Biyotz eritua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Bilintx »  Biyotz eritua

Bilintx



BIYOTZ ERITUA



1
Askok diyote kantetan beti
amore kontu naizela,
nik esaten det arriturikan
motibo gabe daudela;
¡zer egin biat baldin zeruak
doaitu banau orrela!
¿ez dute ikusten usaya mendak
bere jatorrez duela?
nere biyotzak amoriyua
mendak usaya bezela.
2
Triste bizi naiz eta
ilko banitz obe,
badauzkat biyotzian
zenbait atsekabe;
dama bat maitatzen det
bañan... aren jabe
sekulan izateko
esperantza gabe.


3
Nere biyotz gaxua
penatua dago,
ezin egon liteke
¡ai! penatuago;
pasatzen ditutala
aspaldiyan nago
egunak triste eta
gabak tristiago.
4
Amorez eritua
zenbait denbora ontan,
gaurik ez det pasatzen
soseguzko lotan;
penaren kargarekin
urtuta, ¡frankotan
kanpora irteten zait
biyotza malkotan!


5
Auxen da miña laister
il biar naubena,
kupitutzen ez bada
senda lezakena;
ain arkitutzen zaizkit,
sartuak barrena
animan tristura ta
biyotzian pena.
6
Biyotza ezin jaso det,
¡au karga barrenak!,
iya gastatu zaizkit
indarrik geyenak;
ez luke xinistuko
progatu ez duenak,
zenbat pisatzen duen
egiyazko penak.


7
Anima tristurakin
ain dakat negarti,
nun egin al dezaken
arriya bi parti;
adorantzak ematen
¡belauniko beti!
biyotzian daukatan
imajiña bati.
8
Zein ote dan eziñik
kontura erori,
kutiziya jayoko
zayote askori;
nik ordian ez diyot
esango iñori,
berak badaki eta
bastante da ori.


9
Nere maitatua da
guztiz dama fiña,
biyotz onekua ta
ondo itzegiña;
bentaja guztiyakin
zeruak egiña,
mundua pasatzeko
lagun atsegiña.
10
¿Zertako desiatu
ditu gauza on oyek,
nere biyotz koitadu
gixaraxua onek?
kulparen kastigutzat
datozkit pena obek;
merezi ditutala
badakit neronek.


11
Aingeru zoragarri,
mirabe laztana,
pentsamentu nerian
beti zauzkatana;
biyotzaren erditik
maite zaitutana,
zu zera neretzako
nai zinduzketana.
12
Nere amoriyua
ain fiña izanik
beti goguan zauzkat
aztu gabetanik;
ez da mundu guztiyan
iñor kapaz danik,
dama, zu maitatzeko
ainbeste nola nik.


13
Begiyaren aurrian
beti nai zinduzket,
ikusten ez bazaitut
naibagia maiz det;
gogoratu bageko
minuturik ez det,
amoriyoz maitatzen
ez daki nik bestek.
14
Etzaitut ikusitzen
desio ainbeste,
ditxa ori logratzen det
iñoiz edo beste;
eta ez detanian
logratutzia uste,
¡ura triste ibiltzen naiz!
¡Jesus, ura triste!


15
Ezin bizi zu gabe
¡au amoriyua!,
logratzen ez bazaitut
¡zer martiriyua!;
ez badezu desio
nere eriyua,
zuregan arkitzen da
erremeriyua.
16
Erregututzen dizut
¡o Jesusen Ama!,
nitaz kupi derilla
maite detan dama;
biurtzen badirazu
biyotzera kalma,
kantaz banatuko det
milagruen fama.


Bilintx



Donostian: J. Baroja eta semeen moldiztegian.



Doinuak

Biyotz Erituba"Triste bizi naiz eta". Antonio Zabalak Aiako Urdanetako Pedro Artetxeri jasoa.


Biyotz Erituba"Triste bizi naiz eta". Iñaki Eizmendi Basarri


Biyotz Erituba"Triste bizi naiz eta". Antonio Zabalak Oiartzungo Koxme Lizaso bertsolariari jasoa


Biyotz Erituba"Triste bizi naiz eta". Antonio Zabalak jasoa


Biyotz Erituba"Triste bizi naiz eta". Manuel Zendoia. (Etxeberria Gimon Ecos de Vasconia 8)


Ikusi:
Bertso-papera: Donostian: J. Baroja eta semeen moldiztegian. (Antonio Arrillaga zana, Elgoibar) (Au da arkitu degun argitaraldirik zarrena; ontaz baliatu gera)..

Makinaz idatzitako paper bat. (Juan Iturralde, “Juanito Kojua”, Donostia) (Onek aurrekoari kopiatzen dio)..

“Bilintx - Neurtitzak eta neurri gabeko itzak” 1911, Donostia’n, Martin, Mena ta C.ª’ren etxean, Euskal Esnalea’k argitara-arazia: 1/3: beti orrela daudela; 1/6: doaitu banau onela; 2/5: dama bat mintzatzen det; 7/5: maitasunak ematen; 8/8: naikoa det ori; 9/1: Nik maite detana da.; 10/3: nere biyotz dontsua; 12/6: iñor gauza danik; 13/4: naigabia maiz det..

“Colección de Ramón de Apaolaza - Hernani” (Makinaz idatzia dago: Lenengo bertsoa ez du; 3/2: penaturik dagu; 4/7: biyotza irteten zait - kanpora malkotan; 6/3: iya bukatu zaizkit; 8/5 nik ordea ez diyot; 8/8: naikoa det ori; 9/7: munduan izateko; 10/5: kulparen kargarekin; 13/4: naigabia maiz det; 13/5 gogoratu gabeko; 14/7: ura triste egoten naiz: 15/3: ez bazaitut logratzen; 16/7: kantuz banatuko det..

“Bertsolariya, 194’garren orrialdea”: (Onek Euskal Esnalea’koari kopiatu dio; aldaketa ber berak ditu ta beste au: 13/5: gogoratu gabeko..

“Bilintx’en bertsuak, Makazaga’ren irarkolan, Errenderi” . (Bertsolariya bezelaxe)..

Ariztimuño zanaren bertso-bilduma, Elizondo’n. 1933’garren urtean bildua, biltzalea Etxeberria’tar Bitori, (makinaz idatzia.): Lenengo bertsoa. ez du; 2/8: esperantzik gabe; 3/3: ezin egon baiteke; 4/5: penarekin kargarekin; 4/7: kanpora ateratzen zait; 5/3: kupitutzen bazait; 6/1: Biotza ezin posa det - an karga barrenak; 7/1: Anima triste zaigu; 7/3: non egiña dezake - arriya bi parte; 8/3: gutizia yayoko - lezayoke ari; 9/4: ongi itzegiña; 9/6: zerurako egiña; 9/7: munduan pasatzeko; 13/6: momenturik ez det; 14/2: desio ainbertze; 14/3: ditxo ori logratzen den - iñoiz edo bertze; 16/7: kantaz famatuko det - Milagrosaren fama..

Andres Ezenarro “Urzelai” zanaren eskuz-idatzitako bertso bilduman, Plazentzia: Bigarrena bakarrik dakar ta era ontara; 2/3: mundu ontan baditut - ai zenbat naigabe/maite bat maitatzen dut - baña ni aren jabe/sekula izango nai zen... (Jaun au Irundarra zan jayotzez).







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org