Pozez ta bildurrak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Bilintx »  Pozez ta bildurrak

Bilintx



POZEZ TA BILDURRAK



1
Dama gazte polit bat
bada Donostiyan,
berdiñik ez duena
zeruan azpiyan,
biyotza mugitzen zait
modu txit eztiyan,
nere pensamentura
datorren guztiyan.
2
Graziyazko aingeru
adoragarriya,
Jaunaren ondotikan
egan etorriya,
zeruak egintako
milagro berriya,
gloriyaz bete dezan
Donostiko erriya.


3
¿Arpegiya zeñek du
arrek bezin fiña?
eta ¿zeñek gorputza
ain ongi egiña?
ibilleran ere da
guztizko ariña,
euskerak ez du itzik
famatzeko diña.
4
Naiz plazara juan bedi
naiz juan iturrira,
¿nork ez du arreta jartzen
aren ibillira?
bat bañan geyago’re
gelditutzen dira,
ezkutatzen dan arte
berari begira.




5
Bere jatorrez duen
patxara fiñian,
biria pasatzen du
pauso ariñian,
lurrik ez du zanpatzen
txoriyak añian,
txutik juango litzake
uraren gañian.
6
Orrenbeste graziya
dituen meriyo,
arentzako gordia
zenbat amoriyo
biyotzian dakatan
¿nork kontatu diyo?
kalian ikusita
esan dit: “¡Ariyo!”.


7
Berriz ikusitzeko
egingo det modu,
juango diran baño len
ogei ta lau ordu
“¡ariyo!” esaten badit
laister entzungo du:
“¡Nere arratseroko
ametsa, zer modu?”
8
“Ongi nai ta ezin izan”
esango dit anbat,
nik erantzungo diyot:
“Noski besteren bat
izango da, sufritzen
duena zuk ainbat...”
“¿Zein da bada, esazu?”
“¡Zu nai zinduzken bat!”


9
Burlaz esaten dezu:
“¿Nork naico nau ni? ¿nork?
aberatsa ez danik
ez du maite iñork.”
Baña nik orduantxen
erantzungo diyot:
“¡Zoragarriya, naizu
maita gaiten biyok?”
10
Bayetz esaten baldin
badit erdi farrez,
erotu egingo naiz
pozaren indarrez;
ezetz entzuten badet
nere suerte txarrez,
¡itz orrek utziko nau
betiko negarrez!


Doinuak

Pozez ta Bildurrak. Antonio Zabalak Donostiako Lorentioneko Maria Oiartzabali jasoa


Pozez ta Bildurrak. Furundarena (Etxeberria Gimon Ecos de Vasconia 11)


Ikusi:
Donostian: Pio Baroja-ren moldiztegian, 1862’garren urtian. (New Library, Chicago, ta baita ere Bibliothéque Nationale, Paris)..

“Colección de José Manterola” 29’garren orria, eskuz idatzia..

“Bilintx –Neurtitzak eta neurri gabeko itzak”, 1911, Donostia’n, Martín, Mena y Cía’ren etxean. (Euskal Esnalea’k argitara-arazia). Onek eta onen ondorengo argitaraldi guziak bertsoen izenburua aldatu egin diote. Ala diote: Pozez eta bildurrez. Orixe bera gertatzen da beste aldaketa batekin: 5/1: bere jatorriz duen. Au ere Euskal Esnalearen argitaraldiak aldatu egin zun. Seguru asko, “jatorrez” inprentaren ustegabeko okerren bat zalakoan. Ez da ori ola. Bilintxek bein baño geyagotan esaten du “jatorrez”. Nunbait, geroko danak Euskal Esnaleari kopiatzen aritu dira. Onekin naikoa da ta ez degu berriz emango aldaketa auen berririk..

Periodiku puska bat. Antonio Lacunza zana, Tolosa). Ezin somatu ez zein periodiku dan ta ez noizkoa dan..

“Colección de Ramón de Apaolaza, Hernani”: 3/4: ain ondo egiña; 4/3: nork ez arreta jarri; 4/5: bat baño geyago’re; 4/7: ezkutatu artian; 6/7: bidean ikusita; 9/8: ezkon gaiten biyok; 10/3: zoratu egingo naiz..

Aitor Mezo, Lejona. (Bere aita zanak idatzitako kuadernua)..

“Bertsolariya”, Macazaga, Rentería: 4/2: dago Donostiyan..

Bizente Aguirre, Ibarra, eskuz idatzitako kuaderno bat: 1/7: argan pentsamentua; 2/3: zeruben ondotikan; 2/8: gaur gure erriya; 3/2: onek bezin fiña; 4/1: Naiz iturrira joan – naiz joan plazara; 4/4: onen ibillera; 6/5: biotzian daukatanik – nork esandu diyo; 8/2: ainbat; 8/3: nik ere erantzungo – diyot besteren bat; 8/7: zein dan bada esazu; 9/7: maitagarria naizu; 10/3: zoratu egingo naiz; 10/5: ezetz esaten badit – nere zoritxarrez.

Aurrekoaren ertzean aldaketa batzuek idatzita dauzkat. Tolosa’ko Estanislao Urruzola’ren kuadernotik artuak izan bear dute. Auek dira: 1/7: argan pensamentua – datorren guzian; 4/1: Naiz plazara joan edo – berdin iturrira; 4/3: nork ez du erreparatzen; 4/5: amaika baña geyo – gertatutzen dira; 5: Gero eleizatikan – etxeratutzian/txoriak bezelaxe – saltoko bidian/kaliak pasatuaz – pauso ariñian/xutik joango litzake – uraren gañian..

“Bilintxen bertsuak Makazaga’ren irarkolan, Errenderi”: 1/2: dago Donostiyan.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org