2.01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  2.01. Irudia

Bigarren Egintza



Andre Anjelaren jauregiko gela nagusi bat, argia eta txit ondo antolatua. Atzean ezker aldean (edo alboan) ate zabal bat hall handi batera eta barrengo geletara bidea ematen duena. Eskuin alderago beste handi bat, hau ere dena zabaldua. Ate honetatik ageri da, aurrena baratzera jaisteko bi aldetako eskailera bere eskudel-baranda eta guzi, eta ondoren baratz ederra, bere lore, zuhaitz eta abarrekin. Eskuinetan, aurre aldera idazmahai bat. Atzean eserleku apainak.





Lehenengo Irudia



Andre Kiteri, Irene (bere alaba), Paulita eta Neskamea





(Hirurak etorriko dira goizean andre eta andere etxe onekoak elizara joaten diren eran. Irene txit isila da, lekaime gaia baita. Paulita, berriz, hitz jarioa. Bere nahimen guzien kaltez ezkongai dago. Urteak badoazkio baina ez haragiak, gero eta gizenago baitago, nahiz kortsez eta soin estuz ondo estutu. Txikia da, neskatilen antzera, gaur ohi den bezala, gona motzak eta kolko ageria daramatza. Ez da itsusia aurpegi azal ona eta begi biziak baititu)

Neskamea (Sartuko da hiruren aurretik). Eser bitez. Berehala hots egingo diot. (Ezkerreko atetik joango da.)

Andre Kiteri Eskerrik asko.

Paulita Aurrenekoak gara. Inoren etxera etortzeko goiz da, baina nola gaur herri guzia etorriko den, ez nuen geroko utzi nahi.

Andre Kiteri Bada gu, elizako jira eginez gero gutxitan ateratzen gara, eta hona etortzea geroko utzi bagenu, gaizki ibiliko ginen.

Paulita Zu, zenbat urte ditu gaur Anjelak?

Andre Kiteri Honek izango ditu... zaude... Ezkondu zen... hemeretzi urterekin. Ezkonduta egin zituen... hamaika... eta, orain alargun dagoela ia bi... Dira... hemeretzi… hogeita hamar... hogeita hamabi... Bai, hogeita hamabi. Gaztea da.

Paulita (Jauzi (salto) bat atzeraka eman eta eseriko da, eta egokera hartzen duen bitartean barrengo ai! bat boteaz. Haizekiz (abenikoz) txit maiz eta bizi haizatuko da). Ai!... Gutxiago ditut nik, eta ez naizela gaztea esaten didate.

Andre Kiteri Neskatxako ez, andretzako bai. Eta gainera... gutxiago... Zenbat gutxiago dituzu zuk?

Paulita Nik... ondotxo.

Andre Kiteri Bai... Lau edo bost... hilabete... Gogoratzen naiz nola zure ama eta horrena inguruan ziren haurdun.

Paulita Gutxiago... gutxiago... Eta orain bertan, diotenez, gure alargunaren inguruan, bi edo hiru ba omen dabiltza, eta nirean inor ez.

Andre Kiteri Emakumea, gezurra dirudi zu beti honelakoa izatea. Jaungoikoak nahi badu, senargaia izango duzu, eta ezkonduko zara, baina nahi ez badu...

Paulita Nork esaten du ez duela nahi?

Andre Kiteri Nik ez. Baina ezkontzeko jaio bazara, agertuko da norbait... Hara... Honek, denbora gutxian, bi izan ditu, eta mutil on askoak, baina nola lekaime (moja) joan nahi duen...

Paulita Zer egin du?

Irene Ezezkoa eman. Nik hautua daukat nire betiko ezkona: Jesus nire jabe eta Jaun handia.

Paulita Bada nik hezur eta haragizko senarra nahi dut.

Irene Jesus nirea!

Paulita Ez harritu, ez. Nik nahi dudana esan egiten dut... beste askok, isildu,... Eta hor dabiltza irrikitzen, prozesioa barrenean dutela.

Irene (Berez) Gehienaz zu adina.

Paulita Gizonekin gertatzen dena harritzekoa da. Ez du balio ez polita izateak, ez argia, ez bizia... Eta askotan ezta zerbait izateak ere. (Diruengatik).

Andre Kiteri Asko izateak bai ordea!

Paulita A! Hori bai! Hara Matilde bere oin oker, kokots luze eta hizketa zapa-zaparekin... senarra.

Irene Hain neska ona da eta... Honek esango dituenak.

Paulita Baina dirua alde batera utzita ere, ez dakit gizonek nora begiratzen duten, eta zer ikusten duten. Klotilde, talo erre gabeko aurpegidun neska hura... ezkondu. Antselma, kanaka neurtu behar den emakumea... ezkondu. Luisatxo, hezur eta larru, soinekoak zintzilik eramateko dirudien makila... ezkondu. Eliodora, ate horretan sartuko ez litzatekeen betroia... ezkondu.

Andre Kiteri Eta Paulita?

Paulita Paulita... hemen... gai... beti gai...

Irene Bai egongo ere. Gizonek ezagutzen zaituzte, bai.

Andre Kiteri San Antoniori eskatu behar diozu arreta handiz.

Paulita Horrekin haserre nago.

Andre Kiteri Zer bada?

Paulita Entzuten ez didalako. Joan den urtean egin nizkion hamahiru astearteak, agindurik gainera, senargaitzako eskatzen nion mutilak baiezkoa emateko nire aldetik ahalegin guziak egingo nituela... eta...

Andre Kiteri Eta?...

Paulita Eta... eta...

Andre Kiteri Ez al zuen baiezkorik eman?

Paulita Bai... neskatila, motots zintzilik, hamahiru astearteak nirekin egin zituen bati.

Andre Kiteri Bioi ezin, bada, eman.

Paulita Ez nion nik biontzako eskatu, niretzat baizik. Orduz gero haserre nago. (Apaiz jaunaren ahotsa barrenean entzuten da. Atzetik sartzen da)

Apaiz jauna Utzi, utzi; badakit bidea.

Andre Kiteri Apaiz jauna dator.

Irene Hala ere! Orain isilduko da.

Paulita Ez dakit zer egiten duen Anjelak etorri gabe.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org