela, eta ordaintzat... lotsarik ez duela diozu.

Antonio Nire onarengatik ez dago, bereagatik baizik.

Josefina Esker txarrekoa zara.

Antonio Eta zu beti bezala zitala.

Josefina Zuri ona nola egin bizi denari “zitala”!

Antonio Nola ni ernegatuko nauen dabilenari “zitala”!

Josefina Ikusia dago. Ezin liteke zurekin bizi. Ezin asmatu dugu zure nahia.

Antonio Nahi ez duzuelako.

Josefina Nahi ez, beraz?

Antonio Nahi ez, eta utz nazazu bakean; zoaz hemendik eta betiko joaten bazara, hobe.

Josefina Etxetik botatzen nauzu?

Antonio Honela ez dut gehiago zure marmarrik entzungo.

Josefina (Entzun duenaz harriturik aldi batean oldozkor). Ondo da... Hori ere egingo dut, bada;... ez zaitut gehiago ernegatuko... Joango naiz.

Antonio Hobe.

Josefina Bai, hobe izango da. Damagun hil honen antzera ezin jarrai genezake. Egunero haserrea, egunero borroka, gehiegia da... Gaur bertan irtengo naiz... Eta zu ni gabe hobeto bazara...

Antonio Izango naizen bezala.

Josefina Hori nahikoa dut... Ondo da... (Joaterakoan agertu dira atean Isabel eta Pedro. Entzun dute, samin daude eta Isabel negarrez ama laztantzera).






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org