2.05. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Barriola Abelino »  Zulo madarikatuak! »  2.05. Irudia

Bosgarren Irudia



Kaxildo, Atanasio, gero Migel jauna. Bukaeran Kandida





Kaxildo (barrena hizketan) Ondo dago, itxoingo diogu.

(Aurreratuko dira eta eseriko dira mahaiaren aurrean, elkarren ondoan)

Atanasio Tori silla, Kaxildo.

Kaxildo Eskerrik asko, Atanasio.

Atanasio Esaten ari ginen bezala, gure seme horiek ez dira gaizki izango, osasuna badute behinik behin.

Kaxildo Baserri ederraren jabe egingo dira. Probintzia guztian ez da nire etxea bezain onik; bada, dena Alipontxorentzat izango da. Egia, oraindik diru mordoxka bat behar dut gure Tiodoro apaiz egiteko eta partimoniyua jartzeko, baina ez du gehiago behar. Nahiko eta nahiko sakripiziyo egin dut horretaratzeko, besterik ez? Berak ere ondo daki, eta beste gainerako guztia Alipontxorentzat da.

Atanasio Arrazoia beti arrazoi. Hori.

Kaxildo Eta azkenean, zenbat emango diozu, bada, zuk neskari?

Atanasio Nik gehiago ere baditut; haientzat ere kontuak atera behar ditut, haziko dira eta...!

Kaxildo Esku hutsik ez duzu behinik behin alaba bidaliko.

Atanasio Ez, ez; esan bezala, arreo ederra han izango du: arropa zuria, zurezko ohe, koltxoi, armairu, kofre, dena... Alprojak ere jartzeko asmoa badu nire atxoak, gu horrelakorik gabe izan bagara ere... apaiz bat den lekuan ez baitira gaizki etorriko.

Kaxildo Ondo esana. Eta dirutan?

Atanasio Hori... Nire alabak makina bat diru balio duen abildadea berekin darama: puntada ederra du; behinik behin han eduki nuen nik sei hilabetean Donostian, patrikatik ondo kostatzen zitzaidala.

Kaxildo Etxeko errepasorako ez da txarra. Halaz guztiz ere, badakizu andrea hasieratik etxerako gastua dela, eta aurrera zer esanik ez, eta ordaintzeko aldea, ukuilua pixka bat ondu edo zerbait egiteko...

Atanasio Behar bezalako andrea denak beti egiten du baserrian falta.

Kaxildo Batek bai, besterik ez bada ere ganadu azpi batzuk egiteko, baina lehen bat dela…

Atanasio Premia oraindik bizkorra daukazu, bai. Zoko batean baditu nire atxoak ontzako batzuk, eta handik zenbaitzuk atera beharko... Hori! Emango dizkiot, bada... sei...

Kaxildo Gizona, besterik ez?

Atanasio Makina batxo, gure denborako dukatak baitira horiek.

Kaxildo Hala da; gutxiagorekin ezkondu nintzen ni baina... nire etxea bezalako baterako ez da asko... Gutxitxo da.

Atanasio Beste seme-alabentzat ez dut horrenbeste osatuko.

Kaxildo Eta zer dio? Lehendabizikoak jar ditzagun oin onean. Nire maiorazkoa ez daukat nik sei ontza urreren truk emateko.

Atanasio Emango dizkiot, bada, zortzi.

Kaxildo Zortzi? Gizona, eman iezazkiozu hamar bat...

Atanasio Hamar, e...? Gure atxoa ez da gaur adiskide izango...

Migel (eskuinetatik agertuaz) Egun on, jaunak.

Biak (altxatuaz) Bai berorri ere, egun on.

Migel Zer zabiltzate? Berri onarekin?

Kaxildo Zer esango dugu, Atanasio, ona ala txarra?

Atanasio Ona eta txarra.

Kaxildo Haien ordez gu bagina, bai ona!

Atanasio Gu lehenago eta gazteak orain, bakoitzak bere garaian; hori.

Migel A! Ezkontzak ditugu, e? Zerbait badakit, bai...

Kaxildo Bai jauna; eta nahi genuke papertxo bat egin... gaur edo biharko ere han izan dadin.

Migel Arrazoi duzue: garbitasunak behin ere ez du kalterik.

Atanasio Hori, hori.

Migel Orain presaka naiz, bada. Berdin al zaizue arratsaldean etortzea? Zernahi garaitan.

Kaxildo Niri bai.

Atanasio Bai niri ere. Etorriko gara gero.

Migel Nahiago nuke, bada.

Kaxildo Bai, bai... Arratsalde arte.

Migel Noiz da ezkontza?

Kaxildo Tiodorok meza ematean.

Migel Laster orduan?

Kaxildo Bai, berak dioenez, datorren hilean. Hemen daukat atzo hartu nuen karta. Irakur beza, irakurri, zer dioen. Berak esaten zidan paper edo agiri hori egiteko (utziko du makila silla gainean patrikatik eskutitza ateratzeko).

<font class="urdina11">Migel Ekarzu (irakurriko du).

<font class="urdina11">Kaxildo Atanasio, jiratxo bat egin beharko dugu ferian?

Atanasio Beharko... Uztarri bat erosi eta gurdi bat eginarazi nahi nuke eta.

Kaxildo Gurdi berria?

Atanasio Aurreneko aldiz nire Martinaren arreoa eramateko lotuko dena.

Migel Ez zaizu orduan ahaztuko orrazietan erretxina ematea?

Atanasio Larga, larga hori niri eta nire atxoari. Txirrio ederra eramango du.

Migel (eskutitza bihurtuaz) Beti izan da mutil zintzoa.

Kaxildo Ez nirea delako; baina gutxi bezalakoa.

Atanasio Orduan, gero arte.

Migel Agur, zoazte ondo; eskumuinak etxean.

Kaxildo Eskerrik asko.

Migel Zaudete, zaudete... zeinena da makila hau?

Kaxildo Arranoa! Nirea. Bekar, bekar; makilarik gabe ez du gizonak itxurarik ferian.

Atanasio Hori, hori. (irteten dira biak)

Migel Berandutu zait. Jose Manueli agindu diodan dirua hartu behar dut. (eseri eta irekiko du mahaia, joaz aurrena mahai gainean dagoen zintzarria)

Kandida (atetik)
Zerbait nahi du?

Migel Datorrela aita.

Kandida Irten da; behean itxoingo diola esan dit.

Migel Ondo dago. Banoa.

Altxatuko da, eta irteterakoan jaitsiko da oihala







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org