3.03. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  3.03. Irudia

Hirugarren Irudia



Andre Anjela, Apaiz jauna eta Anton zaharra





(Anton zaharra, dardaratsu, makurtu samarra baina kemen handikoa. Anjela eta Antonek hitz egiten duten bitartean apaiz jauna eserita haren didazki –brebiarioa- irakurtzen egongo da)

Andre Anjela Anton, zer zabiltza?

Anton Andre Anjela... bihotza minbera eta aurpegian lotsa agertzen zaidala nator, beti itzal handiarekin ikusi dudanaren aurrera.

Andre Anjela Badakit Anton, esker onekoa zarela eta nik egin dizkiodan adina onen ondoren, zure semea ere hala izango zela uste nuen.

Anton Nire semeak burua galdu du. Haurtxo bat izan balitz, zati-zati egin eta bide zuzenean jarriko nuen. Baina... gizon egin da... Eta gizonaren okerrak ez dira hain erraz zuzentzen... Zugan begiak jarri!... Jauna!... Gure ontasun guzien emaileagan!...

Andre Anjela Ez nago haserre horrengatik... Hori ez da hobena... Hori barkatu nion. Baina inola ere ezin eraman dudana da, orain egiten ari den zitalkeria.

Anton Anjela, ez... Nire semeak ez ditu egiten idazki horiek.

Andre Anjela Ni horretan nago, bada.

Anton Gaizki zaude. Orain bertan hartu duen buruzpidea, bera ez dela erakusteagatik da. Ameriketara doa; gaur bertan irten nahi du, eta... (Erdi negarrez) ni eraman nahi nau. Nik ez dut joan nahi... Laster hemen, herri maite honetan, hobira joan behar duten hezur zahar hauek, itsaso zabalean botatzea nahiko duzu? Edo inor gehiago gogoratuko ez den erbesteko bazterren batean gelditzea?

Andre Anjela Ez, Anton... Eta, zer nahi duzu?

Anton Hemen gelditu... Lanerako gauza ez naiz... badakit... baina, zer edo zer eginaz ez al ninduzun edukiko zure etxean... baztertxo batean...

Andre Anjela (Ilun) Nire etxean?

Anton Ate zaintzen... baratza apurtxo bat garbitzen...

Andre Anjela (Bizi). Eta hemen ikusten duzun guzia semeari esaten, eta, orain bezala, aurrera ere nik egiten dudana edo ez dudana zabaltzen...

Anton (Atsekabe handiz baina tente). Zer... horren gezur zuritzat naukazu? Horren txartzat eta barrengetzat?... Ez... ez dut ezer nahi... joango naiz hemendik... urruti... urruti... Gogorkeria handia egiten duzu nire seme eta aiton zahar honekin. Egun batean damutuko zaizu... Agur... Jaunak bere aurrera hots egin arte ez dugu gehiago elkar ikusiko, eta orduan ikusiko duzu, Anton zaharrak zer asmo zeraman bihotzean. (Erdi balantzaka, negarrak ihesi egin nahian, ezkerretik, atzeko ate handitik irtengo da)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org