|
Bigarren Irudia
Andre Anjela eta Apaiz jauna
Apaiz jauna (Atzeko atetik). Arratsalde on.
Andre Anjela Arratsalde on, apaiz jauna.
Apaiz jauna Nola gara?
Andre Anjela Berdin... Oraintxe hartu dut beste izengekoa. Hau erotzeko bada... (Apaizak ezpainak estutu eta isilaldi bat). Ezer jakin al du?
Apaiz jauna Ezer ez. Xantirenetik nator, gogor hartu dut, baiezkoa atera nahi nion, baina alferrik!... Idazki horiek bidaltzen dituena ez da Xanti.
Andre Anjela Nor izan liteke, bada? Hura dago haserre, nik egin diodanagatik, eta kalte egin nahi dit.
Apaiz jauna Ez, ez dago zure aurka, eta esango nuke zuk adina min daukala gertatzen zaizunarekin. Lan-leku berri bat Donostian aurkitu zuen, gaurtik irabazpidea bazeukan, baina hartzen dituzun izenge horien egilea bera ez dela erakusteagatik, denak utzi eta Ameriketara joateko burubidea hartu du... eta, okerrena da bere aita zahar gaixoa ere eraman nahi duela. Anton gizagaixoa nirekin etorri da, zuri bi hitz egin nahi dizkizu, eta esan dit, arren, ez ukatzeko sarrera, bere semeari ukatu diozun bezala.
Andre Anjela Gizagaixo hori aurrean ikustea niretzat gogorra da.
Apaiz jauna Izan arren, etzaiozula ukatu. (Geldialdia. Bat-batean erabakiaz)
Andre Anjela Datorrela.
Apaiz jauna Eskerrik asko. Eta zuk zer egin duzu Karmentxorekin?
Andre Anjela Ezer ez. Bitan izan naiz bere etxean baina ez dut ikusi. Gurasoek diote gaixo dagoela, eta ez zaiola utzi behar inorekin hizketan.
Apaiz jauna Eta, berek, zer diote? Zuk errurik ez duzula, sinesten al dute?
Andre Anjela Hasieran ez... Bigarren aldian joan nintzenean... baietz uste dut. Gaur ikusi behar dut; berak ere hartuko zuen hirugarren izengea.
Apaiz jauna Hartuko zuen... nik ere badut eta...
Andre Anjela (Haserre) Baina, apaiz Jauna, nor da bihotz txar, petral hori?
Apaiz jauna Agertuko da, agertuko da garaiz...
Andre Anjela Nola liteke! Idazki horiek eskuz eginak balira, agian; baina makinaz baitaude eta makinen letra berdina baita...
Apaiz jauna Hala izanda ere, eroriko da, eroriko da... Antonen bila noa... Zaude apurtxo bat. (Ezkerretik irtengo da. Anjela mahaira joango da eta urrutizkinaz hitz egingo du)
Andre Anjela Probintziakoa... Donostiarekin... Donostia?... Ehun eta hamalaugarrenarekin: Eroriko dela, eroriko dela... A! atzaparretan baneuka!... Zein? Zein da?... Ni? Anjela... Ondo, ondo... Eta hor, nola zarete?... Alaba ere bai?... Pozten naiz... Badakizu Karmentxorekin egon beharra dudala eta esaiozu ea zer ordutan joatea nahi duen... Bai, itxoingo dut. (Urrutizkin tresna belarritik aterata). Gaixoak beste idazkia hartuko zuen eta, nola ote dago... Pedrok gogoa altxatzen lagunduko balio... Baina hain gogor dago... Zer?... Zer?... Bera etorriko dela?... Ez... Etzaiozula laga... Ni neroni joango naiz... Ez badu nahi, bada... datorrela... Noiznahi... Ez dut irteteko asmorik... Ondo da... Eskumuinak emazteari... Agur... Bera etorriko dela... Zer ote dakar?
|