|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
VI
Boni eta Pako
PAKO Boni, zer esan diok? Zer habil hi gaur? Zertara hator hona? Zertara nakarrek? Zer egin behar diagu gaur hemen? Burua puskatu arren ez zioat taxurik aurkitzen hik gaur egiten duanari. Neska honen aitaren baporea arroketara datorrela esan ditek hamabi gizon barrenean dituela, eta hik laguntza eman beharrean ukatu eta galarazi egin diok Kosmeri baporearekin gizon haiek salbatzera joatea. Kai guztian ikaragarrizko jarduna utzi duk eta hala ere hona hator, bere alabarengana. Zertara? Boni, zertara?
BONI Ez dezaala horrenbeste galdera egin. Lagundu iezadak, baina isilik.
PAKO Zertan?
BONI Mikelarekin haserretzen.
PAKO Zer diok? Hi erotu egin haiz.
BONI Ez, entzun iezadak. Badakik nola Anastasio etxegilearen alabarekin nabilen...?
PAKO Bai, eta ez zekiat zer aurkitu dioan Domingari, baina ikusten haut harekin.
BONI Zer? dirua. Pako, gaizki nabilek, gastu handia zeukaat; neskek, jokoak, zurrutak asko eraman zidatek; irabaziak berriz txikiak eta batengatik eta bestearengatik txit erori nauk eta ardit bat gabe gelditzeko zorian nagok. Horregatik nabilek neska horren atzetik, eta horrexegatik ezkonduko nauk.
PAKO Eta horretarako galarazten dik Mikelak.
BONI Asko, egun bat gehiagoan ezin jarraitu nezakek berarekin. Anastasiok bazekik eta esan zidak traba hori hautsi artean ez duela nahi bere alabarengana joaterik. Mikelarekikoa gaur bertan egin behar diat. Ikusten al duk orain zergatik ukatu dudan baporea? Eman banuen Donostia guztiak jakingo zian eta nire aitaginarreba-gaiak ez zian sinistuko kupituta eman nuenik. Ukatu dudala ere jakingo dik bihar herri denak, gaizki hitz egingo ditek, baina nik nahi ditudanek ikusiko ditek hauekin bukatu dudala betiko.
PAKO Entzuten diat, eta zenbat eta gehiago entzun gehiago harritzen nauk ikusirik hiri ondo datorkiana egitearren ez dioala begiratzen zernahi doilorkeriari. Utzi nahi duk kalean, hainbeste maite huela esanaz bizimodu txarrean jarri huen neska; arestian ukatu duk baporea, eta utzi dituk kai gainean negarrez hainbeste andre eta... gizon, eta hiri ondo datorkialako gauza egoki bat balitz bezala guztia aurkitzen duk. Boni, ez duk hik bihotzik edo ez duk entzuten zer esaten dian hire barrenak.
BONI Ez zekiat barrenak, baina hik esaten dizkidaan ederrak aditzen ditiat. Ez nian uste.
PAKO Zer nahi huen, bada?
BONI Zer? Laguntzea. Pako, arrazoi duk, Mikela txit ona duk, Anastasioren alabak baino askoz gehiago balio dik, baina nik dirua behar diat. Mikela on hutsa duk, ona delako ez zekiat nola utzi, lotsagabe bat izan bazen, aspaldi ahaztuta neukaan. Esan duk gauza egoki bat balitz bezala aurkitzen dudala guztia; ez diat egoki aurkitzen nik gaur kaian egin dudana, baina zer nahi duk? pozak nagok egokiera hori gaur agertu zaidalako. Jakiten duenean, txit haserretuko duk, eta nork zekik aitaren etxera ez ote den joango?... Hori nahiko nikek.
PAKO Hor konpon, Boni! Egin ezak nahi duana; ni banoak.
BONI Bazkaldu ezak hemen.
PAKO Ez. Ez diat Mikelaren aurrean egon nahi, ez diat negarrez ikusi nahi, bere alde aterako nauk eta okerrago izango duk.
BONI Egin ezak nahi duana.
PAKO Joan. ( Irten ).
|