2.06. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  2.06. Irudia

Seigarren Irudia



Andre Anjela eta Xanti





Xanti (Baratzetik sartzen da) Egun on, Andre Anjela.

Andre Anjela Egun on, Xanti... (Berez) Gaur ez didate bakean utziko.

Xanti Nire aita zaharrak ere etorri nahi zuen, baina neuronek galarazi diot.

Andre Anjela Zertarako? Adiskide zaharra baitut, eta onespen handia baitiot...

Xanti Bai horixe. “Esan iezaiok -esan dit- gaur ez galarazteagatik ez joan arren, egun guzian aurrean edukiko dudala, eta Jaunari arren egitez ez naizela aspertuko, gaur zoriontasun guziak irits ditzan.

Andre Anjela Bihotzetik eskertzen dut.

Xanti Har itzazu, harenarekin batean, nik ere bihotzez opatzen dizkizudan ontasun guziak.

Andre Anjela Eskerrik asko, Xanti. Gaur bost idazki etorri dira. Irakur itzazu eta erantzun behar zaie... Lukas, Antonio eta Andresi mila bana pezeta bidali gaur nire izenean; eta Andresi esan idazteko papera eros dezan bidaltzen dizkiodala.

Xanti Azkenean ez du idatzi...

Andre Anjela Ez. Hark aterako dituen zalapartak zer egun joan den gogoratzen denean.

Xanti Gezurra dirudi zure eguna noiz den ahaztea.

Andre Anjela Ez da harritzekoa.

Xanti Bai. (Sutsu)

Andre Anjela (Erantzuteko eraz harriturik) Bai?... Erantzun horiei esan bezala. (Xanti eseri mahaian eta idazkiak irakurtzeko hartzen ditu. Anjela ezkerreko atetik irteten hasiko da, baina gelditurik dio) A! Zu, Xanti. Ba al dakizu, zertara etorri diren Erruperto eta Kontxexi?

Xanti Zorion agurra egitera.

Andre Anjela Bai, eta... bere alabarentzat senargaia eskatzera.

Xanti Hona?

Andre Anjela Hona. Zurekin ezkondu nahi omen du.

Xanti Ez naiz ni harekin ezkonduko.

Andre Anjela Zer, bada?... Besteren bat al duzu? (Xantik erantzun gabe burua makurtzen du) ...bada alaba etortzeko esan diot eta zer edo zer jakin nahiko nuke...

Xanti Ez dadila etor.

Andre Anjela Ondo da. Orduan badakit zer esan. Ez duzula ezkondu nahi.

Xanti Ezkondu?... Bai, nahiko nuke... Norekin ezik...

Andre Anjela A! Orduan baduzula...

Xanti Aspaldian...

Andre Anjela Eta, da....? (Xantik begiratu eztitsu bat egin ondoren, burua makurtuko du eta esango du berez)

Xanti (Zu...)

Andre Anjela (Ez dio entzuten, baina begiratuan ezagutzen du, eta nahigabe handiarekin irtetera egiten du) Jauna!... Egia zen!







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org