3. 2. irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Lagun txar bat »  3. 2. irudia

Abelino Barriola. Lagun txar bat

BIGARREN IRUDIA



II

Lehengoak eta Mikela



MIKELA ( Irtengo da etxeko jantzi batekin ). Nola, Boni, ni ikusi gabe zoaz?

BONI Esan dit lotan zeundela eta ez zintudan esnatu nahi:

MIKELA Aitzakia txikia sortu duzu.

BONI Berehala etorriko nintzen.

MIKELA Larunbatean hori bera esan zenidan. Zatoz aurrera, gizona... Joxepatxo, zoaz zu barrura... ( Joxepa joan ) eser zaitez. (Biak eseri. Boni gogo txarrez ). Boni, ez dakit zer aurkitzen dudan zugan, ez zaitut ikusten lehen bezala pozik, nirekin egon nahirik.

BONI ( Bizi eta zakar ). Ezin dudanean, ezingo naiz etorri.

MIKELA ( Oso baretsu ). Ahal duzunean ere ez. Alferrik ukatuko didazu aspalditik bainator ezagutuaz zure niganako hoztasuna, eta egun hauetako bakardadean gauza asko bururatu zaizkit eta asko ikasi dut.

BONI Ba! Sendatzean denak ahaztuko zaizkizu. Nola nahi zenuen gaixo zeundela zure bila etortzea?

MIKELA Eta ikustera ere ez? ( Begirada zorrotz bat eginaz ). Gaur urtebete elkarganatu ginen eta hasiera eman genion bizimodu honi. Nola zureganatu ninduzun ondo dakizu. Gurasoen etxea galdu nuen, aiton gizajoa Martuteneko gertaera ikaragarri haiekin gaixotu, eta hiru egun barru hil zen, ni ikusi gabe, arren asko beragana joateko egin bazituen ere... ez baininduzun utzi...

BONI Zaude isilik! Zertarako berritu atsegin ez dena!

MIKELA ( Bizi ). Zuri gogorazteko. Niri ez zaizkit ahazten, zuri bai; eta egun horiekin batean nahi dizkizut gogoratu zuk niri agindu, eskaini eta opa zenizkidan ontasun guztiak. Ni dena zuria izango nintzen, zu guztia nirea, eta ni ez ezik nire gurasoak, senideak, denak ondo jarri behar zenituen.

BONI Nik ezingo nizun horrelako gauzarik agindu, Rochild naizela uste al duzu?

MIKELA Agintzen bai, ematen ez.

BONI Ba, ba. Jardun hau guztia dirua eskatzeko izango da.

MIKELA ( Bizi ). Ez, diru bila ez nabil, eta ez nauzu ez poztuko eta ez atsekabetuko emanarekin ala ukatzearekin. Ez, nik zu nahi zaitut, zure maitasuna, zure niganako gogoa nahi dut. Boni, nik nahi zaitut lehen ezagutu zintudan bezala, eta horretarako naukazu ni hemen oso-osorik zuretzat.

BONI Ni lehengoa naiz, betikoa.

MIKELA Niretzat orain ez zara lehengoa.

BONI Baita.

MIKELA Orduan nik ez zintudan ezagutzen.

BONI Baliteke.

MIKELA ( Lehor eta samin ). Arrazoi duzu... hala da. Hitz egin dezagun bada.

BONI Orain ez, gero. ( Altxatuaz ).

MIKELA Orain bertan nahi dut.

BONI Orain ez. Kaiera noa, itsaso izugarria dago, ekaitza badator eta oraindik bi bapore falta dira: nirea, Kosmek darabilena, eta zure aitarena.

MIKELA Nire aita ere bai?

BONI Bai, baina honezkero bertan dira, beste guztiak aspaldi sartu ziren-eta.

MIKELA Orduan etorriko zara?

BONI Bazkaltzera; hala beta gehiago izango dugu hitz egiteko. Ekar ezazu aldamenetik biontzat bazkaria.

MIKELA Ondo da.

BONI Gero arte, ekarri bazkari goxoa, eta jarri zuk aurpegi argia.

MIKELA Ni aurkituko nauzu zerorrek nahi nauzun bezala.

BONI Orduan barrez.

MIKELA Ez genuke egiaz egingo. Gero arte. ( Irten Boni ).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org