Neskatxa bati mutil batek jarriak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Bilintx »  Neskatxa bati mutil batek jarriak

Bilintx



NESKATXA BATI MUTIL BATEK JARRIAK (1)



1
Goguan izango det,
bai, gaurko eguna,
berriro biyok alkar
ikusi deguna:
auxen da ditxa eta
auxen da fortuna,
zergatikan zu zeran,
maitetxo kutuna,
nere asnasia ta
nere osasuna.
2
Egiyazko amoriyoz
nai dizutalako,
zugatik pasatzen det
naigabia franko:
¡orain au poza, bistan
zaukazkitalako!
aspaldiyan ikusi
ez zindutalako,
¡ura bildurra nekan
min zenuelako!


3
Nere biyotzak ¡o zer
poza duen artu!
onen kolpiak ezin
ditut aguantatu,
bere lekutik dabil
nayian faltatu,
kanpora irten ez dedin
biar det kalkatu,
¡gaxuak zuregana
nai luke saltatu!
4
Au nere zoramena
zutzaz gustatuta,
bildur naiz gera nadin
burutik galduta,
ainbesteraño nago
enamoratuta,
nai badezu oñetan
belaunikatuta
adoratuko zaitut,
agindu zazu ta.


5
¡Zer ote da graziyan (2)
norbait erortzia!
zu zerala meriyo
¡ai, au erotzia!
frankotan gertatu zait
gogora etortzia,
kanpantorrian gora
korrika iyotzia,
ta zure alabantzan
kanpanak jotzia.
6
Nik ezin sinistu det
zuk esan dezula,
nere amoriyua
dudan dakazula,
arren, orlakorikan
pentsa ez zazula,
eta nai det seguru
jakin dezazula,
beti bezela zure
mende nakazula.


7
Fiñ nabillen edo ez
ez zaudezen dudan,
ara zer juramentu
egingo dizuran:
ain amoriyo aundiz
nola zu zaituran,
maitatzen baldin badet
besterik sekulan,
ez dezala izan
parterik zeruban.
8
Zure graziyetara
oso zoratua,
biyotza sentitzen det
enamoratua,
ni bizi naizen arte,
baratz loratua,
dizdizara klarozko
izar doratua,
ez zaizu faltatuko
nork adoratua!!


9
Ala dirurizu ta
zaukazkit loretzat,
baratzakuak baño
oraindik obetzat,
¿norentzako zera zu?
¡loria, norentzat!!
ez zenuke izan bear
beste iñorentzat,
¡baizikan biyotzetik
nai dizun onentzat!
10
Lengo egun batian
¡ai, San Antoniyo!
doi doi egin zeniran
kalian ariyo,
badakit, sobra dakit,
zer dala meriyo
errezibitzen nazun
orlako seriyo,
¡zuk asko merezi ta
nik gutxi baliyo!


11
Aguro ezkontzeko
dakat animua,
bakarrik aspertu naiz,
biat arrimua
obran zurekin jarri
nai nuke asmua,
bada, zumo gozo dun
marrubi umua,
zu nere miñarentzat
zera balsamua.
12
Aditzera detanez,
dama begi alai,
zure ondoren dabil
makiña bat galai,
bañan ayetakorik
ez omen dezu nai,
bada ni nai banazu
izan zuk senar-gai,
konformatzen al zeran
esan ez edo bai.


13
Bañan ikusten zaitut
erantzun nai ezik,
bayetzik esan gabe
ain gutxi ezetzik,
orla gelditutzia
egin bage itzik,
ezin pentsa nezake
dala beste gauzik,
senartzako artu nai
ez nazula baizik.
14
Senartzat nai al nazun
egon naiz galdez ta,
ez nazu bayetz esan
ezetz ere ez ta,
ori zuk ez dirazu
nai esan itzez ta,
beste modu batera
baliya zaitez ta,
igual da ematia
kartaz errespuesta.


15
Baldin ez banaitzazu
sartutzen gogora,
ez det asko pasako
erriyan denbora,
paraje abetatik
juango naiz iñora,
egun gutxiren barrun
betiko kanpora,
Buenos Aires’a edo
Montevideo’ra.
16
Au nik diyot :
Ez dakit zer esaten
ziyon errespuestan,
baña nola mutilla
Donotstiyan eztan...
falta zan egunetik
pasa diranetan,
onezkero sartu da,
nere kontuetan,
Montevideo’n edo
Buenos Aires’etan.


Ikusi:
Bilintxen eskuz idatziak..

“Colección de José Manterola”, 28’garren orria, eskuz idatzia..

“Cancionero Vasco - José Manterola, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878”..

Bertso-papera: “Imp. de Vda. de B. Valverde – Irún: 14/2 galdezka. (Gregorio Mujika zanaren bertso bilduma, Donostian)..

“Bilintx - Neurtitzak eta neurri gabeko itzak”, 1911, Donostia’n, Martin, Mena y C.ª’ren etxean, Euskal Esnalea’k argitara-arazia: 5/3, 4: puntu au dana falta du..

“Bertsolariya”, 1932: 5/3, 4: puntu au dana falta du..

“Bilintx’en bertsuak, Makazaga’ren irarkolan, Errenderi”: 5/3, 4: puntu au dana falta du..

“Colección de Ramón de Apaolaza – Hernani”: 11/5: ortan zurekin jarri.

Oharrak:

(1) Bertso auengatik Manterola’k NESCACHA BATI MUT... (está roto el original: es posible que diga): ILL BATEC JARRIAK. (Está escrita de puño y letra de Vilinch: ¿será inédito? (Au bere bertso-bilduman dio).

(Ta bere Cancionero Vasco’n:) “Escrita de puño y letra de su autor en diversas e informes cuartillas que me ha costado trabajo ordenar, y con el título incompleto, pues solo aparecen en el original las palabras Nescacha bati mut... por haberse roto un trozo del papel que lo contenía, he hallado esta composición entre los manuscritos de Vilinch..

Ignoro cuál sea la fecha en que pudo ser escrita, pero el aspecto y el estado de los originales me inclinan a creer cuenta bastantes años de existencia..

...He aquí ya esta producción, inédita hasta hoy:.

Esku artean izan ditugun Bilintxen eskuz idatzietan, orri batean, bertso-sail ontako lenengo amabi bertsoak daude. Manterolak dion bezela, izenburu aldean puskatuta dago; tec eta gero a garbi irakurtzen dira, eta bearbada mutil batek ateriak izango da.

(2) Manterola’k graziyan jartzen du, ta gerok ere ala jarri degu, bañan eskuz idatzietan itz au ere arrapatzen du puskatuta dagon zatiak; g bat aurrean eta an atzean bat atzetik oso garbi irakurtzen dira. Bañan an orren aurretik ez du ematen y dagonik. Neri beintzat geyago iduritzen zait t bat dagola. Eta t baldin bada, zein ote da emengo itza?









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org