|
Bosgarren Irudia
Andre Anjela, Kontxexi eta Erruperto
(Kontxexi eta Erruperto herriko (oste) jendeen antzera jantziak. Kontxexi bizi eta hitz jarioa da. Erruperto isila eta lotua; txapela beti esku artean ibiliko du.)
Kontxexi Egun on, gure etxekoandre ona. A!... Gero eta gazteago eta ederrago dago berori. A! Eta horixe eskatzen diot nik egunero gure Jainkoari goizeko ezkila-argian, mezatan, eguerdian, gauean... beti, beti... Eta gaur, zer esanik ez. Ez da hala, Erruperto, ederra dagoela?
Erruperto ...Bai... bai... ederra dago. (Anjelari begiratzea lotsatuaz)
Andre Anjela (Irribarrez) Ez bada hori eskatu, Kontxexi. Ez dut inork ederretsi beharrik. Osasuna izatea nahikoa dut.
Kontxexi Ez dakit, bada... ez dakit, bada...
Andre Anjela Nik badakit eta aski da. Semearen berririk baduzue?
Kontxexi Gutxi... gutxi... Begira beza; nik uste dut urruti haietan nahikoa egon dela, eta etxeratzeko garaia iritsi dela... Errupertok beti hori esaten dit... ez da hala?...
Erruperto (Behartua bezala) Bai... bai...
Kontxexi Bai, bada. Mutilarekin horrenbeste gastatu, gizon egin eta orain txanpon batzuk etxera ekarri behar dituenean, estudiatzera berriz bidali...
Andre Anjela Zuen semea azkarra da. Urtebete honetan asko aurreratu du, eta beste lau edo bost urtean noraino joango den, nork daki?
Kontxexi Karmengo Ama errukitsua! Lau edo bost urte! Ez... ez... Errupertok ez du nahi, ez... ez... Herrian dagoen osalaria zahartu da, eta lan gutxi egiten du; eta gure semea orain etorriko balitz, arrunt eramango luke dena. (Isil antzean) Klotilde haur egiteko egunetan laster da... Konfiteroaren alaba lepoan izugarrizko hazi-gurintxo batekin dago... Ferratzailearen semea hankan flemoiarekin… Eta orain etorriko balitz, ikus beza zer dirutzak irabaziko lituzkeen. Errupertok kontu hauek ateratzen ditu, eta Errupertok esaten dit...
Andre Anjela Alferrik da. Zuen semea ez da etorriko. Eta etorri ondoren, zer uste duzue, herri koskor honetan sartuta biziko dela? Ez sinistu.
Kontxexi Baina Klotildek nire semearekin haurra egin nahi du... eta...
Andre Anjela Klotildek ez diezaiola itxaron zure semeari... Luzetxo joango zaio eta. Konfiteroaren alaba... ferratzailearen semea eta abar sendatuko dira orain arte bezala. Ez larritu. Lukas ez da etorriko... Eta dirua behar baduzue, Xantiri eskatu eta lasai bizi.
Kontxexi A! Xanti!... Xanti!... (barre antzean) Beste zer edo zer badu, bada, Errupertok esan beharra... Ez al da hala?...
Erruperto Nik?... (Kontxexik begiratu zorrotz bat egiten dio eta ikaraturik jarraitzen du) Bai... bai...
Andre Anjela Zer duzu, bada, Erruperto?
Erruperto Nik?... Ezer ez...
Kontxexi Buru horretan ez behinik behin. Ileak ere ez dakit nola dauzkazun... Etxean berriketan eta hemen hitzik ez.
Erruperto Hemen eta etxean berritsua zu zara... ez dut nik ezer esango...
Andre Anjela Esan ezazu, bada, zuk, baina azkar, joan egin behar dut eta.
Kontxexi Badaki... gure alaba urteetan aurrera doa eta... pentsatu dugu ezkontzeko sasoirik egokienean oraintxe dagoela... polita da... haziera onak baditu, etxean behar diren gauza guziak egiten badaki, isila... apala... egokia, hitz batean nire antz-antzekoa...
Erruperto Zurea? Zertan?... Nire antz berbera badu.
Kontxexi Nahi bai. Sudurra!
Erruperto Gibela!...
Andre Anjela Kontxexi, ixo... Eta aurrera. Ezkondu egin behar al duzue?
Kontxexi Berorrek nahi balu...
Andre Anjela (Barrez) Nik? Ni ez naiz gurasoa eta ezta gizongaia ere.
Kontxexi Baina bai gizongaia daukana.
Andre Anjela Nik?
Kontxexi Errupertok esan zidan... senargai ona izango litzatekeela berorren idazlaria... Xanti.
Andre Anjela A! Berak nahi badu...
Kontxexi Berorrek nahi badu, berak nahiko du.
Andre Anjela Xanti ez da nire semea, eta ezta nire sendikoa. Zerorrek esan iezaiozu... alabak esan nahi ez badio.
Kontxexi Baimena ematen al dit?
Andre Anjela Nolatan ez?
Kontxexi Ez dakit baina... zer edo zer esan zidan Errupertok eta...
Erruperto Gezurra... ez nizun nik esan. Ez biezaio jaramonik egin honen berriketari.
Kontxexi Laguntza ederra dauka alabak zurekin.
Andre Anjela Alabak edo semeak, buka ezazu azkar. Zer dio Errupertok... edo zer diozu zuk?
Kontxexi Honek esaten ez duenez gero, nik esan beharko... Alaba gaixoa! ...Hara bada... alegia, mutil ona dela eta... berorrentzat hautua daukala eta... laster...
Andre Anjela (Oso ilun) Zer laster?
Kontxexi Ezkonduko ote diren...
Andre Anjela (Txit haserre eta gogor) Berritsu!... Gezurra sortzea gaizki egina da, baina ahotan ibiltzea okerragoa. Zoazte hemendik!
Kontxexi (Ikaratuaz) Errupertok esatea nahi zuen, bada, eta...
Andre Anjela Errupertok ez... zuk.
Erruperto Arrazoi du.
Kontxexi Ederki... Gainera arrazoi eman... Alaba gaixoa!
Erruperto Ez, zuri emango dizut! Berritsu hori!
Kontxexi Ezagun da ez zitzaizula niri adina jaiotzea kosta... (Negar antzean)
Andre Anjela Agur... Datorrela alaba.
Kontxexi (Pozturik) Nirekin?
Andre Anjela Ez, bakarrik.
Kontxexi (Ezkerreko atean ezkutatuaz eta oraindik negar antzean) Alaba gaixoa!... Honelako aitarekin ongi jaioa zaude!
|