 |
|
 |
 |
|
Bosgarren Irudia
Lehengoak eta Pedro
Pedro O! Laguntza onarekin dago gure Anjela.
Apaiz jauna Premia dauka.
Pedro Ez al zaigu alaitzen?
Apaiz jauna Alaitu?... Bai... erotzeko zorian zegoen arestian.
Andre Anjela Ezer jakin al duzu?
Pedro Hitz bat ere ez. (Idazki bat patrikatik atereaz) Beste bat hartu dut.
Andre Anjela Nik ere bai.
Apaiz jauna Nik ere bai... Dena dela, langilea da.
Andre Anjela Eta petral txarra.
Pedro Hona nentorrela Xanti aurkitu dut. Zerbait jakin nahian inguratu naiz, eta une berean bildu zaigu Anton zaharra. Gizagaixoak edana zirudien! Balantzaka, ukabilak estuturik, begiak zoro antzera, eta hitzik asma ezinik, inork ezagutuko ez duen lekura joan nahi duela esan digu.
Apaiz jauna Anton gizagaixoa! eta, Xantik, zer zioen?
Pedro Poza agertu du. Honela ez omen da bere aita zahar maitearen aldamenetik aldenduko.
Apaiz jauna Zahartzaroa laburtzea gogorra da! Nola joango da Ameriketara gizon hori?
Pedro Beste gehiagoren antzera. Ez da bakarra, eta heriotzak han edo hemen berdin atzituko du.
Apaiz jauna Han, hemen baino lehenago.
Andre Anjela Utz ditzagun gauza samin horiek... Elizako leiartzekin zer egin duzu?
Pedro Parisko etxe hartara eskatu ditut. Hona idazkia, zuri erakutsi gabe ez nuen bota nahi... Ea ondo dagoen. (Anjelak hartzen dio, eta irakurtzen hasten denean ikara dar-dar bat soin guzian igaroko zaio. Eramango du eskua begietara, irakurtzen hasiko da berriro. Utzi, eta mahaian daukan izengeko idazkia hartzera joango da)
Pedro Beraz, apaiz jaunak uste du atsekabeek heriotza aurreratzen dutela. Ez al gara bada hiltzen Jaungoikoak nahi duenean?
Apaiz jauna Bai horixe... Baina atsekabeak, batez ere azkeneko urteetan, heriotza aurreratzen dutela zer esanik ez dago...
Pedro Jaunak nahi duelako. (Anjelak bitarte honetan erkatu ditu mahaian bi idazkiak eta dio)
Andre Anjela Letra A zikindua... Hemen ere bai. O erdi ezeztua... Hemen ere bai...
Apaiz jauna Jaunak gaitz egiten uzten du, baina inori ez digu ematen eskubiderik, ez berari eta ez besteri gaitzik egiteko. A! Egileak, bere kaltea garaiz ez badu ordaintzen heriotza ondoren zigor galanta izango du. Eta bere egipen txar guziak agertzen zaizkion garai hartan aitzakiak alferrik izango dira. (Anjela, apaizak bukatu baino lehenago, altxatuko da bi idazkiak eskuan hartuta eta irtengo da)
Andre Anjela Berehala nator.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |