3.08. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Maitasunak »  3.08. Irudia

Zortzigarren Irudia



Andre Anjela eta Pedro





Andre Anjela Pedro! Izengeko idazkien egilea zu zara.

Pedro (Harriturik baina ukatzeko asmo sendoarekin) Ni?

Andre Anjela Apaizari, Karmentxori eta ni neroni bidaltzen dituena... zu.

Pedro Anjela! Zer diozu?

Andre Anjela Zu, beste inor ez.

Pedro (Anjelaren begikadak menpeturik eta ukatzeko ausardiarik gabe burua makurtuaz) Anjela, baina ni…

Andre Anjela Zu, Pedro, zu; eta ez ukatu.

Pedro ...Egia da... Ni naiz. (Geldialdia. Anjelari malkoak darizkio, ezpainak estutzen ditu, baina suspertzen da, eta burua altxatzen du)

Andre Anjela Pedro: txit gaizki egin duzu! Lotsagarri herri guziaren aurrean jarri nauzu, bihotz gogordun eta erraigea Xanti eta Anton zaharrarekin... (Oso geldi) Samintasun eta atsekabe neurri gabekoz beterik eduki nauzu zuk: maite ninduzula esaten zenidan gizonak... (Esertzen da)

Pedro Anjela!... Gaiztakeria handi hori maite zaitudalako egin dut... Zoro nago, ezer garbi ez dut ikusten, buruak ez dit erakusten nik nahi dudan bidea... zugana eramango nauen bidea...

Andre Anjela (Oso kementsu) Alferrik!

Pedro Etzazula hori esan. Gaitz handia egin dizudala badakit. Nola ez! Ez zintudan, bada, samin eta beti begi eder horiek malkoz beterik ikusten! Neroni ere berdin nengoen, barrez agertuagatik, barrendik kiskaltzen. Zure atsekabeak nireak baino gehiago samintzen ninduen. Oldozturik, ordea, egun txar hauek azkar igaroko zirela, eta, ondoren ahalegin handiak egingo nituela, zure poz eta atsegin guziak betetzeko, lotsagarrizko bide honetan jarraitzen nuen. (Bizitasunarekin)... Ni naiz zuri idatzi dizuna; ni, apaizari eta Karmentxori; ni, Xantiri errua ematen ziona; ni, urruti, Ameriketara joateko asmoak sartu dizkiona, ez bainuen inguruan ikusi ere nahi.

Hura bidali, Karmentxorekin txit haserretu, herri dena zugandik aldendu, zure egipen guziak maiseatuaz, eta honela behartu, inguruan laguntzat agertzen zen gizonarekin batzera, ezkontzera... (Geldialdi labur bat, eta ondoren oso apalki) Hau da neure buru kaskar honek sumatzen zuena.

Andre Anjela (Berez) Gizagaixoa!

Pedro (Otoile) Orain nire erru guzia agertu eta dakizunez gero ez dela txar nahiak maitasunak baizik eginarazi dizkidana, barkatuko nauzula uste dut... (Isilaldia)

Andre Anjela Zorigaiztoko gizona! Zer egin duzu?

Pedro Ez dakit. (Geldialdia)

Andre Anjela Gizonek uste duzue bide guziak onak direla zuzen-zuzen zeuon nahietara eramaten bazaituztete. Zer zaizue zuei emakume baten omenagatik? Zer urte askoko lan onak, ibilera zuzenak, alaitu eta pozten duten betiko bere izen onak, zeuon asmoak betetzeagatik, une batean, denak, porrokatu eta oinperatzen badituzue?

Pedro Zure izena lehen bezain garbia dago.

Andre Anjela Nork sinistu? Gizon adimen handikoak izanagatik ez duzue ikusten, edo ez diozue ardurarik ematen andre gaixoari egiten diozuen kalteari.

Pedro Ez hori esan. Zure izen onak izpi bat ere ez du galdu.

Andre Anjela Asko galdu du, eta zugatik.

Pedro Nigatik galdu badu, zure alde zernahi gauza egiteko gertu nago.

Andre Anjela Uste hori neukan... (Geldialdia) ...eta lehenago zeuon gailurrean jartzeko zure beharra daukat.

Pedro Agindu... (Isilaldi luze samar bat; gero Anjela altxatuko da erakutsiaz aurpegian hartu duen asmo sendoa)

Andre Anjela Garratza izango da. Baina nigatik, zer ez zenuke egingo?

Pedro Bizia eman!

Andre Anjela Ez dizut horrenbeste eskatuko. Baina bai gauza gaitza. Porrokatu beharko dituzu zure asmo eta nahi guziak.

Pedro Eta berarekin bihotza? Ez!

Andre Anjela Ez didazu, bada, bizia eskaintzen?... (Pedrok burua makurtu) Hemen ezer izan ez dela garbi agertu behar da. Xantiren arintasun apur bat, berehala ezereztu zena. Eta zurekin... Egundaino ezer ez. Eta nola ezer izan liteke... (Kementsu eta begirada zorrotz batekin) berehala Karmentxorekin ezkontzen bazara...

Pedro Jolasean diozu?

Andre Anjela (Apal) Jolas egun ederrak daramatzat! Zortzi egunean negarrez naukazu eta orain laino astunak urraturik argia ikusten dudanean, uste duzu berriro geldituko naizela kezka eta zalantzetan?

Pedro Baina nik zu bilatzen zaitut eta ez beste inor.

Andre Anjela Eta aurkitu nauzu, ezagutu nauzu. Jakin ere bai nire asmo guziak. Aski ez duzu?

Pedro Zuganako nire maitasuna ez da galduko.

Andre Anjela Maitasun bakarrak betetzen duen bihotza al duzu? Maitasunak! Nik asko ditut. (Ondoren datozen esakuntzak esango ditu geldi, argi eta bihotz betez) Maite dut nire senar zen Juan ona; maite dut nire alarguntasun garbia; maite dut nire hurko laguna eta gehiago behartsua eta euskotarra bada; eta batez ere maite ditut nire Haur-jaso-etxean dauden eta beren gurasoen maitasun apur bat gabe diren haurtxo behartsu horiek; maite ditut urrutira bidalita dauzkadan eusko gazte ikasle onak; maite dut nire aberria, orain arte ezagutu ez dudan eusko aberri gaixo hau; eta denen gain maite dut osoro, eta honek bakarrik betetzen ditu gure bihotz eta izate guziak maitasuna berbera den gure Jaungoiko handia.

Pedro Ikusten dut niretzat bihotz horretan ez dagoela lekurik.

Andre Anjela Lekua bai. Maitasun horiek ez dute beste gehiago izaterik galarazten. Baina zuk nahi duzunari ez baitiot emango lekurik.

Pedro Gutxi naiz!

Andre Anjela Asko zara. Daramazun maitasuna beste lekura zuzendu ezazu. Gazte bat zoriontsu egingo duzu, eta zerori ere bai; besteri egiten diogun ona geuronen gain bihurtzen delako. (Karmentxo baratzean, apaizarekin hizketan entzuten da)

Apaiz jauna (Barrenean) Pedrorekin dago aspaldian.

Karmentxo Eskerrik asko, apaiz jauna.

Pedro (Txit larri, ihes egin nahian) Karmentxo dator; banoa.

Andre Anjela Ez zara joango... Geldi hemen. (Pedrok ezkerreko atetik irten nahiko du, baina, Anjelak galaraziko dio bere aurrean bizkor jarriaz)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org