1.04. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  1.04. Irudia

Laugarren Irudia



Karmentxo eta Pedro. Xanti gauzak jasotzen





Pedro Irten behar duzu?

Karmentxo Ez. Bazkaria jarri behar dut.

Pedro Neskameak hori egingo du.

Karmentxo Anjelak eta bere senarrak gurekin bazkaltzen dute.

Pedro A! Orduan arrazoi duzu, maitetxo!

Karmentxo Anjela bezala hasi al zara?… Maitetxo!... Pedro, Anjelak bere senarra nola horrenbeste maite duen ezin sinistu liteke. Bera horren gaztea... senarra horren zaharra... Beti horrela al da?

Pedro Beti. Bi urte badira egunero ikusten ditudala, eta uste dut egunetik egunera maiteago daukala bere senarra. Ez da harritzekoa. Anjela batere harrokeriarik ez duen emakume on eta bihotz handikoa da. Senarra, berriz, gizon oso jakintsu eta argia, eta hala, batere behartu gabe, ezerki ukatu gabe, bere emaztea eramaten du berak gogo duen asmoetara. Asmo hauetan jarriak dauzkate biok beren bihotzak. Bi bihotzak bat egiteraino batuak daude, eta ez dira bizi elkarrentzako baizik.

Karmentxo Harritzekoa da.

Pedro Maite izatea askotan gaitza. Maitez gero ez dago eragozpenik. (Soinu handi bat entzuten da. Ondoren garrasiak. Xanti irteten da, eta berehala txit larri sartuko da)

Karmentxo Zer da? Zer da hots handi hori?

Pedro Eskaileretan da.

Karmentxo Anjela garrasika, ama ere bai, aita ere bai... Jaun handia, zer gertatzen da?

Xanti (Aulki bat hartu eta berriro irtenaz) Nagusia erori da. Min handia hartua izan behar du.

Pedro Banoa, ea zer ote den.

Karmentxo Hau atsekabea! Gizon horri gure etxean okerren bat gertatu ote zaio? Horrelako zerbait bada... Anjela gaixoa!







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org