|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
III
Mikela eta Joxepatxo
MIKELA ( Eskuinetako gela irekiaz ). Joxepatxo, zatoz.
JOXEPATXO Joan al da Boni?
MIKELA Bai; irten behar duzu. ( Eseriko da mahaian, idatziko du paper bat eta emanaz ). Eraman ezazu hau aldameneko ostatura. Neroni joango nintzateke baina ez naiz ongi aurkitzen.
JOXEPATXO Ez, sinisten dut. Eguraldi hauekin ez da gorputza santu-santua egoten; hara neroni ere, ez nabil batere ondo.
MIKELA Ez, ez, ez da eguraldiarena.
JOXEPATXO Hala uste nuen bada, ez litzateke harritzekoa izango, noiz hotza, noiz beroa, hego-haizea eta iparra bata bestearen ondoren dabiltza... Orain ere badakar, badakar gogorra, joko du, haizea hasi da.
MIKELA Hainbat okerrago.
JOXEPATXO Dena dago orain txartua; eguraldiak ere ez dira lehen bezalakoak, dena okertua dago... hori da nik beti esaten dudana. A! gure gazte denboran, besterik zen; neguan hotza, bai egia, baina udaran beroa, eta ez orain bezala noiznahi beroa, noiznahi hotza. Horregatik horrenbeste jende gaixotzen da, eta zu ere bai... ( Mikelak buruaz ezetz ) bai... bai...
MIKELA Ezetz Joxepa.
JOXEPATXO Begira ezazu, nik ezagutu ditut urteak, han mila eta...
MIKELA Betikoa, ez zait isilduko. Joxepatxo, eraman ezazu hori ostatura eta gero joan behar duzu elizara.
JOXEPATXO Elizara?
MIKELA Ezagutzen al duzu Don Ramon apaiza?
JOXEPATXO Nolatan ez? Asko...
MIKELA Bai, e?
JOXEPATXO Ui! besterik ez, herritarra da-eta; hori da mutrikuarra. Horren aita zen botikaria, eta ezkondu zen...
MIKELA (Bizi). Bai, bere emaztearekin, badakit.
JOXEPATXO Ez, alargun batekin, alargun hori zen...
MIKELA ( Altxatu eta joanaz ). (Erotuko nau-eta neroni; noan).
JOXEPATXO Nora zoaz?
MIKELA Kalera.
JOXEPATXO Ez horixe; ez zara irtengo horregatik; ni joango naiz.
MIKELA Zoaz bada azkar.
JOXEPATXO Baina nola joango naiz ez badidazu esan zer esan behar diodan.
MIKELA Ez didazulako utzi, gazte denborako gauzetara joan zara-eta.
JOXEPATXO Hain xamurrak dira oroimen horiek! Ni, Mikela, zu bezala gaztea izana naiz. A! hura sasoia! Senargaiak inguruan parra-parra ibiltzen zitzaizkidan.
MIKELA Berriz!... Begira, Joxepa: zoaz berehala hemendik zure gelara edo kalera, nahi duzun lekura, baina zoaz.
JOXEPATXO Apaizarengana, eta ostatura... banoa. ( Ate ondoan bihurtuaz ). A... baina zer esan behar diot apaizari!
MIKELA Etzi goizean zazpietan meza bat ateratzeko.
JOXEPATXO ( Poliki, poliki, aurreratuaz ). Etzi, etzi... zer da etzi?.
MIKELA Ezer ez.
JOXEPATXO Etzi da.... ostirala... garizumako aurreneko ostirala.. eta...
MIKELA Zoaz, emakumea.
JOXEPATXO Da...
MIKELA Da, nire aitona hildako eguna.
JOXEPATXO Izan ere! Burua arintzen ari zait. Niri hori gogoratu ez... Bai, etzi... etzi... ona, gizajoa! Hura bai zela gizon elizkoia, zintzoa... nire senarraren lagun handia zen. A! penek, penek hil zuten gizajoa!
MIKELA Bai eta zure senarra pozak.
JOXEPATXO Bai, pozak, pozak.
MIKELA (Zure ondotik alde egiten zuelako).
JOXEPATXO Semea soldadutzatik libratu zen pozean egin genuen afari-merendu bat, eta gizajoa, barrez zegoela joan zitzaion okerreko eztarrira hezur bat eta ito egin zen... gizajoa!... aitatzen dudan bakoitzean negarra etortzen zait... nire Kelemente gizajoa!
MIKELA Zer, orain negar?
JOXEPATXO Gizon gutxi dira halakoak, nire Kelemente bezalakoak. A! zurekin dabilen Boni halakoa izango balitz, beste kukurrukurik joko zenuke zuk ere.
MIKELA (Berritu didazu nire barren nekea).
JOXEPATXO Gaixtoa, baina txit gaixtoa izango da niri burura sartu zaidana baldin badarabil... hori ez da gizon behar bezalakoak egiten duena... baina gertatzen dira... gertatzen dira.
MIKELA (Atsekabez). Aski duzu, zoaz isilik.
JOXEPATXO Banoa, banoa, barkatu... nire Kelemente bezalakoak gutxi, eta hau Boni... ( Tximista eta ondoren trumoia ) Oi! zer zen?... tximista?... Aitaren eta semearen.... bai... hara trumoia.
MIKELA Ekaitza, eta nire aita itsasoan. Sartu ote da?
JOXEPATXO Ai, ai!... Haizeak hori soinua, eta itsasoak hori orro. ( Entzungo da kristal puskatuen hots handi bat ). Hara: leihoren bat puskatu da... nirea ote da? ( Joango da bizkor eskuinetako gelara ).
MIKELA Ez da gutxiagotarako atera duen haizearekin... beste tximista bat... gogorra dator, ikaratzen naiz...
JOXEPATXO ( Berriro sartuaz ). Hala ere, hala ere...
MIKELA Etxekoa al zen?
JOXEPATXO Inguruan, baina gure etxean ez. Euria hasi baino lehenago banoa azkar-azkar.
MIKELA Berriketa gutxi bidean.
JOXEPATXO Ez dut inor topatuko.
MIKELA Bai, hobe.
|