 |
|
 |
 |
|
Bigarren Irudia
Pernando eta Migel jauna
Migel (eskuinetako atetik) Zu al zinen?
Pernando Bai jauna, bai.
Migel Beraz, bi hitz nahi dituzu nirekin egin?
Pernando Asmo hori ekarri dut.
Migel Eser zaitez hemen. (erakutsiaz mahai aurrean dagoen silla, eta bera eseriko da mahai atzean daukan eserlekuan) Orain zuk esango duzu zer behar duzun.
Pernando (geldialdi bat eginda) Bada jauna, bai... Ezagutuko du berorrek Pello Ezpeletxekoa?
Migel Bai, gizon langilea eta zintzoa da.
Pernando Bada jauna, bai... (geldi bakoitzean begiratuko dio Migel jaunari, eta honen begiekin aurkitzean, bihurtuko du burua jasoaz goi-aldera, eta gero begiak itxirik jaitsiko du lurrera esanaz orduan geldi-geldirik nahi duena. Ezpainari eta kokotsari helduko dio eskuarekin txit maiz)
Migel Zerbait al duzu harekin?
Pernando Harekin edo...
Migel Lur kontu?
Pernando Ez, jauna, ez... Ez gara inguruan bizi...
Migel Diru kontu?
Pernando Dirua...? Guregandik urruti ibiltzen da...
Migel Ganadu traturen bat?
Pernando Bai, halaxe da bada.
Migel Idiren batekin al zarete oker?
Pernando Ez, jauna, ez da idia... Behia da.
Migel Behia, e...? Eta, zer gertatu zaizue?
Pernando Hori esateko asmoak ekarri nau, bada, ni gaur hona.
Migel Esan ezazu, bada, azkar.
Pernando (begiratuaz berari, gora eta lurrera, gero berriz berari eta gora, eta begiari itxi antze bat eginik esango du) Orain dela zortzi egun saldu nion behi bat, gorria, ederra, zortzi pitxer esne erraz ematen duena, bizia, jatun ona eta uztarrirako inongo idik adina balio duena...
Migel Zenbatean saldu zenion?
Pernando Nahikoa merke, haren ordez hartu nion urrixa ez da ezertarako gauza eta.
Migel Orduan truke egin zenuten?
Pernando Truke ez, eta truke bai. Beste bi ontza urre eman behar dizkit baina...
Migel Baina zer? Zer diozu?
Pernando Nik ezer ez; hark esaten du...
Migel Zer esaten du, bada?
Pernando Ez dizkidala emango… behia gauza ez dela... eta, ez duela nahi.
Migel Behi ederra dela esaten ez duzu, bada?
Pernando Bai jauna, bai: ederra, gorria, zortzi pitxer esne ematen dituena, bizia, jatun ona eta...
Migel Bai, entzun dizut lehen ere. Eta zer aurkitzen dio?
Pernando Ez dakit, bada, nik... Eztul pixka bat daukala edo...
Migel Lanparoiak al ditu?
Pernando Hala dio berak.
Migel Eta zuk?
Pernando Nik...? (geldi)
Migel Zure etxean zenean, ez al zuen eztulik?
Pernando Eztula, eztula... Inoiz zaunkada bat egiten zuen baino...
Migel Esan al zenion hori Pellori?
Pernando Nik? Nola esango nion?
Migel Zer esan zenion, bada?
Pernando Behiak ajerik ez zuela.
Migel Eta orain esaten dizu ez duela nahi.
Pernando Bai, eta bihurtzeko bere txahala.
Migel Arrazoi du.
Pernando Arrazoi izango du baina nik ez dut nahi, eta etorri naiz berorrek erakutsi diezadan nolatan hari behia sarrarazi.
Migel (pentsatzen egonda) Ez dut erraz aurkitzen. Zerorrek diozunez egun batzuetarako eman zenion behia, ikusi ondoren osatzeko txahalaren gain behar zen dirua; bada egokia ez badu aurkitzen, bihurtuko dizu hark behia, zuk emango diozu txahala eta geldituko zarete biok kito.
Pernando Bai, bai... Hala da, baina... berok nola asko estudiatuak diren, ez al du, bada, zer edo zer sortuko hura behartzeko?
Migel (egonda) Ez, ez dut ezer sortzen.
Pernando Behiak eztula...! non egin zaio?
Migel Esaten ez duzu bada zure etxean bazeukala?
Pernando Berorri bai, baina ez diot ordea nik beste inori esango.
Migel (barre-antzean) Sumatzen dut. Nahi duzu, alegia, haren ukuiluan harrapatu duela nik esatea.
Pernando (bizkor-bizkor) Bai bada! Banekien nik berorrek zerbait maratila sortuko zuela.
Migel Bada... hori ezin zenezake esan... gezurra baita!
Pernando (harrituta) Gezurra? Eta...?
Migel Ez, ez, ezin zenezake.
Pernando Meno, meno ... baina beti egia esan behar al da?
Migel Beti, ahal bada.
Pernando Horrengatik berok...
Migel Alferrik ari zara; ez dizut horrelakorik aginduko. Zuk zeronek nahi duzuna esan iezaiozu.
Pernando Meno, meno, meno ... Beraz...
Migel Bukatu dugu; alferrik zaude; bakoitzak berea hartu eta kito.
Pernando (altxatuaz Migel aurrena eta Pernando gero) Orduan hartu egin beharko dut behia?
Migel Bai.
Pernando (Gezurra duk gehiago saiatu gabe) (patrikara eskua eramanaz) Eta...
Migel Ezer ez, ezer ez... utz ezazu.
Pernando Meno, meno . Bada... beste bat arte.
Migel (atea irekiaz) Agur.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |