Hitzaurrea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Bilintx »  Hitzaurrea

Bilintx



ITZ-AURREA



Bilintxen bertso bakoitza nun jarri jakiteko, argira ateratako urtea artuko degu giyaritzat. Batzuek Bilintxen denboran argitaratu ziran, ta zein urtetan atera ziran ere badakigu. Auek aurren lekuan datoz:

1852: Galop infernal
(Lagunkida Fraternal-eko galayak beren damari).
Ziririkuak.
1857: Kontzezirentzat
1860: Zaldi baten bizitza
1862: Pozez eta bildurrak
1862: Juramentua
1862: Loriak
1862: ¡Maita nazazu arren!
1868: Beti zutzaz pentsatzen.


Beste batzuek badakigu Bilintxen denboran argitaratu zirana, ez ordea zein urtetan. Auek bigarren lekuan datoz:

¡Jai jai!
Zenbait damaren esker txarra
Juana Bixenta Olabe
Dama ta galaya
Izar argi bi falta dirala
Somaketa


Aitatutako oyek, besterik gabe ere, naikoak ziran egillearen izena goi-mallan jartzeko..

Bazan orduan Donostian Jose Manterola zeritzayon jaun bat. 1849 urteko Martxuaren 23’an jayoa zan. “Instituko”-ko maixua izan zan. Baita ere “Diario de San Sebastián” zeritzayonaren zuzendaria ta Kontzejuko liburutegiaren kontu egiten zuna. 1871 urtean, 22 bat urteekin, liburu bat atera zun: Guia Manual Geografico Descriptiva de la Provincia de Guipúzcoa”. Ezagun du ontan Euskalerriari zion maitasuna. Geroago bertso-bilduma egin zun. Liburu onek ere bilduma oni zor dio geyen geyena. 1877 urtean asi ta 1880 urte artean bere “Cancionero Vasco” atera zun ta 1880 urtean asiera eman zion “Euskal-Erria” aldizkariari. Euskal itz-neurtuen txapelketak ere berak asi zitun Gipuzkoan. 1894 urteko Otsaillaren 29’an il zan, 35 urteekin. 1902 urtean Donostiko kale bati bere izena eman zioten. Bai merezi ere. Itz batean esateko, bera degu euskaltzaletasunaren sortzallea..

Manterola ori bereala konturatu zan Bilintx etzala nornai. 1870 edo 1871 urtean Bilintxengana joan ta eskaka aritu zitzayon arren ta arren bere bertsoak lagatzeko. Argitaratu nai zitun. (1).

Bañan Bilintxek bazun barrena sartuta seta txoro bat: bere lanak etzutela ezer balio. Esan omen zion bere samiñ-aldiak nolabait ere gozatzeko egiñak zirala ta etzula nai argitaratzerik..

Orregatik, gauza utsa ziralakoan, asmatu ta paperean jarri orduko puskatu egiten zitun askotan. Bilintxen bertso asko galduta izan bear dute era ortaz..

Bein Manterola’k aditu egin zion Bilintxen lagun bati, onek “La Mierdépolis” zeritzayon izugarri ederki euskeratuta zeukala. Manterola joan ta bein ta bitan ere eskatu egin zion uzteko. Bilintxek ezetz ta ezetz. Azkenean esan zun, aserre aldi batean puskatua zula..

Bilintx il da gero, Manterola alargunagana joan ta eskatu egin zizkion bere senarraren paperak. Bai utzi ere. Kontuz ta arretaz irakurri ta bertso ez ezagun asko arkitu zitun. Dan danak kopiatu zitun bere bertso bilduman. Bañan bere “Cancionero Vasco”-n auek bakarrik argitaratu zitun:

1878:
Gaztetan jarriyak dama bati
Neskatxa bati
¡Izazu nitzaz kupira!
“Al Céfiro”
Dolores’i
Bertsolariyen gudua


Toki ontantxen ere “Páginas inéditas en prosa” deitzen diranak agertu ziran lenengo aldiz. Auek itz lauz idatziak daude ta azkeneko orrialdetan jarri ditugu..

Domingo Kanpaña’ri botatako bertso famatu ura ere azkenerako utzi degu, Dunixi jaunaren erderazko lan batean bait-dator.

Beste bertso batzuen argitaraldirik zarrena -guk arkitu deguna beintzat- urtebete lenagokoa da, J. J. Santesteban’en “Colección de Aires Vascongados” deritzayon ortan aterea:

Potajiarena


Euskal-Erria aldizkariak iñoiz atera gabeko iru atera zitun:

1880: Orentzaro
1880: Kontua (Pagatzalle on bat)
1881: Pobriaren suertia


Geroxeagoko bertso paper bat izango da guk arkitu izan degun beste bertso batzuen argitaraldirik zarrena:

Biyotz eritua


1911 urtean “Euskal-Esnalea”-k al izan zitun Bilintxen bertso guziak bildu ta liburutxo batean atera zitun. Bañan, zoritxarrez, falta dira ontan oraindaño aitatu ditugun eta oraindik ere aitatuko ditugun zenbait bertso. Illunpetik argira bi atera zitun:

Kanpuan da
Iru erregeak
Bañan ez du esaten nundik artuak ditun. Geroztik ez da Bilintxen bertso ez ezagunik argitaratu. Gure liburu ontan badijoaz orrelako batzuk. Manterola’k bere bertso-bilduman Bilintxen paperetik kopiatu zitun ta zearo baztertuta egon dira orain artean. Oraindaño aitatutako oyetan... bi dira: “Damu ta galaya” ta “Somaketa”, ta gañera beste auek:

Nik au pensatu nuen
Begirozute pikadoriak
Zortziko
Zaldun gazte
Arotz bati ziyoten
Penetan daramazkit
Konfesoriagana
Aspaldiyan Joxepa


Zergatik ez ote zitun Euskal-Esnalea’k danak atera errexa da asmatzen: Manterola’ren bilduma ezagutu ez zulako. Ori bera gertatu zitzayon Errenteriko Makazaga’ri Bilintxen bertsoak liburu batean atera zitunean (2). Orregatik, au ere Bilintxen bertso batzuen faltan gelditu zan..

Euskal-Esnalearena eta Makazaga-rena izan dira orain arteko Bilintxen bi liburuak. Gaurko au irugarrena beraz. Bañan beste oyen aldean onek irugarren zati bat geyago izango du gutxi gora bera. Izan ere, suerte obea izan degu. Besteetatik ere bai, bañan, irakurleak ikusiko dunez, Manterola’ren bertso-bilduma ta “Cancionero Vasco” ori eten gabe aitatuko dira emen. Izan ere, liburu onen benetako antolatzallea Manterola da. Gu ez gera aren lanaz baliatu geranak baizik. Manterola da Bilintx ezagutu-arazi ta merezi zun mallara igo zuana. Manterola’rik izan ez bazan, Bilintxen bertso asko galdu ta bere izenak etzun izango orain duen sonarik..

Zorionez Manterola’k ikusi zitun paperak, ez dira danak galdu. Bejondayela Bilintxen ondorengoai gordetzeko ardura txalogarri ori izana. Bere billoba Antonio ta Alfredo jaunai eskertu bear diet paper oyek nere esku artea izana. Auek dira:

Loriak
Neskatxa bati mutil batek jarriak
Gaztetan jarriyak dama bati
Juramentua
Maita nazazu arren
Beti zutzaz pensatzen
Kanpuan da
Doloresi.


Esan bezela, ez dira Manterola’k ikusi zitun guziak, bañan pozik gera onenbestez. Oyetako bat emen jarri nai izan degu, irakurleak ere Bilintxen letra ikusi dezan..

Bestela ere, Bilintxen bertsoak toki askotan arkitu ditugu: liburuetan, bertso-paperetan, aldizkarietan, eskuz idatzietan ta abar. Jarri egin ditugu bakoitzaren aldaketak. Askoren ondoan izen bat dator. Dalako orrek eskuratua degula esan nai du. Erriaren izena ere jarri egin degu. Orrela ageriko da Bilintxen bertsoak euskal erri guzietara zabalduak daudela..

Manterola’ren bertso-bilduma dala edo lenengo bertso-papera dala, geyenetan argitaraldirik zarrena edo lenengo “iturria” esku artean izan degu. Bai ederki ikusten dala emen nola aldatu egiten diran gauzak eskuz esku ibiltzean. Ez degu beti izango onelako alderdi onik, ta onek argi egin dezayeke besteai..

Bañan beste gauza au ere ondo gogoan artu bear luke irakurleak: argitaratutako tokiren batzuk jarriagatik, ez degu iñola ere esan nai Bilintxen bertsoak ez dirala beste iñun arkitzen. Izan ere, nork kontatu Bilintxen bertsoak korritu dituzten bide guziak? Egin deguna da banaka batzuk markatu, irakurleak ikusi dezan bertsoai zer gertatxen zayen, sasoya izan da ibiltzale diranean.



Oharrak:

(1) J. Manterola: “Cancionero Vasco, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878”.

(2) Liburu onek Anton Ixkiña-ri deitzen diran bertsoak sartu egiten ditu, Bilintxenak balira bezela. Bañan ez da seguru iñola ere. Arkitu ditugun bertso auen paper zarrenak ez dute Bilintxen izena aitatzen ere. Bertso paper batean bakarrik agertzen da Bilintxen izena, bañan ori eskuz jarria. Eskuz idatzita ere arkitu ditugu bertso auek. Auek ere ez dute Bilintxen izenik azaltzen; egilletzat beste izen bat ematen dute.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org