1.05. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Meza berria »  1.05. Irudia

V. Irudia



Nikasio eta Braulio





Braulio (Oihu eginaz) Nikasio!

Nikasio (Sukaldeko ate ondotik nagusiari erantzuteko bihurtzen denean, eskuan daukan eskutitza ezkutatuko du bularrean alkandorapean, baina ikusleek ondo ikusteko eran .) Jauna!

Braulio Lotu al dituk?

Nikasio (Etorriko da berriz mahaira eta patrikatik lokarria atereaz hasiko da denak lotzen .) Berehala jauna.

Braulio Ez al da oraindik ezer berririk Mateorenik?

Nikasio Ez jauna.

Braulio Ez ote da etorriko? Baina, hala aginduta… (Entzungo da atzeko zintzarria .) Norbait duk; hoa… bera ote da?… utzi… nik lotuko ditiat. (Joango da Nikasio. Brauliok hartuko ditu lotzeko paper guztiak eta Nikasio berriro sartzerakoan eroriko zaizkio denak lurrera.) Bapo, Braulio! Ederra egin duk!! (Agertuko da Nikasio beste eskutitz bat eskuan duela eta ikusirik nagusiari gertatu zaiona gordeko du lehen bestea ezkutatu duen lekuan eta hasiko da jasotzen.)

Nikasio Utz bitza; nik jasoko ditut.

Braulio Zein zen?

Nikasio Karteroa berorrentzat karta batekin. Har beza. (Bat emanaz .) Bart ekarri behar omen zuen, baina trena oso berandu etorri zela esan dit, eta gaurko utzi zituela denak.

Braulio Maiz egiten dik hori. (Jarriko ditu betaurrekoak, hartuko du eskutitza eta irekiko du Mantonirentzat zena .) Izenik gabe?… «Mantoni ederra…» e! «Nire bihotzeko izarra…» e! Zer eman dit niri horrek? «……………………………………………………»(Irakurriko du bukaeraraino ahopean, azkendurik argi jartzen duenarekin.)………………………………….…………………..«eta aita nola den erdi itsua, joango naiz zure ondotik bat ere kezkarik gabe…» bai e! …………… ……………………………… «Julián.»

Nikasio!

Nikasio Jauna.

Braulio Nork eman dik hau?

Nikasio Karteroak.

Braulio Eta, nolatan zekien niretzat zela?

Nikasio Izenean, nire usteetan.

Braulio Ea ikusten duan ezer. (Erakutsiaz, baina eskura eman gabe .) Itsutu egin ote naiz biziro?

Nikasio (Gogoratuaz bere okerra .) (Arranoa!! Ederra egin dut!!) Jauna karta hori ez da berorrentzat.

Braulio Bazekiat.

Nikasio Bekar orduan.

Braulio Hau hiri?

Nikasio Bai bada… ez da berorrena eta… Hara: hau da berorrentzat. (Aterako du bestea bularretik eta emango dio Brauliori .)

Braulio (Haserre antzean .) Ekarzak, eta hau eman behar dioanari esan iezaiok, dagoen bezalaxe doala berehala izebaren etxera, eta dagoela han ni joan artean bila. (Nikasio bertan geldi.) Aditu duk… doala berehala eta ez dudala ikusi ere egin nahi… Nire isilik gauza hauekin… hun!

Nikasio (Joanaz poliki-poliki) Kaikua nauk!… Hau egiteko eman al dizkit bi pezeta?… Mantoni gaixoa (Irtengo da sukaldeko atetik.)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org