 |
|
 |
 |
|
Hirugarren Irudia
Lehengoak eta Joxe
Jose (Gergoriori) Hoa hire bidean horri bakean lagata.
Mikela Bai, zoaz Amorraturi lagun egitera.
Gergorio (ahopean esan eta joanaz) Berritsu hori...
Jose Zer zenuten?
Mikela Hutsa: esan diodalako gaizki egin duela semea jotzea, suak harturik, eta neroni ere jo egin nahi nindian.
Jose Ez zunan horretaratuko.
Mikela Zeinek zekik...? Nola ondotxo ohitua dagoen... bere emaztearekin.
Jose Jo egiten al din?
Mikela Maiz asko, aditzen dudanez. Gizon askorena: ezkongaietan goxo, ezkondu eta otso.
Jose Denak ote ditun honela?
Mikela Denak? Ez diat uste... Gure etxean den gizona, nire aita, ez duk horrelakoa, eta beste gehiago ere izango dituk... Orain, zein diren, nola asmatu?
Jose Horren gaitz al dun?
Mikela Txit gaitz... ja... ja... ja...
Jose Nora hoa, Mikela?
Mikela Etxera. Aitarekin etorri nauk feriara, Pernandori erosi ziok behi bat eta txurrut bat edanaz joan duk hire aita eta Pernandorekin tratua ixtera. Eta ni ilundu baino lehen noak etxera.
Jose Ni ere aitarekin etorri naun, behi gorriak, ordu txarrean gure etxean sartu zituen behi gorriak saltzera!
Mikela Dema galdu zutenak?
Jose Bai.
Mikela Zertan ibiltzen duk hire aita horretan?
Jose Tabernan berotzen diten... Oraingoan lagako ditin...
Mikela Hobe zuentzat.
Jose Hainbat.
Mikela Agur, Joxe...
Jose Nahi al dun nik lagun egitea?
Mikela Bakarrik joango nauk. Begi askok ikusiko gaitiztek, eta mingain asko jarriko genitizkek dantzan.
Jose Bi begik ikustea eta mingain bat erabilaraztea nahikoa ninake.
Mikela Herorrenak?
Jose Ez... herorrenak.
Mikela Aja... ja... Ezagun duk ferian ibili haizela.
Jose Etxean kalte egiten duena botatzen eta ordaintzat... Etxean on egingo lukeenaren bila.
Mikela Ez duk gaizki esana. Goazen?
Jose Goazen.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |