2. 7. irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  2. 7. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

ZAZPIGARREN IRUDIA



VII

Pako, Mutila, Tutulux, Koipe, Boni, Karlota



Ereslariak, Lanperna saltzailea eta diren guztiak



TUTULUX ( Barrendik oihuka ) Arree! arree!

PAKO ( Altxa eta ezkerrera begira ) Oi! Tutulux asto gainean.

MUTILA Asto gaixoa!

TUTULUX ( Beti barrendik ) Arree!... arree!...

PAKO O! lehertu behar du gainekoak azpiko astoa.

TUTULUX Arree... arree!... ai... ai!... izo!... izo!... izo!... ai... ai!...

PAKO Ai ama! botako dik Tutulux hankaz gora.

MUTILA Han zoak!!... lehertu ote du? ( Joango da ikustera eta Pako eseriko da barrez. Barrenean Tutulux antsika eta denak oihuka ).

KOIPE ( Barrendik ). Silla bat, silla bat. ( Eramango du Mutilak eta berehala ekarriko dute Tutulux sillan etzanda Koipe, Karlota eta Mutilaren artean ).

KOIPE Tutulux, Tutulux!

KARLOTA Ur pixka bat.

KOIPE Zerbeza hobe du.

KARLOTA Aurpegira botatzeko da.

KOIPE Aurpegira baino nahiago du honek ahora. ( Tutuluxek irekitzen du ahoa )

PAKO Hona sagardoa. Tutulux, edan ezak. ( Dena hustu )

KOIPE Adixkidea: ez zaizu larriarekin eztarria itxi...

PAKO Irekitzeko adinako arrantzak egin ez al ditik?

TUTULUX Asto zikin hura!

KOIPE Hark ez dik kulparik, hik, herorrek. Jarriko hintzen, bada, asto txiki haren gainean? ederki asko ekarri naik ni nireak.

KARLOTA Bai ni ere.

KOIPE Horrek zeukan fantasia denen buru zetorrelako eta... buruz erori duk.

TUTULUX Astoak burua jaitsi duelako.

KOIPE Hik gehiago jaitsi duk... lurreraino.

TUTULUX Non da astoa?

KOIPE Airean han joan duk... hark eraman du poza!

TUTULUX Hiregatik duk; dantzan halako ederki genbiltzala gogoratu zaik asto gainean etortzea, eta to...

KOIPE Gu ederki etorri gaituk. Egoki izateko hik, herorrek hartu behar huen asto txiki hura gainean.

TUTULUX Emango diat begi-ondoko bat isiltzen ez bahaiz.

KOIPE Ezkerrarekin edo eskuinarekin?

TUTULUX Zaplateko batekin kenduko diat ilean daukaan koipe guztia.

KOIPE ( Buruko orrazkera erakutsiaz ). Cosmético Ideal, dos pesetas la koskorra, to, egin iezaiok usain.

TUTULUX ( Buruan jo nahian altxatuta ). To, egin iezaiok hazkura.

DENOK E! e! Sendatu da, sendatu da!...

KARLOTA Koiperen buruko koipearekin...

KOIPE Goazen berriro dantzara. ( Denok algaraz aldi batean ).

PAKO Hemen bertan; datorrela musika hona.

TUTULUX Eta datorrela Mikela ere; nik harekin dantzatu behar dut.

KARLOTA Bonik uzten badizu. Gehitxo dabiltza elkarrekin. Ez dakit orain ere non diren.

TUTULUX Orduan zurekin bada.

KARLOTA A, bai! horretarakoxe nagok. Dantza zaitez nahi baduzu lanperna saltzailearekin, han dator.

TUTULUX Zuk baino hobeto daki bada.

KARLOTA Hobe.

KOIPE Hemen datoz denak... leku, leku... hementxe dantzatuko gara... ( Etorriko dira ereslariak eta jarriko dira atzean ).

TUTULUX Zer nahi duzue jotzea? vals, chotis, polka, habanera, mazurka...

KOIPE Utz iezaiek hik geldirik. Jo dezatela nahi dutena.

TUTULUX Ez, nik eramango diat konpasa.

PAKO Tutulux diretore!

KARLOTA Norekin dantzaturik ez duelako.

TUTULUX Berriketa gutxi, eta goazen.

Ea mutilak, jo dezagun el chotis del disloque ...

Zalaparta gehiena eta gerria eta lepoa gehiena okertzen duten neska-mutilei, bost duro.

KOIPE Ja, ja, ja... ez zagok gaizki.

KARLOTA Eta geldiena ibiltzen direnei?

TUTULUX Paper lija puska bat, elkarri aurpegian uzten dioten kraka garbitzeko.

(Denok algara. Joko dute ereslariek eta hasiko dira denok dantzan. Geroxeago sartuko dira Boni eta Mikela; orduan, utziaz Tutuluxek eres-neurria eramatez, joango da berengana eta txapela eskuan duela eskatuko dio Mikelari dantzaldi bat. Joango da Boni mahaira, zerbeza edatera, eta ekingo diote dantzan Mikelak eta Tutuluxek beste denen tartean.)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org