1.05. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Zulo madarikatuak! »  1.05. Irudia

Bosgarren Irudia



Lehengoak eta Landazuri





(Landazurik ditu berrogei urtetik gora. Dator jantzia ganadu tratuan ibiltzen direnen antzera, blusa luzea goian patrikekin eta eskuan makila sendoa).

Landazuri Gau on.

Denak Bai zuri ere. (Landazurik keinu eginda eramango du Lukas mostradorera eta aterarik patrikatik poltsa bat, emango dio isilik. Bitarte honetan besteek edango dute ardoa botilatik basoetara botata).

<font class="urdina11">Landazuri To hau, gorde ezak ondo.

Lukas Gorde? Zer dago hemen?

Landazuri Urrea.

Lukas Asko! Nondik dakark?

Landazuri Esango diat gero; kanbiatzeko zakartzaat; gorde itzak ondo. (Lukas irtengo da mostradore barrengo atetik eta Landazuri etorriko da besteetara)

<font class="urdina11">Gergorio Ardo pixka bat, tori.

Landazuri (hartu, edan eta basoa bihurtuaz) Eskerrik asko.

Gergorio Ferian al zinan?

Landazuri Ez, baina ikusi dut.

Ilario Ederra al zegoen?

Landazuri Ederra. Ez dakizuela zer ganadu saldu diren?

Ilario Lau hankakoak.

Landazuri Bi hankako abere galantak badira bada.

Gergorio Aja, ja, ja! Sartu ziok!

Ilario Niri?

Gergorio Hondo-hondoraino... Aja, ja, ja!

Ilario Hiregatik esango zian, behi urrixa dirudik eta.

Gergorio Bai baina ernaia; ez hi bezala antzua.

Ilario Hik dituan euliak izatekotan, hobe duk bat ere ez izan.

Gergorio Euliak? Orain ere kaiku bana esne eta launa talo jango zitiztean.

Ilario Aste betean ez diek hik horrenbeste opa. Gehitxo behar duk hik herorrentzat.

Gergorio Fraide sartu al haiz sermoiak horren merke egiteko?

Landazuri (hartuko du Lukasek ekarriko dion baso ardoa eta eseriko da mahaian besteen aurrean) To! Ez lukek gaizki egongo, guria zagok: begira iezaiok bigarren kokotsari.

Gergorio Horregatik, nire etxera etorriko balitz eskean, a zer kankarrekoa hartuko lukeen. (Gergoriok hitz egitez bukatzean, joko du Amorratuk botilaz mahaia)

Amorratu
Kan, kan, kan...

Ilario Atean duk bat.

Gergorio Fraidea? Ekar ezak botila.

Lukas Amorratu duk ardo eske.

Gergorio (Amorraturi) Zer da gaur, amuarraina edo lupia?

Amorratu (Begiratuko dio Gergoriori , gero Lukasi eta hirugarren botilari, eta orduan esango du eskuan baso ardoa hartuta ahora daramala) Ardoa!

Lukas Berehala (…)

Ilario Ez zenukete biok uztarri txarra egingo; ez da hala, Landazuri?

Landazuri Horiek egingo luketena baino hobea ikusi dut nik gaur.

Ilario Izan ere, lehen hasi zara zerbait esaten.

Landazuri Ez duzuela asmatzen zein idi pare saldu den gaur?

Lukas Etxetxuriko Jose Manuelen idi gorriak.

Ilario Igandean dema zutenak?

Landazuri Bai; hik nola dakik?

Lukas Hemendik eraman dituelako.

Gergorio Agudo aspertu ditek.

Ilario Igandean gertatu zitzaionarekin ez duk gutxiagotarako. Urtebete osoan eduki ditik gizentzen, eta nola!, ganbaran zeukan arto guztia janarazirik.

Gergorio Horrengatik zeudean horren guriak.

Ilario Eta beste idi argal haiek irabazi! Sinistu iezadazue, eta ikusi ez banu neronek dema, Jose Manuelen larria eta nola erruz galdu zuen dirua, ezperen batekin geldituko nindukean.

Gergorio Asko jokatu al zen?

Ilario Asko eta asko; hemengo guztiek erruz galdu genian.

Landazuri (Barre-irrian) Guztiek?

Ilario Guztiek ez; zuk ez.

Landazuri Hik zer dakik?

Ilario Zure esanaren gain sumatzen dut.

Landazuri Baliteke, baliteke.

Gergorio Asko irabazi al zenuen?

Landazuri (Erantzuterako barre txiki bat eta ezpainak eskuz igurtzi) Joan den igandeko galera eramaten badu berriz Jose Manuelek, semearen soldadutzako diruak harrotuko ditu.

Ilario Ez luke atsegina hartuko Josetxo kinto eramanda.

Gergorio Mutil ona duk baina... ez dik gizarterik.

Landazuri Etxerako hobe.

Lukas Horrelakoekin nik kaltea izango nikek baina bai hik ere. Ez zenukete dema askorik ikusiko.

Landazuri Arrazoi duk, baina etxe alderako halakoa hobea duk. (azkeneko hitz hauek esango ditu mahai gainean zeuden kartak eskuan nahastuaz)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org