|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
VIII
Mikela eta Anjel
ANJEL Arratsalde on, Mikela.
MIKELA (Anjel! zertara dator hau?)
ANJEL (Aitonak agindu bezala aitak Karlota bidali du, eta bakarrik dagoenez gero hitz egin nahi diot).
MIKELA Zerbait behar al duzu?
ANJEL Ez.
MIKELA Orduan, agur, banoa.
ANJEL Nora, Mikela? nora?
MIKELA Hara.
ANJEL Hara, hara. Nahi duzu nirekin joan? goiza da, aldatuko naiz berehala eta biok joango gara hara... hara, nonbaitera, zuk nahi duzun lekura.
MIKELA Ez da gaizki esana.
ANJEL ( Pozturik ) Nahi duzu beraz?
MIKELA Gaur ez, lehen esan bezala, gaurko lagunak eginak ditut.
ANJEL Mikela, ez diezadazula horrela erantzun. Beti nigandik ihesi zabiltza aurpegi txarra jarriaz; iseka eta barrez inguruan zaren guztian. Zergatik egiten dizkidazu urruin horiek? Zergatik agertzen didazu horren gogo gaiztoa?
MIKELA Hargatik.
ANJEL Hargatik?... Zure lagun txar Karlotagatik. Hori da zuri burua haizez betetzen dizuna eta nigandik atzeratzen zaituena; hori nigatik gaizki esaten dizuna, zu eta beste neska gehiago bere bidean jarri arteraino bakerik izango ez duena; berari esaten zaizkion egia lotsagarriak nori zabaldu izateagatik.
MIKELA Horiek ezin eraman dutenen jardunak dira.
ANJEL Mikela, garratzak irudituagatik, egiak dira eta zuretzat ere laster hasiko dira, horrekin bazabiltza.
MIKELA ( Bizi ) Berritsuen jardunak eta gaizki nahi digutenenak, beste ezer ez.
ANJEL Horien artean naukazu ni?
MIKELA Ez dakit.
ANJEL Badakizu, bai, nik gaizki nahi ez zaitudala. Zuk nahi adina ontasun eta zorion opa dizkizudala, eta nire gain legokeen guztian ahaleginak egingo nituzkeela zuregana denak ekartzeko. Hitz batean, Mikela, maite zaitut eta horregatik nahi zintuzket ikusi nirekin beste era batean eta beste bide hobean.
MIKELA Aurreneko hori behinik behin.
ANJEL Zergatik ez? Egia txaluparik ez dudala, baporerik ere ez, ez naizela diruaren jabe, baina badakizu, inor bada-eta, kai guztian ondo ikusia nagoela. Itsasoan beldur gabea, lehorrean baketsua, arrantzale trebea, gizon prestua; patroi izan nahi badut ere, baporea nork emana izango dudana.
MIKELA Egia da.
ANJEL Orduan zergatik zabiltza ihesi? Zergatik?
MIKELA Ni? Ez dakit.
KARLOTA ( Kaletik oihuka ) Mikela! Zain nagon; ez al hator?
ANJEL Karlotaren deia.
MIKELA ( Leihotik ) Bai, banoan.
KARLOTA Mikela!
MIKELA ( Leiho ondotik ). Banoan!
ANJEL Mikela, ez zara joango, inola ere ez dut nahi, ez zaitut Boni eta bere lagun neska-galtzaile horiekin joaten utziko.
MIKELA ( Apal ) Anjel, utz nazazu.
ANJEL Ez; ez dakizu bada Karlota horiekin bide txarrean besterik ez dela ibiltzen, eta nik nire andretzat hautua daukadana ezin nezakeela, hizketan ere horiekin ikusi? Mikela, utz ezazu Karlota, eta geldi zaitez, geldi, eta zuk zerorrek aurrez aurre berari esateko aurpegirik ez baduzu, nik esango diot, eta galaraziko diot betiko hemen sartzea.
MIKELA Ez, utz nazazu, neronek egingo dut hori.
ANJEL Noiz?
MIKELA ...Bihar...
ANJEL Bihar ez, berehala.
KARLOTA ( Barrendik ) Mikela!
ANJEL ( Leihotik oihuka ) Ez doa... zoaz bakarrik.
MIKELA Zer oihu egin duzu?... hau lotsa! zer esan behar du Karlotak?
ANJEL Doala bakean betiko.
MIKELA Ni ere banoa.
ANJEL Nora?
MIKELA Nahi dudan lekura.
ANJEL ( Besotik helduaz ) Ez.
MIKELA Geldi! zein zara zu niri galarazteko!
ANJEL Galarazteko inor ez...
MIKELA Kendu aurretik orduan.
ANJEL Baina arren egiteko bai... eta bihotzetik eskatzen dizut... agian azkeneko aldiz...
MIKELA Ez dut zer entzunik.
ANJEL Begira ezazu zer egitera zoazen. Bart bailean izatea asko ez dela; orain berriro horietara joaten bazara, nirekikoa egin duzu, ez dizute nire begiek buruhausterik gehiago emango.
MIKELA Hobe.
ANJEL Izango zara horren gogorra? ( Eskutik daukala ).
|