|
Hirugarren Egintza
Bigarren egintzako gela nagusia
Lehenengo Irudia
Andre Anjela bakarrik
Andre Anjela (Idazki batzuk irakurtzen idazmahaian eserita dago) “...nire bihotz txaldanak eta neure buru txoroak zure aurrean lotsagarri jarri naute. Zutaz ahazteko, zer daukat buruan zerrautsa ez bada? Bidaltzen dizkidazun diruak lotsaturik hartu ditut. Neure burua porrokatu nahian etxetik irten naiz eta Jaun errukitsua!, emakume gaixo behartsu batekin topo egin dut. Hiru haurtxo zeuzkan magalean, eta, eskua luze, bere erraietako zati haiei gosea kentzeko, txakur bat eskatzen zidan. Ikusi nuen bertan zure irudia, eta haurtxo kaxkar bihurrienean nirea. Altxarazi nuen, eta esan nion, nahi bazuen, nirekin inguruko elizara etorri, eta han meza entzun, eta ludian zen emakumerik onen, bihotz xamurren eta buru argienaren alde otoitz egin, urrezko Luis eder bat emango niola. Ez dakit beste gehiagok ere entzun zidaten, baina, berehalaxe, hogeita gehiago txiro, zuzen eta okerrak, aurretik behartsu handiena ni neroni nintzela, Jaunaren etxean sartu ginen.
Meza entzun genuen, ondoren, ahots argiz zugatik arren egin genuen eta irten ginen denok alai, denok pozgiro. Txanpon batzuk denei zabaldu, laztan eta musu beroak haurtxo haiei eman, eta, asmo sendoz beterik gelditu naiz aurrerantzean, zure seme leial, zintzo eta langilea izateko.”
A, gizagaixoa!... Bihotz hutsa da! Asmo horiek iraungo baliote...! Hau izango ote da nire senarrak eta orain nik bilatzen dugun eusko semea?... (Beste idazki bat edo bi ireki eta irakurtzen ditu. Gero beste bat ikusten duenean, bat-batean jarriko da txit larri, suak hartuta)
Izengea! Anonimoa! Gaur ere bai!... Zortzi egunean hiru!... Eta niri ez ezik, apaiz jaunari, Pedrori eta Karmentxori. Nor da idazkipean izena jarri nahi ez duen petral txarra, eta denen aurrean, nabarkeriaz beterik, lotsagarri agertu nahi nauena? Jauna! Zer erru egin dut honela gaizki nahi izateko? Nor da nire kaltez dabilena? Ez al dut laster jakingo? Samintasunez hil behar badut! (Apur batean egon) Zer dio...? (isilik irakurri eta gero) Betikoa... Nahi nuen eran gauza guziak gertatu direla. Xanti bidali dudala gure isilketak ez agertzeko. Karmentxori ere hitz onak esan ondoren, lau urtean izan duen senargaia atzipetu, lapurtu diodala. Nire harrokerian darabildan asmoa erabat osatzeko, hobe dudala Pedrorekin ezkondu, herritik aldendu, eta luzaro ez agertu, herria nire kaskarkeriaz ahantz dadin...
Ez!... Ez!... Nik ez dut bidali Xanti bestearekin egoten galarazten zidalako. Nik ez diot Karmentxori senargaia kendu. Ez diot Pedrori ez aurrerapenik eta inongo itxaropenik eman... Ez!... Gezurrak dira. Gaiztoren baten iraun zitalak...
(Baretu apur bat eta gogalduaz) Baina hemen gertatu diren gauzekin nola ez sinistu? Xanti etxean ez; Karmentxo eta Pedro haserre; honek nirekin ezkondu nahi eta ni errurik gabe denen ahotan... (Mahaitik altxa, apur bat ibili, eta beste leku batean, aurrera samar, berriro eseriko da) Errudun naizela... Zer diot? Ez dudala bidali Pedro Xanti bezala... Ez dizkiodala itxi ateak hari bezala... Eta zer?... Nire ondoan norbait behar dut eta, nor Pedro baino uste hobeko gizona?
(Gogozko amets gozo batekin bezala poztuaz. Ezkontzako hitzak esango ditu geldi-geldi eta eztitsu) Nire inguruan dagoenean alaitzen naiz, bere esanak pozik entzuten dizkiot, nahiz askotan urrutitxo joan. Hain alai da!...
Denok egoki aurkitzen dutelako, esan dute noski, ezkontzen naizela. Eta hala da, egoki da; ez baitago ondo emakume bakarra, gazte eta aberatsa, gizonez inguratua, bat bere alde eskubide osoan agertzeko ez daukala... Karmentxori kalte egiten diodala? Ez naiz ni, bera baizik, haserretu dena. Ezkon naiteke... Ezkondu ondoren berriketak isilduko dira... eta, ez badira ere, urruti joango gara eta... ez ditugu entzungo... eta zoriontsu izango naiz nire senar berri... (Altxa bat-batean hitz horrek esnatuko balu bezala) Zer diot? Beste senar bat? Ezkontzeko jarriko nintzateke?... (Samin) Bihotzak baietzera eraman nau... pozten zuen maitasunezko asmo zoragarriekin jolasten utzi baitiot... alferrik!... Anjela! altxa burua... begira gorantz, gogoratu zure alarguntasuna, eta daramazun izen ospetsua... Ikusi hemen utzi zizun lan ederra eta jarrai... (Atsekabez porrokaturik) Jauna! Zoratu behar dut!... Min daukat! eta nire atsekabe eta samintasun hau, gaizki nahi didanen batek handitzen dit... (Aulkian etzanaz) sakontzen dit...
|