1.13. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Meza berria »  1.13. Irudia

XIII. Irudia



Nikasio, gero Karnaba eta Tarina





Karnaba da baserritar bat beltzez ondo jantzia, jai egunean oi duten bezala: alkandora zuria, botak edo abarketa berriak, eskuan makila; da oso ausarta eta zakarra. TARINA du semea. Da mutil gaztetxo bat, soinean dakarren jantzia baino lehenago luzatu dena eta horrengatik geldituko zaio besoetan eta hanketan motz samar. Da oso lotsatia, sartuko da boina eskuan daukala eta erabiliko du beti jiratuaz. Jaterako gordeko du luzeka bilduta patrikan ondo agerian. KARNABAk ez du boinarik erantziko.

Nikasio Joan dira!… Zer gertatuko ote da gaur hemen? Zerbait bai (Entzungo da barrenean indar handiarekin esanda .) Ai Maria!! Zein ote dator? (Irekiko du atea eta sartuko da Karnaba, geldituaz atean Tarina.)

Karnaba Eup!!

Nikasio Ongi etorri.

Karnaba On Braulio Etxekoskor!!!… Jo aurrera, xeme…

Nikasio Oraintxe irten da.

Karnaba Irten?… Nora?

Nikasio Elizara.

Karnaba Guri itxoin gabe?

Nikasio (Zein ote dira?) Meza nagusira joan da.

Karnaba Gu gabe ez dago mezarik.

Nikasio (Apaizak ote dira?) Zuek gabe?

Karnaba Xeme… horrek ez zekik gu zein garen.

Tarina Elizara joan beharko dugu.

Karnaba Elizara honela?… gezurra duk… (Abestuko du ahopean, abeslari jatorrek oi duten bezala .) Ume eder bat i… juu!! Eztarri hau zikina zagok… garbitu egin behar diagu.

Nikasio (Sar ezak erratza.)

Karnaba Hi… zer daukak jateko?

Nikasio Nik? Ostatua dela uste al duzu zuk hau?

Karnaba Ez… On Braulioren etxea.

Nikasio Eta…

Karnaba (Indar gehiagorekin .) Zer daukak jateko?

Nikasio Babarrun zuria…

Karnaba Hiretzat.

Nikasio …lukainkarekin.

Karnaba Ongi zagok… ekar ezak bientzat lukainka.

Nikasio (Nagusiaren gaurko gutizia! Berehala ekarriko diat!)

Karnaba Habil bizkor.

Nikasio Baina jakin gabe…

Karnaba Berriketa gutxi.

Nikasio (Ekarri egin beharko diet. Nagusi gizagaixoa! Baina zein dira hauek?)

Karnaba Eser hadi, xeme… (Nikasio sukaldeko atean sartzerakoan.) Hi!… ardoa onena.

Tarina Zer esango dute besteren etxean honela ibilita?

Karnaba Abestera ez hator? Horrenbeste behar diagu, bada.

Tarina Bai baina… Braulio jaunaren baimenik gabe…

Karnaba Hago isilik. Hik ez dakik Jainko txikien berririk. (Lehen bezala abestuaz .) Ume eder bat… i… ejem!!… ikusten duk… ezin diat.

Tarina Nik bai, ordea, eta gainera berandutuko zaigu.

Karnaba Ez, orain hasiko duk meza eta gure garairako joango gaituk. (Ekarriko ditu Nikasiok hamaiketakoa egiteko behar diren gauza guztiak: lukainka, plater, ogi, baina ez botila ardoa .)

Nikasio Hona hemen guztia.

Karnaba Ondo zagok. Seme, jan ezak. Ume eder bat… (Oihu eginaz Nikasiori.) hi!!

Nikasio …ikusi nuen… (Bere doinuan .)

Karnaba Ikusi?… Ez diat bada nik ikusten… Ekar ezak ardoa.

Nikasio Ardoa?

Karnaba Bai eta azkar.

Nikasio (Baina zein arrano dira hauek?) (Joaten da .)

Karnaba Seme, jan ezak asko ondo abesteko.

Tarina Ez daukat gogorik.

Karnaba Utz ezak orduan. Nik jango diat hire ordez.

Nikasio Hara ardoa.

Karnaba (Basora ardoa boteaz .) Ba al dakik gu zein garen?

Nikasio Nik ez.

Karnaba Egundaino ikusi al duk karnaba kantari? (Hustuko du basoa)

Nikasio Basoan bai.

Karnaba Ez zagok, bada, basoan. (Baso hustua eskuan daukala esango du ezetz eta berarekin bularrean joaz adierazi nahiko du bera dela .) Hemen zagok.

Nikasio Ardoa bai.

Karnaba Zer ardo? Karnaba. Ni nauk Karnaba eta hau Tarina.

Nikasio (A zer txoriak!)

Karnaba Gu gaituk…

Tarina Aita, berandutuko zaigu.

Karnaba Bai, goazemak… bukatu diat dena… (Altxatuko dira biak. Karnabak aterako ditu nagiak besoak zabalduaz eta azkenik jasoko ditu galtzak gerritik helduta .) Ederki nagok orain… goazemak. Hi… non da Eliza?

Nikasio Hemen aurrean, jaitsi eta berehala.

Tarina Badakit nik, aita. (Joango da berriz Karnaba mahaira, edango du baso bat ardo eta hartuko du eskuan ogi puska bat .)

Karnaba Goazemak, orduan… Ume eder bat ikusi nuen… (Ezkutatuko dira abestuaz .)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org