|
Abelino Barriola. Lagun txar bat
VIII
Boni, Joxepatxo, Mikela
MIKELA ( Bere gelatik irtenaz ). Zer da hemen?
JOXEPATXO Mikela, zure aitaren baporea ia galduan, zure aita eta hamabi gizon ia itoan, hor, Gaztelu atzean, lema galduta edo makina hautsita, ez dakit; baina haizepean eta olatu tartean ia galdu dira.
MIKELA Zer diozu, Joxepa?
JOXEPATXO Egia...
MIKELA ( Boniri ). Joan al dira laguntzera?
BONI Bai.
JOXEPATXO Ez, ez, gezurra diozu. Bapore bat bakarra dago piztua, arestian sartu delako, Kosmek darabilena, eta horrek ez dio ateratzen utzi nahi. Patroitzatik bota egingo duela esan dio, joaten bada.
MIKELA Zergatik, Boni?
BONI Arrisku handia delako, eta agian biak galduko direlako.
MIKELA Agian gerta litekeen batekin ukatzen duzu laguntza?
JOXEPATXO Kosmek nahi du, arrantzale guztiek ere bai, izugarrizko marmarizoa dago kai denean, honen baimenaren zain daude denok, eta honek ezetz eta ezetz.
MIKELA Zoaz, Joxepa, eta esan doazela.
BONI ( Gogor ). Ez doazela esan dut nik, eta ez dira joango.
MIKELA Nola, Boni, neronen aitari hori ukatu? eta zu zara orain urtebete hainbeste ondasun eskaini zenizkidan gizona?
BONI Eta eman ere egin dizut makina bat.
MIKELA Zuk niri? Zer?... Galdu dut zuregatik gurasoen etxea, nire garbitasuna, lotsak hil zuen nire aitona... horiek al dira zor dizkizudan ondasunak?
BONI Ez, horiek ez.
MIKELA Agian lau pareta hauen tartean gorde eta edukitzea zor dizut nik zuri? Hori bada, ez dizut gehiago zorko, ondo kosta zaizkit hemen igarotako egunak, nahiz zuk uste ez.
BONI Niregatik egin zenezake nahi duzuna.
MIKELA Zerorrek nahi duzuna esan ezazu. Irten, hori nahi duzu, aspaldian horren bila zabiltza, hori egitearengatik gaur ukatu diozu nire gurasoari laguntza. Zurekin luzaro hitz egin nahi nuen, zuri egiak esan nahi nizkizun, lotsa, baldin baduzu, aurpegi ertzera atera nahi nizun, baina ez, orain ez, ez dizut ezer esango, arren egin baizik. Boni, irtengo naiz nonbaitera, noranahi, urruti... utziko zaitut bakarrik, baina aurrena, Boni, salba ezazu nire aita. Nire aita da, eta larri dago, nire aita da, eta gaizki dabil.
BONI Ezin nezake.
MIKELA Nork galarazten dizu? Isildu egiten zara? Norbait da. Zuk barren txarra izanagatik ez duzu horren doilorra; norbait da, eta norbait hori... emakumeren bat. ( Bonik bizkarra altxatu eta ixo ). Isildu egiten zara bigarren aldian? Egia baita. Utzi egin nahi nauzu beste batengatik eta aitzakia bila zabiltza. Utzi, laga, baztertu, lohipetu eta gero kale gorrian jarri... Zer zaizu zuri? Zer galdu duzu zuk?.... ( Haserrean igoaz ). A! eta uste duzu ni horretaratuko naizela gehiago gabe? Uste duzu nik, hor kalean, bakean utziko zintuzketedala joaten elkartuta zu eta beste emakume hori, agian barrez nire erruak ahotan hartuta...? Ez... ez... esku hauek, urte osoan geldirik dauden esku hauek bizkor lan egingo dute zeuon aurpegietan. ( bat-bateko aldakorra ) Baina zer diot! Burua galdu dut! Aitaz ahazten naiz nire samintasunak gogoratuaz.
JOXEPATXO Bai, Mikela, aitaz gogoratu.
MIKELA Boni, azkarra zara, zure bilaukerietan. Botatzen nauzu eta nahi duzu irtetea, ez madarikatuaz zu ezagututako eguna baizik eskerrak emanaz. Baporea irteteko baimena eman iezadazu, neroni joango naiz esatera... eta... ez naiz gehiago bihurtuko.
BONI Ez.
MIKELA Nola ez?
JOXEPATXO Jendea gora dator, zaudete isilik. Boni, zoaz hemendik Kosmeri baporea ematera.
BONI Zoaz zu, sorgin hori, deabruarekin sukaldera.
|